Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

JUNE AIESTARAN IPARRAGIRRE

A Maila Bertsoa aipamen saria
Kaixo! June Aiestaran Iparragirre naiz, eta Batxilergoko 2. maila egiten ari naiz Txindoki Institutuan. Asko dira nire zaletasunak, baina horien artean euskal dantzak eta bertsolaritza ditut gustukoen. Bertso sorta honetan hausnarketa baten proposamena luzatzea izan da nire helburua, ea gustukoa duzuen!
JUNE  AIESTARAN IPARRAGIRRE

NIK ETA NIRETZAT

 

 

Doinua: Mundu honetan holako gauzak

 

  1. Egun, gazteon jarrera epaitzen

da lehenengo segunduan, 

norbere kezkak soilik izaten

omen ditugu buruan.

Beraz, kantatu nahi dut, barruan

daukadan barne-guduan

hitzak bilatuz, kontraesanen

sentipen “inseguruan”, 

azkenaldian gertutik bizi

dudanaren inguruan.

 

  1. Erdigunea norbera dela

ez al zaigu iruditzen?

Norbere lanak, norbere kezkak,

norbere_izen ta abizen,

norbere zama norberarentzat

bakarrik dugu arintzen,

ikasketetan ere norbera

fin litekeena fintzen,

baina_albokoa erortzen bada

ez gatzaizkio hurbiltzen.

 

  1. Munduan zehar entzuten diren

kontuak dira beti “boom”,

eta hargatik maiz telebista

notizia mingarridun

horri begira, nola sentitzen

garen errukiaz, bigun,

itzaltzen dugu, kontzientzian

minik egin ez dagigun,

baina ez dakit hau egiteak

zer dakarren badakigun.

 

  1. “Noski nik ere nahi nukeela

herri hobe bat biharko,

baina, zergatik egingo dut nik

bestearen alde salto?”

“Kontraesanak zalantzan jarri?

Baina hori, zertarako?”

Bada, ondora begiratzeak

ase gaitzakeelako,

ta_ignorantea ignorantzian

eroso bizi delako.

 

  1. Umetan ere ahalegin orok

behar zuen intimoa,

izan behar zen “nork egingo du?”

baten trukean “ni noa”.

Norberea zen lorpena eta

norberea animoa;

hargatik, badut irudipena

sendoa bezain irmoa:

beti ez ote dugun irentsi

indibidualismoa.

 

Gure herria ez baldin bada

iraultzaren motiboa,

halabeharrez ustelduko da

gure arteko giroa.

Aurrerapauso oro ez dadin

izan horren astiroa,

Ulertu behar dugu, nahi bada

etorkizun aktiboa,

norbanakoek eurek osatzen

dutela kolektiboa.