NAIA YABAR AVILA
EZIN IHES EGIN
Nereak lagun gutxi zituen, nahiko bakartia eta zintzotzat zuen bere burua. Txikitatik zuen txakurrarekin ibiltzea maite zuen. “Panpox” bere benetako laguna zen, ez animalia soil bat. Logelan musika jarri eta “Panpoxekin” jolastea ametsa iruditzen zitzaion.
Irailaren 6an, ordea, iratzargailuak indarrez jo zuen Nerearen logelan. Ohetik altxa eta jantzi egin zen. Bere etxeko eskailerak jaitsi eta gosaria prestatzeari ekin zion. Tripa bete ondoren, hortzak garbitu eta bere logelara bueltatu zen. Liburu bat irakurtzen hasi zen.
Konturatzerako bazkaltzeko ordua iritsi zen. Zerbait jan ondoren kalera atera zen “Panpoxekin” buelta bat ematera. Han, kalean, parkearen ertzean neska bat ikusi zuen. Hura ere txakur batekin zegoen. “Panpox” beste txakurrarengana hurbildu zen, eta jarraian Nerea eta neska hura hizketan hasi ziren. Eroso sentitu zen oso, gutxitan bezala. Agurtzerako unea iritsi zenean elkarren telefonoak trukatu zituzten.
Denborak aurrera egin ahala lagun onak bihurtu ziren. Eskola desberdinetara joaten baziren ere, etxera iritsi eta txakurraren aitzakian parke aldera joan ohi zen beti, eta hutsik egin gabe, han egon ohi zen beti dagoeneko bere lagun bihurtu zen Mireia.
Gurasoak harrituta zeuden Nereak lagun harekin egoteko zuen gogoarekin. Ez zeuden horrelakoetara ohituta eta arrotza iruditzen zitzaien. Hala ere, asko poztu ziren alabaren aurrerapenak ikusita. Nereak ezin zuen orain arte bezala jarraitu. Liburuak irakurtzea ongi dago, baita txakurrak maitatzea ere, baina bere adineko neskekin egotea ere beharrezkoa zela sinesten zuten gurasoek.
Neguko egun batean, eskolatik bueltan, “Panpoxekin” parkera joan zen Nerea. Ez zuen, baina, bere lagunaren arrastorik sumatu. Etxera triste bueltatu zen, baina hari telefonoz deitzea erabaki zuen. Erantzunik ez. Hurrengo egunean Mireiaren eskolara hurbildu zen beretaz galdetzera. Berririk ez, ez omen zen eskolara joan egun hartan. Etxeko txirrina ere jo zion. Erantzunik ez.
Nereari mundua gainera etorri zitzaion. Hala ere, eskola amaitutakoan etxera joan, “Panpox” hartu eta parkera abiatu zen. Han urrutian, Mireia ez zen neska bat ikusi zuen bi txakurrekin paseoan. Nereak bakardadea sentitu zuen berriro ere, eta bihotzean eztenkada.
-Kaixo! Zein txakur polita! Nola du izena? Hara! Kixkur? Eta zuk? Ni Nerea naiz. Urte askotan, Paola! Elkarrekin paseatuko ditugu? Nire telefonoa emango dizut badazpada.
Irribarre egin zuen neskak. Nereak bazekien, ordea, sorgin-gurpilean laister Paola ere desagertuko zela bere albotik. Bakardadeak berarentzat nahi zuen Nerea nonbait. Ezin hari ihes egin.
Nerea eta Paola hitz egiten egon ziren arratsalde osoan zehar. Beraien bizitzetaz egon ziren hitz egiten. Nereak Mireiarekin gertatu zitzaiona kontatu zion, eta Paola erabat harrituta gelditu zen. Hasieran ezin zuen sinetsi, izan ere, Paolari berdina gertatu zitzaion duela urte batzuk. Baina hori gertatu zitzaionean Paolak ez zuen kontuan hartu gertatu zitzaiona, ez zion garrantzia handirik eman. Nereak Paolari eskatu zion, mesedez, zehatz mehatz konta ziezaion duela urte batzuk gertatu zitzaiona. Paolak oroitzapenak argi zituen, eta memorian gordeta zituen ekintzak azaldu zizkion. Segituan ohartu zen Nerea bere istorioaren antzekoa zela Paola esaten ari zitzaiona. Hain zuzen ere, kontatu zion lagun berri bat ezagutu zuela parkean, eta segituan hasi zirela elkarrekin gelditzen, laguntasun harreman bat sortzen.
Zalantzaz josita bazegoen ere, pentsamendu horiek aldendu egin zituen Nereak, ez zuen gai horrekin tematu nahi. Baina, halako batean, parkera zihoala ez zuen Paola topatu. Ez zegoen ez Paola ezta haren bi txakurren arrastorik ere. Ezin zuen sinetsi. Ezinezkoa izan zen Mireiarekin bizitako egoera ez burura ekartzea, baina oraingoan prozesu osoa bakarrik pasako zuela erabaki zuen. Gurasoek ez zuten Paolaren berri, eta ia-ia hobe zela pentsatu zuen, hala ez zuen azalpenik eman beharko. Etxea bihurtu zen bere gotorleku, Nerearen babesleku. Eskerrak “Panpox” ere bere alboan zuela, hark bai ez zuela bakarrik inoiz utziko. Aurrera egin behar zuela erabaki zuen, eta txakurrarekin berriz ere parkerantz abiatu zen. Eta han, urrutian, neska bat ikusi zuen bi txakurrekin, baina oraingo honetan ez gerturatzea erabaki zuen Nereak.