Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

CLAUDIA PARRA LAZCANO

B Maila Prosa aipamen saria
Ni, Claudia Parra Lazcano, 2007ko martxoaren 13an jaiotakoa naiz. Orain dela hilabete gutxitatik, lazkaotarra naiz, nahiz eta sentimenduz beti beasaindarra izango naizen. Txikitatik Beasaingo La Salle izan dut bigarren etxe. Zoritxarrez aurten dut azkeneko urtea. Zaletasunei dagokienez, saskibaloian jokatzea, musika jotzea eta lagunekin ateratzea dira aipagarrienak. Gaur zuengana nator errealitatea islatzen duen historia batekin. Pertsona askok sufritzen dute gizarteak beraiengandik espero duten kontrakoa direlako. Ipuin hau egoera honetan aurkitzen diren guztientzat idatzita dago. Espero gustuko izatea!
CLAUDIA PARRA LAZCANO

AGUR

 

100 m. Bakarrik. Agur esateko prest. Baina…Nori?

 

Begiak lehenengo aldiz ireki nituen momentutik, argia nintzen - Amak betidanik esan didan bezala. Bonbillak sorrarazten zuen argia alferrikakoa zen logela erraldoi horretan, ni bainengoen. Eguzkia unibertsoan bezala, ni lurrean eguzki. Denaren erdigunea, denaren argitasuna, baina atzean, ezkutuan, munduan bakarra egiten ninduen horrekin. Baina…

 

Euskarako irakasle batek, orain dela gutxi erakutsi zidan bezala, gure bizitza ibai bat da, beti mugimenduan, ekinean, etengabeko aldaketan eta aurrerapenean dabilen ibaia. Horregatik ez luke inoiz gelditu behar, nahiz eta suertatzen den. Zergatik? Zergatik uzten dio bat-batean ibai horrek isurtzeari? Bakardadea agian?

 

Musikak sostenitu askorekin jotzen zuen nire ibaiaren hasieran. Kortsea askoz, sostenituz, abiadura handiz osatutako musika. Alaitasunak bereganatzen zuen nire bizitzaren musikaltasuna. Baina…

 

Urrea adina preziatua nintzela zioten txikitan, inoiz nire gurasoen begietatik pasatutako gauzarik distiragarriena eta baliagarriena. Baina…

 

Orduan lehengo maitasunei eman nien ongi etorria, bihotza hogeita hamar zatitan puskatu zidaten horietako askori. “Eroriz ikasten da oinez” amonaren hitzetan. Indarrak berreskuratu bezain laster, altxatu, hausnartu, ikasi eta eskerrak eman. Eskerrak gizarteak zugandik espero duenaren kontrakoa zarelako. 

 

“Lesbiana zarela jabetu zara, ezta?” atera zitzaion negarrez nire aurrean eserita zegoen emakume hari, nire historia kontatu ondoren. Ur tanta gardenez josita zuen aurpegia, begietatik atera eta ahora sartzen zitzaizkion milako horietakoez josita. Hain txarra al da? Agian bizipen berdina izan zuen, agian norbait gogorarazten nion, agian, agian, agian,...

 

 Gogoan dut Maddi, ikasgelan nire alboan esertzen zen neska hura. Hitz egiten zidan bakoitzeko, ezezaguna zen sentimendu batek betetzen ninduen. Baliteke maitasuna izatea? Halaber, burura etortzen zaizkit garai hartan hainbeste hitz egin ziren Harry Potterren filmak. Harry beraien maitasun platonikoa zela zioten lagun guztiek, nik, berriz, ezin begirik kendu Hermioneri. Baliteke neskak maitatzea? Orduan, nik eduki nuen emakume hark eduki zuen erreakzio berdina. 

 

Gorputz guztia indargabetzen hasi zela sentitu nuen. Airea ez zen kapaz biriketara sartzeko, hankak zuzen mantentzeko, begiak txiribitak besterik ez ikusteko; digestio aparatua aldiz,  jirabiran aspaldi jandakoak zorabiatzen nindutela.

 

“Kristauak gara, hori ez da guk irakatsi dizuguna” esaten zuen amak. “Ez zaitut berriro ikusi nahi” esaten zuen aitak. “Ze heziketa jaso duzu zuk! Betidanik esan dizut ba, “zer ikusi, hura ikasi”, bederen honi kasu egin bazenio!” esaten zuen aitonak. Eta gehien maite nuen pertsonak, amonak, hitzik gabe, begirada gris harekin, ezpain estutu haiekin  eman zidan bere ikuspuntua. 

 

Eskuetan zuen makina lorez jositako mukizapia, mantxo-mantxo begietara eramaten ari zena. Bere hankek, berriz, mugimendu txikiak egiten zituzten, lurretik arrastaka zihoazen, indargabetuta baleude bezala. Pauso bakoitza elkarrekin bizitako oroitzapen batekin lotzen nuen. Bat, ostegunero berarekin jaten nuen paella. Bi, goibel nengoenean, mozorrotu eta dantza egiten genueneko unea. Hiru, egun berekoak garenez, urtebetetze egunean elkarrekin kandelak itzaltzen genituenean. Lau….ate atzetik ezkutatu…, eta agur. Inoiz arte! Beti maiteko zaitut amona!

 

Gurasoek kale gorrian utzi naute. Kalean bakarrik nago. Txikitatik ezagutu ditudan bizilagunek ez ezagunarena egin eta familiakoek niri buruz ezer ez entzun nahi. Lagunak, berriz, berria entzun eta nire ibaitik atera. Zer egin dezaket nik orain? 18 urte ditut, babesik gabe, bakarrik, nire mundua osatzen duen unibertsorik gabe.

 

Baina...Sorrarazten nuen argitasunari agur. Bonbilla batek -honaino- esaten duenenan bezala, berdina nik. Sostenitu guztiei agur, baina bemolei kaixo. Kortxeei agur, baina zuriei kaixo. Abiadurari agur, baina dezelerazioz egindako musikari kaixo. Eta esaera zaharrak dioen bezala “distira guztiak ez dira urre”.

 

Esaidazu arrazoi bakar bat ibai honi bukaera ez emateko, ura isurtzen jarraitzeko, nire emaria haunditzeko…

Orduan…. SALTO!