Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

ENEKO ALTUNA EGIGUREN

A Maila Prosa aipamen saria
Eneko Altuna Egiguren naiz, 17 urteko beasaindarra. Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz aurten, eta txikitatik izan dut gustuko literatura eta fikziozko istorioak. Nire beste zaletasunetako batzuk futbola eta kriketa dira.
ENEKO  ALTUNA EGIGUREN

ERREALITATE KRUDELA

 

Gasteiz. 1995eko uztailaren 22a, asteazkena da. Egunero moduan, Maddi ohetik jaiki da, iratzargailuak ohartarazi baitio zortziak direla. Mesanotxean duen agendan begiratu du zer duen gaur egiteko, eta ezer berezirik ez dagoela ikusita, ohean etzan da ostera. “Sikiera enkarguren bat banu!” esan du bere golkorako. Gogoratu du bere familiarekin bizi zenean dena alaiagoa zela, benetan zoriontsu izan zela. Duela bost urtetik hona, ordea, guztia pikutara joana zen. Ama errepideko istripu batean hil zitzaion, ahizpa bere senarrarekin bizi zen ehun kilometrora, eta aitak jada ez zuen ezer jakin nahi aurretik hainbeste maite izan zuen familiaz.

Oraina gustuko ez dugunean gizakiongan hain arrunta den aldetik, iraganeko momentu zoriontsuetan murgildu du burua neska gazteak, egunetik egunera bizi duen egoera krudela betiko saihestu baleza bezala. Prozesu horretan, behin baino gehiagotan pasa zaio burutik ea zerbait duen egiteko edo zeozer ahaztu ez ote zaion, baina alferkeriak eta etsipenak berriro errealitatean zentratzea eragotzi diote. Izan ere, batzuetan horrela sentitzen da Maddi ondoen, errealitatetik urrun eta inguruan duena alde batera utziz eta bere munduan murgilduz, han berak eta bere imajinazioak bakarrik agintzen baitu.

Ez da denbora gutxi egon Maddi memoria deritzon barne-liburutegi hartan begira, gustuko duen oroitzapen baten bila. Izan ere, iraganean ere ez da dena zoragarria, askotan memoria gogokoenen bilaketan gustatu ez zitzaizkigunak aurkitzen ditugu, eta ondoeza baretzeko hasi genuen bilaketa hori infernua bihurtzen da lerro kronologikoan gaur egungo egoerarekin topo egiten dugunean. Maddiri hori gertatu zaionean, berehala galdu du interesa, ez baita lehen aldia. Azken aldian triste samar dabil, ikasturtea bukatu zenetik arazoak besterik ez zaizkio pilatu, eta uste du depresioa izango duela martxa honetan jarraituz gero. Psikologoarenera joatea gustatuko litzaioke, baina diruz eskas dabil, eta zerbitzua garestia da.

Barne-bidaian izan duen esperientzia txarra medio, egonezina sentitu du, bere biziarekin berehala zerbait egin beharko balu bezala. Askotan gertatu izan zaio hau Maddiri; sofan eserita egon ezer egin gabe, bizitzaz gogoeta egin, eta galdu dituen egun guztiak berreskuratu nahi balitu bezala jokatu. Bat-batean, logela txiki gelditu balitzaio bezala eta inguratzen duten lau paretek zanpatu egin behar balute bezala, mundura irtetea otu zaio, eta gogo handirik gabe gosaldu ondoren, 10:30 aldera irten da etxetik Maddi, paseatzeko asmoz, atea itxi duela bizpahiru aldiz frogatu ondoren.

Hain dabil gaizki Maddi, ezen azkenaldian bere gaitasun guztiengan konfiantza edukitzeari utzi baitio. Ez daki hau kontzienteki edo inkontzienteki egin duen, baina orain bi aldiz pentsatzen du egin beharrekoa, zalantzan jartzen du bere zentzumenekin hautematen duena, eta ez da gauza erabaki bat, txikia izan arren berau, inorekin kontsultatu gabe hartzeko. Arazo hauen jakitun, baina bizitza gordinari aurre egiteko gogotsu, bi aste etxean sartuta egon ondoren kalera irten da Maddi. Berriro ere zerbait ahaztu zaion sentsazioarekin.

