Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

AMAIA AZPEITIA OSINALDE

A Maila Prosa 1. saria
Apa! Amaia naiz aurten hamazazpi urte beteko dituen legazpiarra eta Beasain BHIn ikasten dut. Neska kirolaria naiz, korrika, mendia eta eskalada praktikatzen ditut. Baina bada kirola baino gehiago maite dudan zerbait, artea. Txikitatik marrazten dut, baina nire ihes egiteko moduak dantzatzea eta musika dira batez ere. Euskal dantzaria naiz ia ibiltzen ere ez nekienetik, eta, musikan oso trebea ez naizen arren, beti naiz lehenengoa doinuekin hunkitzen, disfrutatzen eta, nola ez, kontzertuetan lagunen bizkar gainera igotzen. Gizartean dauden arazo ororen kontra ere aldarrikatzen du, eta jakina, bortxaketen kontra ere bai, horregatik iruditu zitzaidan gai interesgarria, familien baitako erasoen aurreko begirada gardena zorrozteko, eta ezin izan zutenengatik oihu egiteko.
AMAIA  AZPEITIA  OSINALDE

IZARAPEAN

23:01, berriz ere giltzak ateko sarrailan sartzean egiten duen soinu ezagun eta gorrotagarri hori entzun dut. Izarei gogor heldu diet eta hauek nire inguruan bildu, txikitan egiten nuen bezala amarekin ezkutaketan jolasteko, baina oraingoan ez dut jolasteko gogorik. Izerdi hotza nabari dut, listua kolkotik behera jeitsi ezinean, eta bihotzaren azelerazioarekin batera gorputza dardarka hasi zait. 23:05, nire begi ireki eta adiak ziztu bizian itxiarazi dituen zarata entzun dut, kaletik dakarren kristalezko botilarena lurraren aurka. Haserre dator, oso haserre, entzuten ditudan purrustada eta marmarretan igarri dezaket. 

23:07, eskaileretan gora dator, pauso indartsuak dira, gogorrak, zaratatsuak. Ni gor nago edo egon nahiko nuke, eskuekin belarriak estaltzen ditut. Ezin dut arnasa kontrolatu, hartu eta bota nabil, gelditu gabe. 23:09, pauso hotsak gelditu dira, ez dut ezer entzuten, nire arnasa besterik ez. Nire gelako atea ireki du, kostata, nire izena esaten ari da, nagusiak bere txakurrari deitzen dion bezala. “Haizea, haizea, ez ezkutatu” . Aitatxori asko gustatzen zaio joko hau, ama ez dagoenetik bakarrik ez sentitzeko egiten duela dio, nik, ordea, nahiago dut ezkutaketan  jarraitu, aurkitu ez nazan. Esku bat nabaritu dut gainean, bihotza bularretik ateratzekotan dabil. Jolastu nahi duela esaten dit aitak, izara emeki-emeki nire gainetik kenduz, bihar ikastolara joan behar dudala da nire aitzakia bakarra, “lasai motza izango da” dio berak. Nire ilea ukitzen hasi da, hatzarekin txirikordak eginez, aurpegira jaitsi da, masailak laztandu dizkit, seguruenik gorrituta daudenak.. Lepotik behera doaz laztanak, pijamara heldu den arte. Nire gorputzak ez du erantzuten, ezin dut hitz egin, ezin naiz mugitu, ezin dut negar egin. 23:50, galtzak igo ditu eta oraindik ere zuzen ibili gabe gelatik ihesaldi lasai bat egin du. Min dut, etengabeko minxirria, gorputz osoan barreiaturik. Bustia nago eta ez bakarrik malko eta izerdiz, baina nire gorputzak ezik du erreakzionatu, ezin da mugitu. Arnasa azkartzen nabaritu dut bat-batean, dena nire errua den pentsamenduaren preso, eta neure buruak eta beldurrek eraikitako beldur era amorruaren kaiolatik ez dut ihes egiteko biderik ikusten, betikoa besterik ez, mahai gaineko guraizeak hartzea. Oraindik ere nire gorputzaren erabateko kontrolik  izan gabe altxatu naiz ohetik, guraizeak eskutan ditut, eta momentu batetik bestera amorruak eztanda egin du nire barrenean, malkoak isurtzen hasi dira nire begietatik, oihu ixil bat ebaki dut eta konturatu orduko guraizeek nire azala urratu dute, eta berriro, eta berriro. 00:10, ohean nago berriz ere, belaunak bularraldera hurbilduz eskuekin, nire azpian zuria zen izara gorrituta dago guraizeek nire besoaren aurka izandako norgehiagokaren erakusle. Oraindik arroparik gabe nago, biluztasunak jada bost axola dit, arroparekin edo gabe biluzik sentitzen naizelako. Nire gorputza gorroto dut, nire burua gorroto dut, nazka diot nire ileari, ezpainei, eskuei. Nazka naizen izaki gardenari. 1:49, ohean bueltaka jarraitzen dut, besoak mina sorrarazten dit, baina ez bihotzak bezainbeste.

