Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

AIALA ZUBIARRAIN TORREÑO

A Maila Prosa 2. saria
Kaixo, Aiala Zubiarrain nauzue, Beasaingo BHI institutuko ikasle beasaindarra. Nire zaletasun nagusiak kirola eta musika dira, baina noizbehinka liburuek dauzkaten orrien artean galtzea gustatzen zait. Agian, horregatik dut gustoko idaztea, norabidea galtzean, berriz ere bidea aurkitu behar delako, edo argi bat jarri behar da besteen bidea argitzeko. Azken horrek egin zidan hembrismoaren gaia aukeratzea. Egia da oraindik ere emakumezkoen bortxaketak ikusten ditugula bata bestearen atzetik, eta hori aldatu beharreko zerbait da, baina gizonek ere jazarpenak jasaten dituztela bistaratu nahi nuen.
AIALA ZUBIARRAIN TORREÑO

NON OTE DAGO DENBORA ATZERA BOTATZEKO ORDULARIA?

 

 

Hogeita hamar, hogeita bederatzi, hogeita zortzi…

 

Nire pareko erloju zurixka horren orratzak geroz eta mantsoago mugitzen direla dirudi. Ez dakit zenbat denbora igaro dudan nire sukaldeko lur hotzean eseririk, agian, minutuak izan dira, baina egunak balira bezala sentitzen ditut orratz horien mugimenduak. Eserita nagoen lekutik kalea ikus dezaket, euria barra-barra ari du, aurreko eguneko teleberrian azaldu bezala. 

 

Hogeita zazpi, hogeita sei, hogeita bost…

 

Begiak itxi eta segituan neure buruak iraganeko irudiak marraztu ditu, oraindik zoriontsu nintzenekoak. Lagunekin herriko festetan egindako txorakeriak, nire musika talde gustukoenaren kontzertua, final hartako golak, udan egindako bidaiak, aitarekin gitarra saioak, irribarreak.

 

Baina, badago egun bat: nire eguna, gure eguna. Oraindik bikaintasunez gogoratzen dut eliza hotz hartatik eskutik helduta atera ginen eguna, gure maitasuna betiko izango zela esan ostean. Baina, ematen duenez, nik bakarrik sinistu nituen esandako hitz haiek. 

 

Hogeita lau, hogeita hiru, hogeita bi…

 

Pentsamenduak tonu grisa hartzen hasi dira. Oraindik begiak itxita, egun hartako zoriontasunean geratu nahiko nuke, kolore zurian mantendu. Baina, traza grisek indar handiagoz ekartzen dituzte oroitzapenak neure burura. 

 

Egunak pasatu ahala, zure jarrera aldatzen hasi zen, zu aldatzen hasi zinen. Zure begiek ez zidaten ordura arteko goxotasunarekin begiratzen, nire begiak zureak baino altuago egon arren, zure begirada nirearen gainetik somatzen hasi nintzen.

 

Hogeita bat, hogei, hemeretzi…

 

Gorroto hitzak hasi dira ziztu bizian nire bihotzean iltzatzen, pozoitutako geziak izango balira bezala. “Ez duzu ezertarako balio”, “Ni gabe ez zinateke ezer izango”, “Maite banauzu, ez nindukezu eramango”... 

 

Haserre izena duen pozoi batez bustitako hitzak, gorrotoz.

 

Hamazortzi, hamazazpi, hamasei…

 

Zure garrasiek azala tente jartzea eragiten zuten. Okerrena, okerrena bazenekiela, eta hala ere, bata bestearen atzetik ateratzen zirela zure ahotik. Beldurrak nire gorputza zeharkatzen zuen, burutik hasita behatz puntetaraino. Garrasi bakoitzarekin txikiagoa egiten nintzen; zu, aldiz, handiagoa. 

 

Hamabost, hamalau, hamahiru…

 

Kalean inozente itxurak egiten zenituen, berriro ere ezkondu aurretik zenuen papera hartzen zenuen. Antzezle ona izango zinela pentsatzen dut batzuetan. Baina, etxera iritsitakoan, teloi hura itxitakoan, zu bihurtzen zinen.

