Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

AMETS IRASTORZA EZKIAGA

B Maila Prosa 1. saria
Kaixo guztiei! Amets Irastorza Ezkiaga naiz eta La Salle ikastetxean ikasten dut. Niretzat urte berezia izango da hau ziur, besteak beste, betidanik ezagutu dudan ikastetxean egingo dudan azken ikasturtea baita aurtengo hau. 4. DBH. Gezurra dirudi! Denbora azkar pasatzen da gero! Gogoko tokian aldaparik ez! Niri behintzat, lagunekin eta saskibaloia jokatzen erraz pasatzen zaizkit orduak. Idaztea ere gustuko dut. Lerro hauen bidez urte hauetan guztietan nire ikasle ibilbidean lagundu didaten guztiei eskerrak helarazi nahi nizkieke, eta etxekoei nola ez, agur bero bat! Ea ba aurten idatzitako ipuin hau zuek ere gustukoa duzuen!
AMETS IRASTORZA EZKIAGA

IRRIBARRE LOKAZTUA

 

Goizeko seiak dira eta egunero bezala ohetik jaiki naiz nire emaztea esnatu gabe. Segituan, kontuz-kontuz, sukaldera joan eta gosaria prestatu dut. Gaur gosaltzeko kafesnea, kafesne bero-beroa. Ondoren, komunera joan, aurpegia eta hortzak garbitu, pixka bat orraztu eta janztera abiatu naiz. Logelan, ahal dudan hots gutxien eginez, laneko arropa jantzi eta etxetik atera  naiz.

 

Lanean, betiko lagun eta lankideekin hitz egin eta hamaiketakoa egin dugu. Eguneroko jardunean ari nintzela, lankide batek ea nire emaztea zer moduz dagoen galdetu dit. Orduan, urduri  jarri naiz, baina urduritasun hori ezkutatu eta oso ondo dagoela esan diot. Jarraian, aspaldian ez duela ikusi aipatu dit, eta berriz ere gorroto dudan sentsazio nazkagarri hori sentitu dut, ezinegona. Betiko martxan jarraitzen duela erantzun diot. Gero elkarrizketaren gaia aldatu du eta minutu gutxi batzutara, agurtu eta joan egin da. 

 

Gorroto ditut halako galderak. Zerbait susmatuko ote du? Emazteak norbaiti zerbait esan ote dion datorkit burura. Hala ere, arnasa sakon hartu eta lanean jarraitu dut. Egunak aurrera joan ahala, izango du nire galderak erantzunen bat. 

 

16:30. Lanetik ateratzeko ordua. Oso nekatuta nago, baina 17:00ean hitzordua egina dut herriko taberna batean txikitako lagunekin. Ni  iristerako denak bertan zeuden. Mahaian eseri eta hizketan hasi gara. Halako batean, nire lagunetako batek, kezka aurpegia ezin disimulaturik, galdera bota dit aurpegira. Eztanda egin dit begien aurrean. Gorrotoaren sua piztu dit hesteetan. 

 

_ Gaur goizean, ogitara nindoala, zure emaztea ikusi dut okindegian. Gajoa! Begia morea, ezpaina lehertuta… esan dit bai, ate batekin estropuz egin zuela, ezta? 

 

_ Ez da ezer larria. Badakizue nolakoa den, beti ilargian egon ohi da eta… 

 

Elkarrizketak beste norabide bat hartu du, baina jada beti eraman ohi dudan irribarrea lausotzen hasi da. Ni beti umoretsu eta jator azaltzen den gizona. Ni besteei laguntzeko eta zaintzeko eskaintzen dena. Ni besteen begietan eredugarri eta maitakorra den senarra. Ez jakin zainetan amorrua biltzen zaidala. Gorrotoak itsutzen nauela. Amesgaiztoak korapiloak sortu eta amildegitik botatzen duela nire ontasun gogoa. Oihuekin eta mehatxuekin erasora pasatzen naizela. Ezinbestean, basapiztien modura, eromenenaren zurrunbiloan. 

