Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

Amets Zubizarreta Etxaniz

D Maila Prosa 2. saria
Ni Amets Zubizarreta Etxaniz naiz, eta 13 urte ditut. Beasaindarra naiz. Kirola egitea asko gustatzen zait. Irakurtzea eta idaztea gustuko ditut eta bertsotan ere jarduten naiz. Musika ere asko gustatzen zait. Lehiaketa honetarako sortu ditudan ipuina eta bertsoak gustatuko zaizkizuela espero dut
Amets Zubizarreta Etxaniz

Ez irakurtzeko gutuna

Jon eta Maddi maiteak:

Beste behin ere maletak egin beharrean nago. Ukraniara noa, gerra piztu delako. Argazki kamera eta ordenagailu portatila maletan sartu orduko gutun hau idazten hasi natzaizue. Gerrara joan aurretik zuei gutuna idaztea ohitura bihurtu da guretzat. Inoiz irakurriko ez duzuenaren esperantzarekin idazten dut ordea. Amak ondo daki hori.

Nire lana ulertzea ez da izango erraza zuentzat: horrenbeste denbora kanpoan, etxean nagoenean etengabe jasotzen ditudan deiak, gerra edonon sortzearen arriskua…  Ez da erraza azaltzen. Ez da nire gustukoa etxetik kanpo zuek gabe egotea, baina lan honekin munduari gerraren berri ematen diot. Benetan uste dut jendeari lagundu egiten diodala. Informatzea eta informatua izatea oinarrizko eskubideetako bat delako. Gerrako kazetarion lana gogorra eta arriskutsua da. Gainera, jende askorentzat ikusezinak gara, gure lanean hartzen ditugun arriskuek ezertarako balioko ez balute bezala. Ez da lan erraza, nahi baino egoera okerragotan egoten naiz askotan… Lo ordu asko kendu izan dizkit, susto asko hartu eta egoera zail asko bizi behar izan ditut. Oraindik ere txikiegiak zarete ulertzeko, baina handitzean zuekin ez banago ere, jakin dezazuen idatzita uzten dizuet guzti hau. Aurreko gutunetan ere horrelaxe egin izan dut.

Gerrak oso ankerrak dira, gizakion alderik ankerrena erakusten dute. Azkeneko urteetan Yemenen, Sirian, Iraken… egon naiz, bidaia asko egin beharra izan dut eta askorako balio izan dit. Pertsonen alderik ilunena ikusi dut. Gerrak urruti gertatzen direla iruditzen zaigu, beste gizarte batzuetan, edota beste kultura batzuetan…. Baina ez da horrela. Ukraniar gehienek ere uste hori zuten. Baina errealitatea uste baino ankerragoa da. Hegazkin-ponpak, misilak, suziriak, torpedoak, minak, granadak, bahiketak, hilketak, torturak… Oso arma arriskutsuak dira aipatu ditudan guztiak, baina gerretan indar handiena duen arma komunikazioa da. Horixe egiten saiatzen naiz ni, munduari gerretan gertatzen dena kritikoki aztertzen eta egia esaten. Informazioak gobernuen manipulaziorik gabekoa eta askea izan behar du. Bakea garaile atera ahal izateko egia ezinbestekoa da. Bai gerran eta bai bizitzan. Eta horixe da nire lana. Gerran gertatzen denaren egia kontatzea. Egunen batean ulertuko duzue. Saiatu beti egia bilatzen. Hartu ezazue kontuan, kuttunak.

Asko gustatuko litzaidake gerrarik gabeko etorkizun bat eraikitzea, bakea nagusi den mundu bat. Zoritxarrez gizakia gizaki denetik beti izan dira gatazkak interes politikoengatik, interes ekonomikoengatik, interes erlijiosoengatik… Oso zaila da gizakiaren historia gatazkarik aipatu gabe kontatzea. Zenbat sufrimendu eta zenbait hildako zibil errugabe... Gerrak ez du onurarik ekartzen. Ezin da ulertu XXI. mendean oraindik ere horrela egotea. Baina gerra egiten duenak arrazoia duela uste du beti. Benetan uste du gainera. Baina zerbait ikasi badut zera da: arrazoia izateak baino gehiago balio duela bakeak.  

Barkamena eskatu nahi dizuet, Jon eta Maddi, zuen haurtzaroaren parte handi bat galtzen ari naizelako. Gerra guztietara zortea edukitzeko amuleto kuttun bat eramaten dut, familiako argazki bat. Burkoaren azpian sartzen dut lotara sartu aurretik. Lo egiten eta zuekin gogoratzen laguntzen dit. Bidaia guztietan ohean sartzen naizenean, badago lanaren gainetik jartzen den pentsamendu bat. Etxetik ateratzean ematen dizkidazuen besarkada eta musuak. Besarkada hauek hain dira hunkigarriak, hain dira goxoak, hain dira ederrak... Eta hori ez da dena, gerratik bueltan etortzen naizen bakoitzean sekulako besarkada ematen didazue. Irteten naizenean baino oraindik ere goxoagoa, hunkigarriagoa eta zoragarriagoa. Gerrara joaten nintzen bakoitzean gutun bat idatzita uzten dizuet eta amari ematen diot. Orain artekoak ez dituzue irakurri, ordea. Onik etortzean erre egiten ditugu amak eta biok. Aurreko guztiak erreta daude, zorionez.

Gutun hau ere sekula paperean inork ere ez ikustea espero dut, aurrekoak bezalaxe. Erreko dugunaren esperantzan idatzi dut. 

Gutun hau zuekin badago azken eskari bat egin nahi dizuet. Munduan gerra bat pizten den bakoitzean, irakurri ezazue gutun hau. Gogoratu zuen aitak bakearen alde eman zuela bizia, eta gogoratu, egiaz bizitzea eta arrazoiaren aurretik bakea jartzea dela garrantzitsuena.

Hau irakurtzen ari bazarete jada ez nago zuekin, baina irakurtzen duzuen aldi bakoitzean zuekin egongo naiz.

Beti egongo naiz zuekin.

Kiev, 2022ko otsailaren 25a