Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

LOHITZUNE IGLESIAS ANUNTZIBAI

F Maila Prosa 3. saria
Kaixo, ni Lohitzune Iglesias naiz. Beasainen bizi naiz eta 9 urte ditut. Nire zaletasunak abestea, biolina jotzea, antzeztea, dantzatzea, lagunekin jolastea… dira. Etorkizunean pediatra izan nahi dut, haurrak sendatzea gustatuko litzaidakelako.
LOHITZUNE IGLESIAS ANUNTZIBAI

AMONA ETA OSTADARRA

 

Orain kontatuko dizuedan istorioa duela bost urte gertatu zitzaidan. Orduan, zortzi urte nituen eta ostadarra oso gertutik ezagutu nuen.

Nire burua aurkezten hasiko naiz: ni Ereintza naiz, hamahiru urte ditut eta begi urdinak dituen neska alai bat naiz.

Nire amonaren baserrian nengoen, neguko arratsalde polit bat zen. Berak orduan hirurogeita hamabost urte zituen, baina egia esan oso gustura egoten nintzen berarekin berriketan… Hain zen dibertigarria! Baina, tira, jarrai dezagun istorioarekin.

Aurrez esan bezala, negua zen eta amona Lorearekin txokolate bero bat hartzen ari nintzen udako oporretan zer egin behar genuen hitz egiten ari ginen bitartean.

Halako batean, amona gaizki sentitzen hasi zen eta nire amak bizkor- bizkor ospitalera eraman zuen.

Gogoan dut bi egun igaro zituela bertan, baita gurekin gehiago egongo ez zela esan zidaten arratsalde euritsu hori. Egia esatea nahi baduzue, gurasoek horrenbeste azalpen emanda ere, nik ez nuen oso ondo ulertzen itzuliko ez zela esaten zidatenean. Nire ustean, helduek horrelakoetan, ez dute garbi hitz egiten.

Amona agurtu genuen zuhaitz baten inguruan, eta bukatzean nire ama inoiz jaso dudan oparirik bitxiena ematera gerturatu zen:

-Tori maitea, amonak eman zidan zuretzako ospitalean zegoen bitartean-esan zidan ahots goxoaz.

Kaxa txiki bat zen, baina momentuan ireki beharrean poltsikoan gorde nuen etxera iritsitakoan irekitzeko asmoz.

Egun osoa etxetik kanpo pasatu genuen lehengusuekin jolasean. Amona ez zegoelako arraro xamar sentitzen banintzen ere, ondo pasa nuen.

Azkenik, iritsi zen etxera joateko ordua; egia esan, irrikaz nengoen kaxa irekitzeko.

Gau hartan, amonak egindako kroketak afaldu genituen eta oso goxoak zeuden... Pentsa! Amatxori galdetu nion ea errezeta gordeta zuen.

Ohera joateko ordua iritsi zenean, tristura handia sentitu nuen barrenean… Eta, ezin nuen lorik hartu.

Halako batean, amak emandako kaxaz gogoratu nintzen eta korrika batean irekitzera joan nintzen. Ireki eta... Hara! Amona eta nire argazkia zeraman lepoko eder bat zen. Segituan, jantzi eta lasai hartu nuen lo. Gauerdian, ordea, esnatu egin nintzen amonarekin amets egin nuelako. Eta orduan… Sinistea zaila bada ere, lepokoa bero- bero sentitu nuen. 

Hurrengo egunean, gosaltzen ari nintzen bitartean, ideia bat bururatu zitzaidan, uste bainuen  amonak mezu bat zuela niretzako.

Ikastolara joateko ordua iritsi zenean, gurasoei gezur txiki bat esan eta Ikastolara joan beharrean, basorantz abiatu nintzen. 

Gurasoek inoiz ez zidaten uzten basora joaten baina nik, amonak esan nahi zidan mezu horrekin kezkatuta jarraitzen nuen.

Amonaren baserria parean nuela, sartzea erabaki nuen. Oraindik dena bere lekuan zegoen. Besterik gabe, bila jarraitu nuen.

Basoan nenbilela, euria hasi zen baina, hala ere aurrerantz abiatu nintzen.

Baina bat-batean...Zap! Lepokoa zuhaitz batean loturik gelditu eta lurrera erori nintzen. Ez nuen minik hartu baina orduan Enbortxo azaldu zen, amonaren txakur maitagarria. Bera ikustearekin batera, negar batean hasi nintzen. Hainbeste oroitzapen sentitu nituen! Besarkada ikaragarri bat eman nion eta halako batean, lainoen artetik, eguzkia irteten hasi zen. Handik gutxira, nire lepokotik ostadar koloretsu bat ateratzen hasi zen eta jarraian, amona Lorearen ahots goxoa entzun nuen:

-Kaixo Ereintza maitea, hemen egongo naiz, beti, zure aldamenean. Aholkutxo bat emango dizut: ez egon iraganari begira, oraina bizi eta horrela, zoriontsu izango zara.

 

Eta hemen nago, bost urte geroago, amonaren aholkua jarraituz, zoriontsua izaten. Eta zuek ere, amona Lorearen aholkua jarraitu eta ekin oraina bizitzeari! GOZATU BIZITZA!!!