Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

IRANTZU ESKISABEL ARANBURU

A Maila Olerkia aipamen saria
Irantzu Eskisabel Aranburu naiz, 17 urteko ordiziarra. Aurten 2. Batxilergoa amaituko dut Oianguren institutuan. Nire zaletasun nagusiak futbola eta musika diren arren, idaztea beti izan da neure barrua hustutzeko izan dudan modu bat. Idatzitako amesgaizto nahiz poztasunak bakoitzak bere modura ulertzen ditu, behar duen modura, eta niretzat hori da idaztearen magia, ulertuta sentitzea.
IRANTZU  ESKISABEL ARANBURU

ERORI

 

 

Orri zuri baten aurrean nago, mutu.

 

Ondo egin behar dut…

 

Eskola, babesleku ala infernu?
Eskola, ikusten duten itsuz betetako paradisu

Eskola, sasiz betetako zelai loretsu.

 

Etxean nago, bunker bilakatu den egongelan itxita.

Telebistari bolumena igo diot eta belarriak estali dizkiot

lasai, laster amaituko da…

Garrasiak, maitasun hitzak, isiltasuna

maitearen negarra, sasi artean dagoen krabelina.

 

Zauriak dakartza arrastaka

desberdina izatearen arrakasta,

krabelinari arantzak kendu nahi dizkion ume heldua naiz.

 

Ondo egin behar dut…

 

haur heldua naiz, umea ala heldua?

Pirritx eta Porrotx ikusten duen umea

krabelina ekaitzetik babesten duen loretxoa

haserretzen ez den umea

maitea salbatu nahi duen lorea.

 

Ondo egin behar dut…

 

Askotan ikusezin sentitzen naiz

 

Infernua atzean utzi dugu,

udaberri luze bat hasi.

Lagunak!

Krabelinak ez du zauririk,

orbainez estalita gaude,

ez dut nahi ikusterik.

Iraganak ez nau definitzen!

 

Pum! Korrika noa, atzera begiratu gabe

iragana mendi artean galtzen da

ikusi egin naute!

Pum! korrika noa, atzera begiratu gabe

iragana orban txiki bat da

Pum! Pum! Pum!

Lasterka jarraitzen dut,

erortzen banaiz?

 

Ondo egin behar dut…

Ikusezin bilakatu naiz,

baso bateko zuhaitz goibel nahiz bakarti

Lagunak?  apurtzen naute maiz

orbainek erre gogorki

Zergatik? Desberdina naizelako? 

 

Ez naute jotzen, ez kontuan hartzen

Ez naute iraintzen, ez hitz egiten

Ez naute jarraitzen, ez itxaroten

Ez naute ikusten.

Ama lasai, ez dit min ematen.

 

Ondo egin behar dut…

 

Aldaketak, zein gogorrak, ezta?

Zurrunbilo batek harrapatu nau.

Etorkizuna jarraika, denbora haizeak darama

erabakiak hartu behar ditut,

hauek dira aurrera jarraitzeko arma

 

Ondo egin behar dut…

 

Orbainek iragana dakarte, 

etorkizuna parez pare

ihes egi nahi dut, beste norbait izan.

Erortzen banaiz?

 

Ondo egin behar dut…

 

Itxaron, ondo zergatik? 

Eroriz gero, altxa naiteke, ezta?

Neure burua da nire muga bakarra

 

Orri zuri baten aurrean nago, mutu.

Erortzeko prest.