AIORA JAUREGI PAGALDAY
(IN)PERFEKZIOAK
Goizeroko txorien txorrotxioek
haize ufadekin bat egin dute
armonian
kadentzia perfektuan.
Gauero legez
hontzak kantari dihardu
ilargiaren isladapeko uluak,
iluntasunaren distira.
Perfekzioaren munduan murgiltzean,
dena da errealitate faltsua.
Pasteltxoen gisa jaten ditugun gezurrak
gizartearen azpijokoa.
Zure etxeko lorategian egongo banintz
zuretzat tximeletak
niretzat zomorroak
ni naiz larrosen arteko lore ihartua.
Ostadarraren zazpi koloreek
egun goibela koloreztatu dute.
Zazpi kolore,
sentimentu,
bizipen
banan banan kontatu ditut
zergatik zazpi?
Bada, ni naizelako zortzigarrena.
Perfekzio inperfektua.
Ez naizena adieraztearen saiakera.
Inperfekzio perfektua.
Benetan naizena erakustearen beldur.
Sarritan behar dugu
bien arteko oreka bilatu
zeren,
inperfekzioz beterik
naiz ni perfektu.