Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

ANE IRIZAR ARRONDO

A Maila Olerkia 1. saria
.Ane Irizar Arrondo naiz, 2007ko urriaren 12an jaio zen segurarra. Atzera begiratzean, familia eta lagunak dira oroitzapen gehienen protagonista: lagunekin han, gurasoekin hemen… Artea ere ez da atzean geratzen oroitzapenen zerrendan, txiki-txikitatik marrazketa zein musika izan baitira nire zaletasun handienak. Bost urte besterik ez nituela, pintura-eskolak hartu nahi nituela esan nien gurasoei, eta berehala apuntatu ninduten saioetara. Hamabi urteren ondoren, irakasle beraren eskutik margotzen jarraitzen dut, eta oroitzen dudan haur hark zuen ilusio bera mantentzen dudala esan dezaket. Musikaren munduan ere urte gutxirekin murgildu nintzen, gitarra saioetan izena emanez, eta gaur egun ezingo nintzateke musika gabe bizi.
ANE  IRIZAR ARRONDO

DENBORAREN LEHIA

 

Estali itzazu aurpegiko zimurrak,

margotu bilo urdinak,

tapatu gorputzeko soberakinak, 

ehortzi gaztetako ametsak.

Ez izan ardi beltza artaldean,

zuria izan zaitez besteen aurrean,

onartua izango baitzara gizartean

zahartzen ari zarela ezkutatzean.

 

Sarritan ez dugu ikusten 

umeak izan nahi duela gazte,

gazteak izan nahi duela ume,

langileak jubilatu eta jubilatuak langile.

Albokoarekin alderatuz egun eta gauez,

“hura izateko edozer emango nuke”. 

Norbere garaiarekin sekula ez konforme,

denbora nork bere izatearen garaile.

 

Ez bagenu ezkutatuko garen hori

adina izango litzateke aberasgarri,

zimurrak eskarmentuaren erakusgarri

eta ile urdinak bizipenen adierazgarri.

Urteek ematen diote boterea agureari,

egin kasu emandako aholkuari:

“Irribarreek ematen diote zentzua bizitzari,

ez egin uko zoriontasunari”.

 

Denborak egiten gaitu adineko,

bizipenek egiten gaituzte zorioneko,

milaka oroitzapen ditugu partekatzeko,

hamaika besarkada emateko.

Denok dugu grina luzaroan bizitzeko,

urte gehiagoz maite ditugunekin gozatzeko

eta maiteko ditugun horiek ezagutzeko,

baina inork ez zahartzeko.

 

Betidanik esan dugu

ez dugula nahi zahartu,

denborarekin egin behar garela lehiatu

ez badugu nahi laskituta amaitu,

baina sekula ez dugu pentsatu

ez zahartzeko goiz behar dela zendu.

Beraz, egin ezazu hautu:

goiz zendu edo luzaroan zahartu.