Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

ELENE GONZALEZ ARANBURU

D Maila Prosa 2. saria
Kaixo, ni Elene naiz, Andramendi ikastolako DBH2ko ikaslea. Orain 13 urte ditut eta beasaindarra naiz. Idaztea, kirola egitea eta bidaiatzea gustatzen zait. Ilusio handia egin dit ipuin lehiaketa hau irabazteak, oso gustuko dudan zerbait delako.
ELENE GONZALEZ ARANBURU

HALLO NUWE LEWE

 

2023ko ekainaren 12a, astelehena

 

Hallo! Nire izena Bongani da. 14 urte ditut eta nire amarekin bizi naiz Dajlan, Mendebaldeko Saharan, Tindufeko herrialde batean. Ama eta biok bakarrik bizi gara 2010ean aita matxinada batean zendu zenetik. 

 

Ez dakizuenontzat, 1976ean Marokok gure lurrak okupatu zituen. Ordudanik Argeliako lurretan bizi gara, errefuxiatuen kanpamendu batzuetan nahiko baldintza gogorretan. 

 

Bihar Euskal Herrira abiatuko naiz, Bermeo izeneko herri batera. Nire bigarren familiarekin uda berri bat pasatzera. Luxu handia da niretzat, asko eskertzen ditugu horrelako aukerak baldintza gogorretan bizi garenok, mundu berri bat ezagutzeko aukera hauek eduki ahal izatea.

 

Uda zoragarri bat aurretik edukitzeak, ez du ama bakarrik uzteak sortzen didan tristura desagertzen, ordea. Biok oso harreman berezia dugu, aitarena gertatu zenetik. Nik ia ez dut nire aitaren oroitzapen errealik, oso txikia bainintzen hil zenean.  Baina bere oroimenak gugan iraunarazi dela ziurtatu izan dit amak, egunero hitz egin dit aitaren inguruan, nola sinesten zuen gure herrian eta bere ideietan eta nola era baketsuan defendatzen zituen. 



2023ko ekainaren 13a, asteartea

 

Gaur da eguna, bagoaz. Hegazkin batean nago nire egoera berean dauden beste 75 haurrekin batera. Ama agurtzea oso gogorra egin zait, geroz eta gogorragoa esango nuke. Nire desioa egunen batean hegaldi hau biok batera egitea da, Euskal Herrian amak eta biok bizitza berri bati hasiera emateko. Badakit zaila dela, Euskal Herria nire kanpamendutik oso urruti dagoelako, baina ametsak amets dira. Nik ere, aitak eta amak bezala, maite dut gure herria. Horregatik aitaren pausoak jarraituz gure herria defendatzea gustatuko litzaidake, Europan zehar injustizia hau salatuz. 

 

Bost orduko bidaiaren ostean, Bilboko aireportura iritsi naiz. Oso atsegina da Koldo eta Edurnerekin denbora pasatzea, bikote maitagarria da eta asko arduratzen dira nitaz. Ez bakarrik udako hilabete hauetan, urte osoan zehar egoten dira nire gain.  Kotxeruntz goazen heinean sorpresa handi bat dutela esan didate: kotxean sartu eta… atzekaldean soinu bat entzun dut!  Anaia berri bat! Manex du izena. Bere bi begi urdinak ireki-irekita begiratu dit eta irribarre batek ihes egin dio. Elkar ezagutu berri dugu eta jada asko maite dut. Eta berak ere badakit maite nauela.



2023ko ekainaren 19a, astelehena

 

Beti dut ama gogoan, baina are gehiago Euskal Herrian nagoen bitartean. Dajlan ditugun kanpamenduetan tentsio giroan bizi gara eta horrek kezkatzen nau. Nire aita gure herrialdearen alde borrokatu zuelako hil zen zamalkada hartan, baina bera ez da horrela amaitu zuen bakarra. 

 

Gaur egun ere errefuxiatu askok aurkitzen du heriotza gure herriaren aldeko borroka honetan… Euskal Herrira uda pasatzera etorritako ume asko gurasorik gabe bizi dira eta amari zerbait gerta dakiokeela pentsatzeak asko kezkatzen nau. 