 8:15, alarma lanean jarri da. Ez dut ikastolara joan nahi, ez dut ohetik altxatu nahi, ez ditut begiak zabaldu nahi, gorpu izan nahiko nuke orain, nirea sentitzen ez dudan gorputzean. Ausardiaz altxa naiz ohetik, balantza batzuk medio orekari eutsi diot, eta komunerantz joan naiz. Ispilura begira nire aurpegiak ez du sentimendurik adierazten, jakin nahiko nuke haserre nagoen, goibel, negar egin nahi dudan edo ez, baina nire aurpegiak betiko zuritasunean dirau. Ez dut goserik, gaur ez dut gosalduko, daukadan arroparik zabalena jantzi, hortzak garbitu eta ikastolara abiatu naiz. Ez dut aita agurtu, ez dakit etxean dagoen ere. Bidean betiko kalean zeharkatu ditut betikoak, okina okindegia zabaltzen ari da, betiko bi agureak egunkaria erosteko elkartu dira, betiko auto gorria beti gorrian harrapatzen duen semaforoan itxaroten dago, bai, denak ebasten du nire atentzioa. 08:55, gelara sartu naiz, betiko kuadrilatxoetan gaude, tartarrean, inauterietako gaia komentatu da, eta egun horietarako mozorroaren inguruko eztabaidan tematu gara. 09:03, irakaslea sartu da. Plastika dugu lehen orduan eta paper zatitxoak moztuz marrazki handi bat egitea dugu helburu, gelakide guztiek bezala kartapazioa atera dut guraizeen bila, baina gogoratu naiz bart ohean lehertutako gudaren ostean bertan geratu direla, eta, beraz, irakaslearengana joan naiz esatera. Hark nik esandakoari kasu gutxi egin dio nire besoko atzamarkadei begirik ezin kenduta baitzebilen, zer gertatu zaidan galdetu dit eta nik ezjakinarena egin dut. Esan diot ziurrenik katua izango zela, gauean jostailutzat hartuko ninduela. Urduri jartzen hasi naiz, irakaslea ez da oso konbentzituta ikusten, komunera joateko eskatu diot. 09:18, komunean nago eserita, bi eskuak buruaren sostengu gisa ditut, baina makulu horiek estutzen hasi dira, eta arnasa azeleratzen. “Haizea, Haizea” bere ahotsa dut buruan, esaldi bera joan-etorrian “ez ezkutatu”, burua ezezkoaren keinua egiten mugitzen ari naiz alde batera eta bestera, eta alde batera eta berriro bestera. gertatutakoa ukatzen ari naiz, “ez zen gertatu, ez zen gertatu”, gezur hori sinetsi ezinean beste pentsamendu batzuek lainotu didate burua, orain gertatu ez zenaren negazionismo horrek ospa egin du eta erruaren sentimendua nagusitu da. Ez dakit ezer, nire errua dela besterik ez, zergatik? Ez dakit erantzunik ematen, badakit eta kito. Bat-batean irakaslearen ahotsa entzun dut komunean nire izenari deika. Malkoak masailetatik haizatu eta komunetik atera naiz. Hurrengo orduak luze egin zaizkit ikastolan, ez da ezer berezirik gertatu eta nik etxera joan nahi nuen. Erlojuaren orratzak geldirik zeudela zirudien, niretzat ordu erdi bat zena besteentzat ez zen 10 minutura iristen. Denbora amaigabe hartan burutik pasatako horrenbeste pentsamendu eta irudik nire arreta lausotu dute. 

12:30, azkenean amaitu dira klaseak, etxera abiatu naiz, bidea beti bezain arrunta da, betiko garbitzailea kaleko zabor guztia jasotzen, betiko autobusa pasa da, betiko jendea betiko tokietara doa… Ez naiz etxera joan, beldur naiz aita etxean egongo den, aiton-amonak ez dira gertu bizi, eta, beraz, neukan aukera bakarra izebarenera joatea da. Bidean herriaren alde bat bestearekin elkartzen duen zubi erraldoia pasa dut, ze garaiera izango ote du goitik behera? Nire atentzioa erakarri duen kotxe gorri bat ikusi dut urrunean, nire aitarena dela dirudi, korrikaldi batean ezkutatu naiz zaborrontzi batzuen atzean, autoa pasa denean konturatu naiz ez zela aitarena. Arnasa sakon hartu eta bidean jarraitu dut. Izebarenera heldu naiz, pentsatuko duzue lasaitu ederra hartuko nuela, baina ez pentsa, izebarenera etortzea ez da bereziki atsegin dudan zerbait, arrazoiak? Orain ikusiko dituzue. Etxeko atea ireki bezain laster haizatu zaio irribarrea ahotik, eta agurtu beharrean esan didan esaldi bakarra “eskale itxura duzu arropa zabal horiekin” izan da. Ezer axolako ez balitzait bezala sartu naiz eta hurrengo orduan eskolakoak bezain luzeak egin zaizkit. 13:02, “Hezurretan zaude neska, ondo jaten duzu?”. 13:25 “ Itxura horrekin ez duzu neskatxa bat ematen, ez zaizu gizonik gerturatuko”. 13:39 “Zure lehengusuak zuk baino nota hobeak atera ditu azken hiruhilekoan, gehiago zentratu behar duzu”. 13:53, “Aitak ez dizu ezer esaten?”. 14:07, “zure aita gaixoa, horren aita ona eta zu bezalako alaba atera behar”. Eta horrela jarraitu du arratsaldean laurak jo duten arte. Aita ordu horretan ateratzen da etxetik egunero, beraz, alde egiteko unea iritsi da. 

