AMAIA SARASOLA AUZMENDI
MIRARIAK EZ DIRA MIRARIZ GERTATZEN
Udazkeneko egun ilunenetan, hostoen eta pentsamenduen dantzan, zirimiriz zipriztindutako zoruan islatuta aurkitzen du bere burua Mirarik. Mirariren buruaren barnean pentsamenduak, hostoek haizearekin osatutako zurrunbilo batean biraka. Biratu da ezkerrera, ezkerteak gora egiten ikasi zuen zuhaitza du parez pare. Pareko zuhaitzean nabarmentzen diren udazkeneko hosto gorrixkei aurre hartu die bere begiradak. Begiratu du aurrera, lausotu du kolore gorrixka eta iltzatu dio begirada parez pare duen konfiantza eta errespetuzko urdin koloreko itsasoari. Itsasoaren ezerezaren erdian dago itsasargia, galdutako begirada hotzak berotu nahian.
Beste egun batez jaiki da Mirari kostaldeko herrian. Herria inguratzen duen egunsentiak haren gelako logelaraino dakartza bere argi izpiak. Argi izpiz marraztutako bidean islatuta aurkitzen du bere itzala. Itzalak eraman du etxeko atea irekitzeraino. Ireki du etxeko zein bere barneko atea eta abiatu da lasterka beste ate bat aurrez aurre zabaltzera, alegia, egunsentiak portuan duen erakusleihoa. Erakusleiho batetik txotxongiloz beteriko beste erakusleiho batera egin du Mirarik salto. Saltoka dabiltza txotxongiloak, musikarekin dantzan, eta sokekin egiten dituzten korapiloak dira haien baturak. Batu du aterkia belkroarekin zirimiria gelditu denean eta jarraitu du bidean aurrera. Aurrera jarraitu ahala, zeruaren urdintasunean ikusi du ostadarra, guztion begiak indartzen dituen zubia.
Arratsaldean, zubiaren inguruari eman dio bira. Biran, itsasora begiratuz pasa ditu zenbait minutu. Minutu bakoitzak balio izan dio haren gorputza eta arimaren mugimendua sentitzeko. Sentitu du bihotza taupaka eta odolak gorputzaren barnean egiten duen zirkulazioa. Zirkulu batean biraka dabilen honetan haizea kontran duela somatzen du denbora osoan. Osatu ditu partituraren hutsuneak itsasoaren amaigabeko doinuaz. Doinuz doinu, olatuz olatu, pausoz pauso iritsi da Mirari harea xehez osatutako hondartzara. Hondartzaren lurretan utzi ditu neskak oin markak. Markak hondartzan utziz bueltatu da etxera.
Itsasoaren amaigabeko doinuaz osatutako partitura hartu eta jarraitzen hasi da. Nahiz eta dena ilun egon, nahiz eta sekulako hotza egin, gelako bonbilla itxurako lanpara piztu eta hasi da lanean. Landu ditu hainbeste maite dituen la minorreko notak. Notaz nota, konpasez konpas eta pentagramaz pentagrama osatu du kantua. Kantuan ari zela sentitu ditu ahots kordak korapilatzen. Korapilatu zaizkio ahots kordak baina askatu du barruko traba. Traben gainetik salto eginez lortu du estutasuna askatzea.
Estutasunak askatuta oheratu da Mirari, bere buruarekin libre antzemanez. Antzemandako argiarengatik gerturatu da leihora. Leihora begiratuz ikusi du izarrez inguratutako ilargi erdia. Erdiko leihotik ere ikusi ditu izar distiratsuak. Distirak ez du neska gaztearen loa eragotzi. Eragozpenik gabe agurtu du gaurko eguna eta eskua luzatu dio biharkoari. Biharkoari ongietorria eman bitartean amestea eta desioak berpiztea du premiazko. Premiazko betebeharrak betetzeko argia itzali, begiak itxi eta burua abian utzi du, bere eginkizunak egin ditzan.