Aitzakiaren bat jarri eta etxerantz abiatu naiz. Lagunak ez dira ezertaz ohartu. Ez da lehenengo aldia emazteari buruzko gezurren bat esan diedala. Ezagutzen dute eta badakite ez zaiola jendearekin egotea gehiegi gustatzen. Etxean egotea gustatzen zaiola uste dute. Ez lukete ez sinetsiko jendearekin egon dadin nahi ez duena ni naizenik. 

 

Izan ere, norbaiti irribarre egingo balio, akaso, eromenak neureganatuko ninduke. Agian, hizketan ari delarik, nire izaerari buruz zerbait esaten ariko zela pentsatuko nuke. Ez, ez naiz berataz fio. Ez du nahita egiten ziur. Nahi gabe ateratzen zaio inozoa, leloa eta hauskorra izatea… nahi gabe, niri gorrotoa, indarkeria eta mespretxua ateratzen zaizkidan modu berean. 

 

Gaurkoan behintzat ez dute galdetu seme-alabarik ez ote dugun izango. Beraiek ez dute ulertzen haur bat izanez gero zertan bihurtuko nintzatekeen. Alde batetik, ez dut nire emaztea haur txiki bat zaintzeko moduan ikusten. Bere burua zaintzeak ere lanak ematen dizkio. Ni zaindu behar ninduke eta gehienetan bere lana taxuz egiteko aitzakiaren bat izaten du. Hain zaila al da bazkaria prestatzea eta etxea txukun izatea? Ez al diot ba beste dena nik eskaintzen? Ez naiz ni alferrik lanera joaten! Alferkerian ohitu da… emakumea beharrean, neska txiki negarti bat tokatu zait antza. 

 

Gainera, haur bat izatekoak bagina,  oso erraza izango luke edozeini, gehienbat mediku eta erizainei, etxean gertatutakoak salatzea. Etxetik maiz atera beharko luke, ondorioz zauriak estaltzea eta izkutatzea zailago izango litzateke. Badakit, bere betiko ametsa izan da seme-alabak izatea. Azkenaldian ordea, hori ahaztuta dauka. Beste gauza batzuk ditu buruan. Txorakeriak gehienetan…

 

Gure etxea geroz eta gertuago dago. Gurea diodanean, nire etxeaz ari naiz. Neronek ordaindua baita. Emazteak lana ezkondutakoan utzi zuen, nik eskatuta. Aitak ere horixe egin zuen gure amarekin. Gure ama… hark ere ez zituen gauzak ganoraz egiten. Gogoan ditut aitaren oihuak gauean eztanda egiten. Pena sentitzen nuen orduan. Orain berriz, aita geroz eta gehiago ulertzen dudala esango nuke. 

 

Ama hil zenean aitak ez zuen negarrik egin. Aita hil zenean, ezta nik ere. Nire sentimenduak pixkanaka gordintzen joan direla esango nuke. Errua? Ez dakit. 

 

Eskilaretan gora noa igogailua hartzekotan. Etxerantz geroz eta gehiago hurbiltzen naizen heinean, haserrea gehiagotzen doa. Zergatik egin dizkidate hainbeste galdera? Zergatik izan behar ote naiz egia azaltzeko beldur? Zergatik ezin dut esan egia? Ezkondu nintzen emakumea gehiegi maite dudala eta ondorioz niretzako soilik nahi dudala! Eta zer jasotzen dut ordainetan? 

 

Etxeko atea dut aurrean. Argitasunez pentsatu nahi eta ezin. Dena alferrik da. Nire barnean sua besterik ez dago. 

 

Atea irekitzen hasi naiz eta etxe barruko soinuak entzun ditut. Isil isilik sartzea erabaki dut. Etxean inor ez dagoela dirudi, baina badakit etxean dela. 

 

Maite dudala esan nahiko nioke, baina … ezin. Nahi gabe betiko dantza hasi dugu ezinbestean. Egunez egun… irribarre denak lokazteraino.