 

Hamabi, hamaika, hamar…

 

Ez zitzaidan gustatzen nola tratatzen ninduzun, baina hori da maitasuna, ezta? Edo behintzat hori sinistarazi zenidan. Baina, ni ere konturatu nintzen hori ez zela maitasuna, lehenengo aldiz, zure eskua altxatzean, eta kolpe batez odolbildu koloreduna utzi zenidanean.

 

Bederatzi, zortzi, zazpi…

 

Aurpegitik malko bat somatu dut bere bidea eginez, lehendabizi eskuinerantz, gero pixka bat ezkerrerantz, eta azkenik, kokotzetik jantzita dudan kamisetara erori da, seguruenik aztarna utziz. Begiak ireki ditut bat-batean, kanpoko argia berriz ere nire barrura sartzen utziz. 

 

Sei, bost, lau..

 

Kolore gorria da orain nagusi. Maitasun kolorea, pasio kolorea, odol kolorea. Nire eskuek substantzia gorri horretaz bustiak jarraitzen dute, badakit gutxi geratzen dela nire askatasunaren amaierarako, ziur nagoelako hau bekatu bezala epaituko dutela. 

 

Mugikorrak eskuinaldean jarraitzen du, deia egin ondoren utzi dudan leku berean. Laster etorriko dira, gorputz bizigabea aurkituko dute, baina ez dakit oraintxe gehiegi axola zaidan.

 

Hiru, bi, bat.

 

Azkenik amaitu da…



Azken orduko albistea. Emakume bat hilda aurkitu dute gaur  2018ko urriaren 18an Euskal Herriko etxe batean. Emakumeak 30 urte zituen, eta genero-indarkeriaren biktima dela pentsatzen dute adituek. Balizko erasotzailea pisuan aurkitu dute eta ertzainek atxilotuta eraman dute. Hilketa honekin, 5 emakume dira hil dituztenak genero-indarkeriaren ondorioz aurten… 

 

Telebistako emakumeak hitz egiten jarraitzen du, baina nik ez dut gehiago entzun nahi, malkoz betetzen zaizkit begiak. Epaitua izateko zain jarraitzen dut. Orain nagoen lekutik, korridorean dauden bozgorailuetatik musika ateratzen da ia indarrik gabe. Zailtasunik gabe jakin dezaket nire belarrietara iristen den melodia “November rain” abestiarena dela. Beste edozein momentutan abestiaz gozatuko nuke, baina orain arnasteko gogoa ere kentzen ari zait. 

 

Hotza egiten du gela txiki honetan eta urdin ilunak hartzen du tokia orain nire buruan. Tristura sakon honen eta beldurraren arteko nahasketak sortzen duen kolorea. Minutuak pasatzean geroz eta ilunago egiten den kolorea. Zure begien kolorea.

 

Atea irekitzean egindako soinuak neure burua berriz ere kokatu du errealitatean, pentsamenduak alde batera utziz. 

 

-Zer gertatu zen atzo gauean zure pisuan?

 

Galdera horrek nire barrua erabat nahastea eragin du. Ez dut gogoratu nahi, baina ez zait besterik geratzen. Nire aurrean dudan pertsonari hitz egin aurretik arnasa sakon hartu dut. 



2018ko urriaren 17a, gaueko hamarrak.

 

Gaueroko errutinan hain sartuak dauden garrasiak hasi dira berriro. Nazkatuta nago, gaur ez dut utziko betikoa gertatzen. Haserrea handituz doala, bion garrasiak indar gehiagoz botatzea ezinezkoa bihurtzen denean, gure hitzetan dagoen pozoia agortzean, asetuta egon gabe, eraso fisikora pasatzen zara. 

 

Eskua altxatu eta lehen kolpea nire aurpegira iritsi da. Normalean hau izaten da eztabaidaren amaiera, zuk irabazten duzu eta nik beldurtuta lurrean negarrez bukatzen dut. Baina gaurkoan, aurre egiteko indarrak atera ditut, gaurkoan defendatuko naiz, ez didazu hain erraz irabaziko. Nire lehen kolpea bota dut zure saihetsetara. Ageri da ez zenuela espero, eta hau aprobetxatu, aurreko mugimenduaren errepikapena eginez bigarren kolpea iritsi zaizu leku berera. 

