KIMETZ FURUNDARENA AGIRRE
NIRE BIZITZA
Doinua: Amodioa gauza tristea
Jaio-berritan jada banuen
gorputz oso berezia,
ezkerraldeko esku ta hanka
itxurak adierazia.
Bizkarrezurra okerra eta
biriketan ahulezia,
entzumen txarra, beraz ezpainak
irakurtzen trebezia
dena arazo nuen txikitan,
hori zen nire bizia.
Txikia nintzen garai haietan,
zenbat denbora kanpoan!
Erietxetik erietxera
zenbat etorri ta joan…
Ebakuntza bat, gero beste bat,
hobetzeko esperoan,
tututxo bati lotuta ere
egon nintzen luzaroan,
nire bizitza egon izan da
heriotzaren ondoan.
Bizkarrezurra tente jartzeko
ebakuntzaren aurrean,
zortzi urtekin sartu ninduten
gela berde-hotz batean.
Ebakuntza hark soka luzea
ekarri zuen ostean,
mediku batek hanka sartzea
gorde zuen isilpean,
lehen nituen hainbat gaitasun
galdu nituen airean.
Jendea asko hunkitu ohi da
jakin ondoren hau dena,
begiradetan sentitu ditzaket
errukia eta pena.
Bada ordea beste mezu bat
nik eman nahi nukeena:
Mundu honetan jende asko da
arazoak dituena,
eta arazo hoien artean
nirea ez da txarrena.