Zortzigarren urtez jarraian, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko Udalek elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian jarri dute

Helburu nagusia urtez urte errenta aitorpena herritar gehiagok euskaraz egitea da

Euskara eta bere erabilera esparru gehiagotara zabaltzeko nahiari eutsiz jarraitzen du Beasaingo Udalak eta oraingo honetan 2009an abian jarritako egitasmoarekin jarraituz aurkeztu dute hiru Udaletako ordezkariek errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina.

Lazkaoko Udalaren izenean Xabier Arrasate, Ordiziatik Jose Ignacio Iturrioz eta Beasaindik Leire Artola izan dira kanpainaren xehetasunak agertzen. Orohar, 2009az geroztik urtero egiten den kanpaina da, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.

Kanpaina honen baitan, etxez etxe esku-orriak banatu dira eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira edonoren eskura. Horrekin batera, Udaletako Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko joera handitzen joan da. Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak  urtez-urte:

Urtea

Beasain

Ordizia

Lazkao

2009

8,37

8,29

15,52

2010

9,77

11,79

16,55

2011

11,42

13,49

19,24

2012

13,50

14,89

22,15

2013

14,44

16,73

23,76

2014

15,60

17,10

25,61

2015

17,49

18,19

27,01

2016 17,87 18,54 27,88

2017 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 23an hasi eta ekainaren 30ean amaituko da, baina apirilaren 16tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi bada, apirilaren 23tik aurrera egin ahal izango da.

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  1. Autolikidazio proposamena
  2. Mekanizatua
  3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela ere,  ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi dela esan besterik ez da egin behar. Nola?

Autolikidazio proposamena 

Proposamena eta gutuna ele biz jasoko da eta onartzeko garaian, euskaraz nahi dela esatea baino ez dago. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi direla esan behar da.  Horrez gain, aitorpena egitera joatean, agiria euskaraz ematea nahi dela esan.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi dela. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, bakoitzak hizkuntza hautatzeko duen aukeraz baliatzea. Beraz, egin euskararen aldeko aukera.

Kanpainaren pdf esku orria (2.45 MB)