 

Momentuan damutu eta izoztuta  geratu naiz. Negarrez zeundela, ohera joan zara hitzik esan gabe. Oraindik ere gertatutakoa ondo ulertu gabe sofan eseri naiz. Ez dut sinisten egindakoa. Pentsamenduei bueltak eman arren, lo hartzea lortu dut sofan bertan. 

 

2018ko urriaren 18a, goizeko zazpi eta erdiak.

 

Zure pausoek esnatu naute sukalderantz joaten. Begiak ireki ditut zure pausoak egongelara gerturatzen zirela entzutean. Labana batekin ikusi zaitut egongelan sartzen. Azkar batean sofatik altxa eta hitzik esan gabe defendatzen saiatu naiz. Labana eskuan duzula zauri bat egin didazu eskuineko besoan. Momentu batean, zu bultzatzea lortu dut, baina erortzen ari zaren bitartean tresna puntazorrotz hori ikusi dut zure sabelaldean iltzatzen.

 

Korrika abiatu naiz zure gorputzera, eskuak zure sabelaldean jarri ditut hemorragia geratzen saiatuz, baina ez dut lortu. Mesedez ez utzi, Miren mesedez ez utzi… Zure gorputz bizigabea egongelan dagoela, ziztu bizian sartu naiz sukaldera aurreko gauean hor utzitako mugikorra hartzera. 112 telefonoari deitu ondoren, sukaldeko lurrean eseri naiz.

- Beraz, zuk ez zenuela ezer egin diozu eta berak jotzen zintuela?

- Bai -lehenaldiz egia esateak zerbait piztu du nire barrualdean-.



Epaileak froga guztiak jaso ondoren, aste batzuk pasatakoan eta epaiketaren ondoren, aske utzi naute. Herrian zehar ibiltzean begiradak somatu ditut, baten batek “hiltzaile” garrasi egiteko ausardia eduki du. Etxeko atean “Mirenentzat justizia” esaten duen kartel bat dago zintzilikaturik. Zergatik inork ez nau babesten? Ni ez naiz izan erasotzailea, baina hainbeste aldiz entzun ondoren, sinesten hasi naizela uste dut. 

 

Giltza sarrailan sartuta dudala, nire gorputz osoa dardaran hasi da. Atea ireki eta oroitzapenak haize bolada bat izango balira bezala iritsi dira nigana. Mina besterik ez dut sentitu. Ikaragarrizko ziztada bularrean. Horrela izango da hemendik aurrera? 

 

Egia da inoiz ez zaitudala behar bezala gorrotatu, eta agian, horregatik gorrotatzen dut neure burua. Zure hitzak hain denbora luzez sinistu ondoren, pentsatu nuen dena amaitu zela, gizarteak defendatuko ninduela. Zergatik naiz hain inozoa? Hitzak berberak dira, baina besteen ahoetan. Mugikorra begiratu eta amaren mezu bat dudala ikusi dut. “Ez zaitut berriro ikusi nahi, nola egin dezakezu horrelako zerbait? Ez dut hiltzaile bat nire etxean edukiko”. Hori da nire azken tantana. Edalontzia goraino dago.

 

Amaitu da nire aurreko bizitza, zenbaki bat izango naiz hemendik aurrera. Amaitu da nire istorioa, jarri iezaiozu nahi duzun kolorea nire izenari. Baina, jakin ezazu nik beti izango dudala zure kolorea berdez idatzita, esperantza nuelako eliza hartako aldarean zegoen emakume bera izatera bueltatuko zinela.

 

Bi pauso aurrera. 

 

Bat. 

 

Bi.

 

Azkeneko albistea. Duela aste batzuk egon zen erasoaren gizona aurkitu dute gaur hilda. Gizona errugabe bezala epaitu ondoren aske utzi eta ordu batzuk ondoren, bere leihotik salto eginez, bere bizitzarekin amaitu du. Suizidioaren tasek gora egin dute, eta honekin hiru mila egon direla esaten dute adituek, bi mila baino gehiago gizonezkoenak izanik. Zifra larriak dira hauek…