Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatuta, Iban Mate sukaldariak gidatuko du dastaketa eta horretarako Plazape tabernan izena doan eman ahalko da

Hilabete honetako barazki berriak kalabaza, porruak, brokolia, azelgak, aza eta kale azak izango dira eta erosketak egiten dituztenei azokako erosketa-poltsa oparituko zaie

Udazken giroz dator hilabete honetako bertako produktuen hileroko azoka. Urriaren 6an izango da eta garaian garaiko produktuei protagonismoa emanez hilabete honetarako prestatu den ekintza bereziak odolkia izango du protagonista. Beasaingo odolkiaren kofradiak antolatuta azaroko odolki lehiaketa eta dastaketaren atarian, 11:00etatik aurrera Beasaingo Odolki Kofradiak antolatutako odolki dastaketa gidatua izango da, Iban Materen eskutik. Odolkia dastatzeko modua eta zaporean zeri erreparatu erakutsiko du. Izenematea edonori irekia eta doakoa da eta Plazape tabernan egin beharko da.

Iazko odolki dastaketa gidatuaIazko odolki dastaketa gidatua

Bestalde, hilabete honetako bertako barazki berriak kalabaza, porruak, brokolia azelgak, aza eta kale azak izango dira. Barazkiak ez ezik beste zenbait produktu ere erosteko aukera izango da azoka honetan: eztia, gazta, loreak, ogia, ardi esnea, haziak, tartak eta arrain kontserbak. Eta produktu hauek etxera eraman ahal izateko erosketa poltsak emango zaizkie erosketak egindako guztiei.

Duela urte eta erdi Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berri honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatu da. Urriaren 6ko azokarako antolatu dena hauxe da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.

11:00 Odolki dastaketa gidatua Iban Materen eskutik. Antolatzaileak: Beasaingo Kofradia eta Plazape taberna. Izena ematea doan: Plazape taberna

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte. Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.     

13:30 Azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.