Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

IZADI FURUNDARENA AGIRRE

D Maila Prosa aipamen saria
Izadi Furundarena Agirren naiz, 14 urte ditut eta Beasiango Ikastolan DBH2.mailan nabil. Dantza, musika, abestea...ikaragarri gustatzen zaizkit eta denbora librean lagunekin egotearekin batera egiten ditudan ekintzak dira. Kulturaz gozatzea asko gustatzen zait eta horrekin gozatzen dut.
IZADI FURUNDARENA AGIRRE

EUSKARA DBH 1-C

 

Nire izena Ane da eta 48 urte ditut. Duela hogeita bat urtetik hona euskarako irakasle lanetan nabil hainbat institututan. Baina aurtengo ikasturtea ez dut sekula ahaztuko, urteak pasa arren beti gogoan izango dut 2023-2024. ikasturtea. 

 

Azken zortzi urteak Arabako institutu batean pasa ditut irakasle moduan lanean, nahiago dut izena ez aipatu, badakizue “pribatutasuna” gorde behar dela eta…oraindik ez dut burua prest denen aurrean aurpegia emateko.

 

Ikasturtea betiko moduan hasi genuen, irakasleok irailaren 1ean hortxe geunden denok zintzo, irakasle gelan bilduta, ikasleen zerrenda begiratu, iaztik ezagunak nortzuk genituen, berririk izango ote genuen…urteroko galdera eta lehen egunetako urduritasunak, badakizue.

 

Ikasleak indartsu etorri ziren irailaren zortzian, urduri, baina lagunekin besarkadak eman eta udako abenturak kontatzeko gogoz. Lehen orduetan beraien tutoreekin elkartu ziren geletan eta goiza aurrera joan ahala ikasturte berriko irakasleak ere ezagutu zituzten. Eguna horrela amaitu zen, beste urteen pare, urduritasunak gainditu eta konturatzerako ikasturtean murgilduta ginen guztiok. 

 

DBH1en hiru gela nituen Euskara emateko. A zenbakira gustura sartzen nintzen goizero, talde ederra hura! Jatorrak, parte-hartzen zutenak eta euskara ere ahoz aho erabiltzen zuen taldea, erraza zen bertan ikasgaia ematea. B taldea mugitu xamarra zen, saioa hitz eta pitz pasatzen zuten, baina tonua altxaz gero segituan isiltzen ziren. Lana egitea askorik gustatzen ez bazitzaien ere  bultzadatxo bat eman eta aurrera egiten zuten, erronka polita irakasle batentzat, inondik ere. C taldea zen hortik honakoa, euskara zer zen ere juxtu-juxtu zekitela esango nuke, edo itxura hori ematen zuten behintzat. 

 

Lehen hilabetean poliki-poliki elkar ezagutzen joan eta martxa hartua genuen hilaren amaierarako. Urriaren batean ikasle berri bat etorri zen DBH1eko C gelara. Martin. Irungo ikastetxe batetik omen zetorren, gurasoek lantegia aldatu eta herriz aldatzea erabaki omen zuten. Gelan sartu zen lehen minututik gela osoa aztoratu zuen, ez zen isildu ere egiten eta esaldi guztietan zeukan iraintzeko hitzen bat, berdin irakasleari edo gelakideren bati, inongo mugarik gabe.   

 

Nik oso gaizki pasatzen nuen saioetan, saiatzen nintzen ariketa desberdinak proposatzen, talde-lanak, Kahootak, bideoak… Baina azkenerako, ideiak ere agortuta nituen. Egunero genuen iskanbilaren bat gelan. Goiz batean, gelako neska bat etorri zitzaidan negarrez, Martinek txintxeta bat jarri ziola aulkian eta min hartu zuela esanez eta hamar minutuan, beste gelakide bat gerturatu zen irakasle gelara, Martinek aurkeztu behar zuen lana kendu eta  hamar zatitan puskatuta komuneko zulora bota ziola.

Gertaera horiekin etxera bidali zen egun batzuetarako, baina ez zen soluzioa izan. Bueltan etorriko zen eta oraindik ere harroago, pilak ongi kargatuta. Mutiko horrek ez zuen irtenbiderik eta horrela jarraitzen  bazuen oso gaizki bukatuko zuen bai lagunekin, baita irakasle eta gurasoekin ere. Nahi zuena egiten zuen eta bost axola zitzaion besteak nola sentitzen ziren, hori zirudien behintzat. 

 

Irakasleok zer neurri hartu pentsatzen hasiak ginen, ez zen erraza ordea. Zergatik egiten ote zuen egiten zuen guztia? Benetan ongi pasako zuen horrelako ekintzak eginez? Ez dut uste…

 

Urtarrilaren 12a izan zen mugarria, gelara sartu eta ikasle guztiak mahai-azpian zeuden ezkutatua. Ez nekien zer geratzen zen, ingurura begiratu eta han zegoen Martin arbelaren ondoan, labana bat eskuan zuela. Sekulako sustoa hartu nuen eta ez nekien zer egin. Saiatu nintzen berarekin hitz egiten ea  lasaitzen zen, baina ez zuen ezer entzun nahi. Gelakideei irteten uzteko eskatu nion behin eta berriz, ni geratuko nintzela berarekin. Halako batean, aurpegira begiratu zidan eta baietz egin zuen buruarekin. Lehen ikaslea mahai azpitik urduri irten zen, baina atea gurutzatu bezain laster denak ziztu bizian irten ziren. 

 

Ikasleak gelatik irten eta zuzenean irakasle gelara joan ziren, gelan gertatzen ari zenaz ohartarazi eta Ertzaintzara deitu zuen zuzendariak. Ikastetxe guztia hustu zuten, eta denak atarira atera ziren urduri. Zuzendaria DBH-1Ckoen gelara hurbildu zen, atea irekita zegoen eta nik lasai uzteko eskatu nion, Martinek bere besoaz labanarekin lepotik heltzen zidan bitartean. Zuzendariak, hoberako izango zen esperantzarekin Ertzaintza bidean zetorrela esan zion Martini eta hobe zuela ni askatzea. Hori entzutearekin batera Martin oso urduri jarri zen, lepoa gogor gero eta indar handiagoz estutzen zidan eta ez nuen labana gainetik kentzea lortzen. 

 

Halako batean, sirena hotsak entzun ziren eta Martin bere onetik irten zen erabat, eta leiho aldera gerturatu zen. Nik gelditzeko esan nion baina alferrik, leihotik behera salto egin zuen. Lehen solairua zen eta orkatilan bihurritu bat baino ez zuen egin, bertan Ertzaintzak harrapatu eta atxilotu egin zuen. Handik adin txikikoen zentrura eraman zuten eta oraindik ez dakit zenbat denboraz egon beharko duen bertan. 

 

Geroztik, institutura gerturatzen naizen bakoitzean hankak dardarka hasten zaizkit eta momentuz, nire irakasle lanak bertan behera uztea erabaki dut. Orain, horrelako abentura batean ondoren, fikziozko nobelak idazteari ekin diot.