Egun berri batean murgildu da berriz. Berriz sumatu du aukera berri bat. Bat-batean hasi dira oilarraren goizetako kantuak. Kantatu du Mirarik atzo berak sortutako melodia eta entzun ditu bitartean leihotik datozten haize zurrunbiloek osatutako burrunbak. Burrunbaka entzun du sabela ere eta gosaltzera joan da, egunari ilusioz aurre eginez. Egin ditu egin beharrekoak eta irten da kalera. Kalera irtetzeko tartean ispiluaren aurrean islatuta aurkitu du bere burua Mirarik. Mirarik buruaren barnean zituen hitz solteak esaldi batean elkartu ditu, atzo sortutako kantuko azken estrofa asmatuz. Asmatutakoarekin pozik geratu eta bidean aurrera egin du.
Bidean aurrera zihoala ikusi du itsasontziaren etorrera. Etorrerarekin batera ainguratu diote aingura. Ainguratu zaio bihotza Mirariri egoera ikustearekin batera. Bateratu ditu indarrak eta ibiliaz iritsi da helmugara. Helmugan, antzokiko atearen aurrean, ikusi ditu bere lagunak eta haiengana gerturatu da, gogotsu. Gogotsu sartu dira antzokira ere eta txotxongiloz osatutako agertokiari begira geratu dira, zur eta lur.
Euria goitik behera ari duenez, eguneko gainerako orduak etxean igarotzea erabaki du bazkal ondoren. Hondoratu da haren ideietan eta eskumuturreko polit bat egiteko desiran hasi da hariak askatzen. Askatu du barneko indarra eta ekin diot ukaraikoa egiteari. Egin du lehen korapiloa. Korapiloaren aurreneko saiakerarekin batera eman dio hasiera harien arteko bendari. Bendaz benda lortu du haritik eskumuturreko bikaina bideratzea, orri zuri batetik ipuin ederrenak sortzea bezalaxe.
Trumoi hots kirrinkari batekin batera entzun du Mirarik alarmaren soinua. Soinuarekin batera piztu zaio oroimena. Oroimenaren eta oroitzapenen arlora joz, zuhaitz genealogiko bat egiteko egin du alarmak bere deia. Deitu die ingurukoei laguntza eskatuz. Eskatutakoa eskuratu eta eman dioten laguntzarekin lortu du zuhaitzaren estekak ondo batzea.
Zabaldu ditu Mirarik begiak itsasargiaren argiarekin eta argi izpiz osatutako zoruan islatuta aurkitu du bere burua. Buruaren barnean zituen pentsamenduak kantuz atera ditu, lagunduz itsasoaren amaigabeko doinuaz. Doinuaren indarraz korapilatu zaizkio ahots kordak eta askatu ditu ukaraikoa egiteko hariak. Harien arteko bendaz askatu ditu txotxongiloak eta era berean, elkartu ditu buruan zerabiltzan hitz solteak. Solte zeuden zuhaitz genealogikoko estekak batu eta ezkerteak gora egiten ikasi zuen zuhaitzak dituen sustraiak finkatu dituzte. Finkatuta dagoen zubitik igaro da Mirari, bi aldeak ostadarrak kateatzen dituen bidetik. Bidean aurrera jarraituz iritsi da hondartzara. Hondartzan errotuta ikusi du atzoko itsasontziko aingura. Ainguratuta geratu zaio bihotza. Bihotzez, benetan bere sentipenak sentituta, utzi ditu oin markak harea xehez osatutako hondartzan. Hondartzan, estutasunak askatuta, hondoratu da Mirari bere ideietan, hondoratu da itsasoan.
Itsasoan hondoratuta askatu du benetako zama, aste osoko zama. Zamarekin batera askatu ditu loturak, aste osoko korapiloak. Korapiloak libratzearekin batera, konturatu da guztiak duela lotura bat. Loturen kontzientziaz, harea xehez osatutako hondartzako arroketako batean esaldi hau markatu du, oin markak ez bezala, betirako iraun dezan: Mirariak ez dira mirariz gertatzen.