Etxera iritsitakoan etxerako lanak egiten hasi naiz, baina pentsamenduek berriro sasitu didate burua. Ez dakit nola, ez dakit zergatik, baina bat- batean ohean aurkitu dut neure burua, guraizeak berriro eskuetan. Ezin naiz lasaitu, etengabeko pentsamenduek derrigortzen naute nik nahi ez izan arren. Bi egun daramatza aitak etxetik pasa gabe, askotan egiten ditu horrelakoak eta batzuetan aste oso batez ere desagertzen da. Bere deskonexio egunak direla dio, baina itzultzen den bakoitzean begi gorri eta taberna kiratsarekin itzultzen da, eta baita gaixo ere denbora guztian eskua sudurrean zirika aritzen baita mukiak izango balitu bezala. Bat-batean, gutxien espero nuen momentuan, aita sartu da etxeko atetik, ez dit denborarik eman ezkutatzeko eta sukaldean harrapatu nau meriendatzeko zerbait prestatzen. Ez dut nabaritu etxera heldu denik gerrian bi esku nabaritu ditudan arte. Orduan, nire gorputzak deskarga bat jaso izan balu bezala, izugarrizko hotzikara sentitu dut eta atzera begiratu eta aitaren begi ireki eta desiradunak ikusi ditudanean ziplo lurrera erortzekotan egon naiz. Ez dut erreakzionatzeko denborarik izan. Atzera betiko amesgaiztora itzuli naiz, baina gaur ez, gaur ez dut nireganako irain hau onartuko, ez ditut nire bizitza kaltetu besterik egin ez duen gizon baten esanak eta desirak beteko. Nire galtzak jaisten ari zela ostikada bat eman diot hankartean eta korrika atera naiz etxetik. Arratsaldeko ordu hauetan ez dago inor gu bizi garen auzo honetako kaleetan, eta, beraz, oihu egitea alferrik litzateke. Atzerantza begiratu dut, hor dator, geroz eta gertuago daukat, izebaren etxerako bidea hartu dut, bihotzaren taupadak inoiz baino azkarrago doaz eta aitaren atzamarrak geroz eta gertuago senti ditzaket, harrapatzen banau txikituko nau, ez du errukirik izango, inoiz izan ez duen bezala. Zubira iritsi naiz, jada ez zait asko geratzen izebarenera iristeko, baina bat- batean bere arnasa sumatu dut bizkarrean. Hementxe dago, ez dut irtenbiderik, malkoak eta negarrak hasi dira, hau al da merezi dudana? Aitak ni ez hiltzeko nuen bide bakarra hartu dut, neure burua hiltzea. Eta zubitik lehortutako errekara egin dut salto. Orain aspalditik izan nahi nuen gorpua naiz, kezkarik gabe, beldurrik gabea. Oraindik ere negar egiten dut, isilean, hilerrian ez baitago entzungo nauen belarririk. 

Bi urte pasa dira jada eta aspaldi baten batek utzitako loreak asfaltoan ximeltzen ikusi ditut pixkanaka-pixkanaka, egunez egun. Aita bisitatzera etortzen zait noizbehinka, nik uste dut damututa dagoela. Bere bizitza nola doan kontatzen dit, eta terapia zentro batean sartu dela ere bai, etortzen denero eskatzen dit barkamena eta negar egiten du niri egindakoagatik eta nigatik, eta nik bere alboan egiten dut negar, isilik, garden, baina bere alboan. Badakit ez dela gizon gaiztoa, gaixo dagoela baizik, baina nire aita da eta beragatiko dudan maitasuna ezin dut ukatu. Beste asko gai izango ziren egindakoa eta gero aitaz ezer gehiago jakin nahi ez izateko, baina nik ezin dut hori egin. Orain hemen itxarotea geratzen zait, lagunak, aitona-amonak, senideak eta beste ezagun guztiak poliki-poliki nigana etortzen diren bitartean, bisitan ez bada  gorpu  datozen arte.