Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

JUNE ANZA AUZMENDI

A Maila Prosa aipamen saria
June Anza Auzmendi naiz eta ataundarra naiz. Batxi 2ko ikaslea naiz San Benito Ikastolan. Nire zaletasunei begira, irakurtzea eta idaztea oso gustuko ditut eta baita musika entzutea ere.

ERABAKIEN ARTEAN

Ilunabarreko eguzki argia gelako leiho erdi irekian zehar sartzen da, gela urre kolorez dindatzen duen argi bat da. Ohean eserita nago, eskuak dardarka ditut, haurduntza proba eusten dudan bitartean. Bihotzak gogor ari zait taupadaka, nola ez, nola egon lasai momentu honetan. Nire bizitza momentu batean nola aldatzen den sentitzen dut probak bi marratxo erakusten dituenean.

 

Beldurra eta kezka nire gorputza hartzea arduratzen dira. Dardara gorputz guztira zabaldu zait eta negar malkoak begietatik ateratzeko borrokan hasi dira. Dena lausotzen hasten da. Zer egin behar dut nik orain? Gazteegia naiz. Ez da posible, ezin da egia izan. 

 

Nire emozio eta pentsamenduekin borrokan pasa dut azken astea. Zer egin, nola egin, zergatik… Galdera asko daude nire barruan. Milaka buelta eman dizkiot, badakit zein diren aukerak. Beti izan naiz abortuaren aldekoa eta beti jarraituko dut honen aldekoa izaten. Emakumeok eskubidea izan behar dugu aukeratzeko. Baina aukeraketa ez da bat ere erraza. Gazteegia naiz ama izateko hori badakit, hemezortzi urte besterik ez ditut, nola arduratu behar naiz ume batez, zer gertatzen da nire ikasketekin. Baina nola abortatu, ez dakit gai naizen horretarako, oso gogorra da. Norbaitekin hitz egin beharko nuen, baina momentu honetan ez dakit norekin, nork ulertu nazake? Nire familiak ez du onartuko abortatzea, hori badakit eta nola esan behar diet hori dela nire lehenengo aukera. Ez dute onartuko. Nire familiari baino lehenago esan behar diodan pertsona bat dago, baina oraintxe bertan, nire buruak buelta gehiegi ematen ditu eta gaizki ateratzen den eszenario asko ikusten ditut. Mugikorrak soinua egin du, mezu bat iritsi zait.

 

“Lea, beldurtuta naukazu. Aste honetan oso arraro egon zara eta Karlak berdina dio, dena ondo?”

 

Bai, dena ederki. Oso ondo. Nire etorkizuna suntsitu dut, ez da ederra? Orain esan behar diot, esan beharra diot. Jakin beharra dauka.

 

“Parkean ikus gaitezke?”

“Bai, noski, baina zer gertatzen da?”

“Hitz egin beharra dugu, 10 minutu barru betiko tokian?”

“Han izango naiz”

 

Listo, esan egin behar diot. Beti pentsatu izan dut Beñatek horrelako albiste bat ongi hartuko lukeela. Ondoan izango nuela edozer gauza pasata ere. Baina nire burutik hainbeste gauza pasatu dira azken aste honetan eta horietatik bat ere ez da ona izan. Nire buruan imajinatzen ditudan eszenario guztietan gaizki amaitzen du 10 minututara izango dudan elkarrizketak, eta honek asko izutzen nau.

 

Parkera iristear nago eta urrutitik ezagutzen dut bankuan eserita dagoen silueta, Beñat. Bankuan eserita dago eta hanka bat mugitzen du gelditu gabe. Kezkatuta dago eta urduri. Begiak bustitzen zaizkit baina ez naiz gelditzen bankura iritsi arte. Beñatek burua altxatzen du, irribarre egiteko keinua egiten du ikusten nauenean baina begietara begiratzen nauenean kezkatu aurpegiarekin altxatu eta besarkada bat ematen dit.

 

  • Zer gertatzen da, Lea? -galdetzen dit, kezkatuta baina tonu lasai batekin-.

 

Eskutik heldu eta bankuan esertzen naiz, bera ere nirekin esertzen da. Burumakur geratzen naiz, isilik segundo batzuk. Ez dakit nola hasi. Negar malko batek ihes egitea lortu du eta nire masailetik irristatzen da. Beñatek segituan lehortzen du bere hatzekin.

 

  • Lea, badakizu edozer esan diezadakezula
  • Ba-bai badakit
  • Zer duzu? -nire masaila laztantzen du eta berari begietara begiratzea egiten du-.

 

Nire poltsatik haurduntzaren proba atera eta berari luzatzen diot. Proba eskuetan hartu eta segundu batzuk honi begira geratzen da. Burua altxatu eta nire begiekin topo egiten dute bereek. Harridura besterik ez dut antzematen begi ilun haietan. Berriro ere proba begiratzen du eta ondoren besarkatu egiten nau. 

