Maiatzeko bertako produktuen azoka berezia hilaren 4an izango da. Bertako eta garaian garaiko barazki ugari erosteko aukera izango dute hara gerturatzen diren erosleek. Beste barazki batzuen artean azak, azaloreak, lonbardak, brokoliak, romaneskuak, zerbak, ziazerbak, porruak eta eskarolak. Barazkiez gain, ohi bezala eztia, gazta, gozoak, haziak, loreak, ogia eta txerrikia ere izango dira salgai. Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka ere banatuko da azokako erosleen artean.

Tailerraren atalean, 11:30etik aurrera  elikadura eta osasunarekin zerikusia duen gaia landuko da, izan ere, gosari eta askari osasuntsuak egiteko aholkuak emango dizkigute Garbiñe Etxaniz eta Eluska Gonzalez adituek. Azoka girotzeko, egitarauan Loinatz Musika Eskolako trikitilariak eta panderojoleak  izango dira azokan eta herriko kaleetan.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.           

11:30  "Gosari eta askari osasuntsuak" tailerra Garbiñe Etxaniz eta Eluska Gonzalezen eskutik.

12:00  Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.

13:30  Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean..

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera. 

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela ia bi urte pasatxo Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berria da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana  balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitarau antolatzen da hilero.