2023ko uztailaren 1a, larunbata

 

Gaur sendagilearekin txanda daukat. Guretzat hori ez da ohikoa den zerbait.  Udaran zehar, hemen nagoen bitartean, kontsulta ugari izaten ditut, pediatrarekin, dentistarekin, okulistarekin…

 

Oso garrantzitsua da guretzat aukera hau izatea urtean zehar osasun ona dugula bermatzeko. Kanpamenduan bizi diren ume askok gaixotasunak dituzte elikadura eta bizi baldintza eskasen ondorioz. Duela bi udara horrelako errebisio batean betaurrekoak behar nituela esan zidaten eta orduztik nire irakurketa eta idazketarako zaletasuna areagotu egin da. Betaurrekoak jarri zizkidaten eta orain irakurtzeak ez dit esfortzu handi bat suposatzen. Horri esker orain irakurtzen ari zaren eguneroko hau idazten dut. 



2023ko uztailaren 4a, asteartea

 

Badoaz egunak aurrera. Ez dut nire amaren informaziorik jaso azken bost egunetan; lanpetua dagoela esan dit Edurnek. Bere aurpegia ikusita badakit esan nahi ez didan zerbait dagoela, izan ere, larritasuna nabarmendu dut bere begietan. Ni ez arduratu nahian, zerbait ezkutatzen didatenaren susmoa dut. 

 

Arratsaldean Manex eta Edurnerekin igerilekura noa. Uretan ibiltzea asko gustatzen zait, askatasun sentsazio hori paregabea da.



2023ko uztailaren 5a, asteazkena

 

Gaurko eguna ez dut sekula ahaztuko, egun beltza izan da. Egunero bezala, goiz esnatu naiz eta gosaltzen nuen bitartean irratia piztu dut.

 

“Gaur beste matxinada handi bat egon da Dajlako kanpamenduan. Bigarren gertarakia azken astean. Berrehun hildako inguru egon direla diote jaso ditugun azken berriek eta bertan bizi diren familia guztiak Auserdeko kanpamenduetara mugitu dira! Gure Euskadi Irratiko berriemailea tokira noiz iritsiko zain gaude informazio zuzena jasotzeko” - esan du irratiko esatariak. Denbora luze bat bat egon naiz nire pentsamenduetan ezin erreakzionatu. Hotzikara handi batek astindu nau, eta beldurrak blokeatuta utzi nau. Agian ez dut ondo ulertu esandakoa, posible da gaizki entzun izana. Edurne eta Koldoren logelara joan naiz isilpean. Beraien ohe hertzen eseri naiz, hitz bat artikulatu ezinda. Edurnek ikusi nauenean berehala ohean eseri da, nire aurpegian kezka nabaritu du. 

 

-Irra… irratian matxinada berri bati buruz hitz egin dute- esan diot totelka

 

Ohetik irten eta besarkatu egin nau bere besoetan sukaldera eramanez.

 

- Ez zintugun larritu nahi behin betiko informazioa izan arte laztana. Ez dugu amaren inguruko informaziorik duela hiru egunetik. Matxinada lehertu zenean ikusi zuten azken aldiz…    

 

Bere ahotsa urruntzen doa… Ametsetan egongo ote naiz? Nire gelara joan naiz korrika, eta maleta prestatzen hasi naiz. Dajlara joan behar naiz lehenbailehen, ama ikusteko beharra dut. Edurne eta Koldo gelan sartu eta besarkada handi bat eman didate. Maleta eskuetatik kendu eta ohean eseri gaitezen eskatu didate. Enbaxadan hitzordua dutela esan didate eta ostean informazio gehiago izango dugula ziurrenik. 



2023ko uztailaren 18a, asteartea

 

Azken egunetan ez naiz hitz bat idazteko gai izan. Amaren istorioak eman zitekeen emaitzarik okerrena izan zuen. Enbaxadan hildakoen zerrenda bat zuten eta amaren izena bertan zegoen. Nire bizitza bat-batean gelditu da. Bakardade handi batek hartu nau. Koldok eta Edurnek, egoerak ahalbidetzen duenean Saharara joango garela zin egin didate. Eta bertan, amari merezi zuen agurra egingo diogu. Bitartean nire adopzioa eskatzeko beharrezko izapideak egiten ari dira. Luzaroan hitz egin dugu honen inguruan. Ez dut familia zuzenik inon, bizitza krudela izan da nirekin zentzu horretan.  Geratzen zaidan familia bakarra Euskal Herrian daukadana da. 

 

Zoritxar honek bizi berri bat ekiteari behartu nau. Kaixo bizitza berria. Hallo nuwe lewe.