 

  • Elkarrekin gaude honetan, Lea. -negar malkoak nire masailetatik irristatzen dira- Lasai, dena ondo aterako da. -segundo batzuk isilik egon ondoren galdera bat egitera ausartzen da- Aste bete egon zara hau gordetzen? 
  • Bai -erantzuten dut beherantz begiratuz- ez nekien zer egin. Barkatu.
  • Ez dago ezer barkatzeko. Oso gogorra izango zen zuk bakarrik zama hau eramatea. Baina orain biok gaude. Pentsatu duzu zer egin nahi duzun? Erabakitzen duzuna, erabakitzen duzula zure alboan izango nauzu.
  • Nik… Oso gazteak gara, nola hezi behar dugu haur bat? Asko geratzen zaigu bizitzeko oraindik. Baina beste aldetik, ez dakit, ez dakit ahalko dudan. Ez nago prest guzti honetarako.
  • Ulertzen dut, Lea. Erabaki garrantzitsua da, baina elkarrekin gaude honetan. Aurrera egitea erabakitzen baduzu, bideko urrats guztietan lagunduko dizut. Eta erabakitzen baduzu... beno, badakizu, beste aukera bat hartzea, zuretzat ere hemen egongo naiz.

 

Lasaitu ederra hartu nuen egoera zail honetan bakarrik ez nengoela jakitean. Baina amaren erreakzioa ez da hain ulergarria izan. Nire haurdunaldiaren berri eman diodanean, haren ahotsa mespretxuz bete da.

 

  • Konturatzen zara zer egin duzun? Zure bizia suntsitu duzu! Orain zure bizia eman beharko duzu haur horregatik! Ikasketak egiteko aukera pikutara, bizi on bat izateko aukera pikutara! Nik ez zaitut horrela hezi! Ai ama! Zer esango ote dute bizilagunek? Konturatzen zara zure familia osoaren bizia eta erreputazioa suntsitzen ari zarela? Ene, zure nebak gehiago merezi du!
  • Ama! -negarrez erantzuten diot-
  • Ez ama, ezta ama-ondo.
  • Ez larritu, inor ez da konturatuko. Ez dut haurra izango.
  • Entzuteko falta zitzaidana. Nola ez duzula edukiko? Mesedez. Erotu egin ahal zara? Banekien mutil hori ez zitzaizula komeni, hau desastrea. Bihar bertan joango gara medikura eta haurdunaldirako beharko dituzunak antolatuko ditugu. 
  • Ezetz ama! 
  • Ixo! Haur hori izaten ez baduzu, argi izan, etxe honetan ez zarela sartuko.
  • Aitak ulertuko luke -xuxurlatzen dut-.
  • Horrelakoak entzun beharra ere! Ba zure aita duela bi urte hil zen, ez dago hemen eta ez da etorriko bere alabatxoari nahi duena ematera!

 

Haren hitzak sabelean ukabilkadak bezala sentitzen nituen. Erruak eta zalantzak jota nago, erabaki zuzena hartzen ari ote naiz?.

 

Amaren, adostasun ezak nigan presioa areagotu besterik ez du egin. Harrapatuta sentitzen naiz niretzat erabakirik onena hartu nahiaren eta nire ingurukoen epaiketa eta gaitzespenaren beldurraren artean.

 

Hala ere, kontsolamendua aurkitu dut nire lagunik onenarengan, Karlarengan, bere etxera abiatu naiz amarekin liskarra izan ondoren. Dena kontatu diot baina Karla beti dago niri laguntzeko prest. Beti bere babesa eta laguntza eskaintzen dit eta nire sostengua da. 

 

Karlak eta Beñatek lagundu naute gaur medikuarengana joaten. Bertan medikua oso ulerbera izan da eta prozesu guztia esplikatu dit. Bai haurdunaldiarekin aurrera jarraitzea erabakitzen badut eta baita aurrera ez jarraitzea erabakitzen badut ere. Laguntza psikologikoaren berri ere eman dit eta erabakitzen dudana erabakitzen dudala ere joatea gomendatu dit. Oso ideia ona iruditu zait eta Karla eta Beñat ere ados zeuden. Medikuak eskainitako laguntza eta ulermenari esker askoz ere seguruago sentitu naiz eta eskerrak eman dizkiot. 

 

Asko hausnartu ondoren, abortu baten mende jartzeko erabaki zaila hartu dut. Oraindik ere, zalantzaz eta beldurrez beteta nagoen arren, badakit une honetan hori dela egokiena niretzat, guretzat. Badakit etorkizunean askoz ere bizi hobeagoa emango dietela izan nahi ditudan haurrei, gaur egun eman ezin diezaioketena.  

 

Badakit nire bizian gauza asko aldatuko direla erabaki honegatik, etxean amak ez nau onartuko baina aurkituko dut modua aurrera ateratzeko. Baditut pertsona onak nire inguruan ulertzen nautenak, beste batzuk epaitu egingo naute baina badakit zer den hoberena eta ulertzeko zaila izan daitekeen arren, niri ere kostatzen zaidalako, hartu dut erabakia.

 

Orain, errekuperatzen ari naizen bitartean, emozio nahasketa bat sentitzen dut: lasaitasuna, tristura, esker ona eta itxaropena. Badakit erabaki zuzena hartu dudala niretzat, eta prest nago bizitzak sortzen dizkidan erronkei aurre egiteko. Epaitua izango naiz baina okerragoa izango litzatekeela iruditzen zait haur hori merezi ez duen bizi bat emateko ekarriko banu mundura.