Kalera irten bezain pronto, arindua hartu du neskak. Aspaldi atera gabea zen etxetik, eta normala denez, on egin dio uztaileko goiz bero honetan sumatzen den giro politak. Aspaldian egiten zuenez korrika hasteko gogoa piztu zaio, baina pentsatu du gaurkoz nahikoa izango dela oinez ibiltzea. Ibilaldia ezin hobeto hasi da: eguraldia lagun du, txikitako pare bat adiskiderekin topo egin du, eta baita haiekin hitz egin ere; eta hirian egin duen ibilbideak amarekin txakurra paseatzera ateratzen zuenekoa gogorarazi dio. Maddi, falta zuen motibazio puntua eskuratuta, azken asteetan galdua ematen zuen konfiantza berreskuratzen joan da pixkanaka-pixkanaka.

Bera, ordea, betidanik izan da neska zalantzatia, batez ere, bere buruarekiko. Ibilaldia aurrera doan heinean, ezin izan ditu etorri zaizkion pentsamendu ilunak ekidin. Une batetik bestera, eguzkia dagoen egun batean hodeiak agertu, lainoak pilatu eta ekaitza hasten den moduan, ingurua gainera etorri zaio, eta biluzik sentitu da kalean hona eta hara dabilen jende mordoaren artean. Beti izan ditu gorabeherak, baina honelakorik ez, orain arte. Gaur arte, bere aldarte edo pentsaera aldaketak kontrolatzeko gai izan da. Orain, aldiz, etxetik urrun dago, eta hori gutxi ez balitz, galderak eta zalantzak besterik ez zaizkio etortzen burura: “Zergatik ez naiz etxean gelditu?”, “Zer pentsatuko luke amak?” edo “Zerbait gertatuko zait. Ez naiz hemendik aterako”.

Ingurura begiratzen duenean, jendea begira duela sumatzen du, ez du begiratu beharrik. Begiak ixten baditu ere, begiradak nabaritzen ditu berarengan, mundu guztia berari so balego bezala. Aski da. “Ezin dut gehiago” dio bere buruari. Bizitzan egin dezakeen azken gauza bailitzan, oihu egin du. Berak ere ez daki zer oihukatu duen, baina berdin dio. Oihu egin ondoren, korrika atera da kilometro eskas batera duen etxebizitzara, tarteka atzera begiratuz, ziztu bizian. Bidearen erdian, bere buruari galdetu dio zergatik ari den korrika batean etxera bidean ero moduan, eta ez daki. Fundamentuzko arrazoirik balego ere, ahaztu zaio zein den ekintza hori egitera behartu duen zioa. Edozein izanda ere, ia larrutik ordaindu du, semaforoari jaramon ez egiteagatik bi aldiz egon baita istripua izateko zorian. Bidean, auskalo zerren aurkako lasterketan zebilen bitartean, holakoak entzun ditu:

-Aita, zer gertatzen zaio?

-Nora doa neskato hori? Burutik dagoela esan didate.

Izerdi-patsetan, eta kostata, baina azkenean iritsi da pisura. Sartu bezain laster, arnasestuka, dutxan sartu da, eta pixka bat lasaitu ondoren, sofan eseri da, hausnartzeko. Pentsatu du duela bi aste atera zenean ondo ibili zela, eta handik aurrerako egunetan ere baietz, nahiz eta beti izan dituen gorabeherak. Berriro ere, pentsatu du momentuz onena bere burua pentsamenduetan murgiltzea eta denborari igarotzen uztea izango dela. Askotan pentsatzen du denborari igarotzen uztea egin dezakeen astakeriarik handiena dela, izan ere, bizitza aprobetxatu egin behar da, eta hau mugatzen duen aldagai bakarra denbora da. Pentsatuagatik ere, orain ere sofan dago, ezer egiteko gogorik gabe, eta bere oroitzapenetan murgiltzearekin batera, bere ingurua lausotzen joan zaio, erabat bere “liburutegian” sartu den arte.

Halako batean, ordea, amets amaigabe batetik esnarazi balute bezala, jauzi batekin altxatu da sofatik Maddi, bere atzean entzun duen ahots batek aztoratuta:

-Hemen gara!

Hara non dauden Maddiren lagunak: Pello, Leo, Ane eta Sara. Hasieran zur eta lur gelditu da bere lagunak hor daudela ikusita, uste baitzuen lanpetuta zebiltzala eta ez zirela bera bisitatzera joango. Dena den, harridura baino lehenago, bere gorputzean duen sentimendua poza da, eta hori dela eta berehala utzi ditu alde batera galderak eta bestelakoak. Lagunek esan diote bera ikusteko gogoa zutela, eta sorpresa bat ematea otu zaiela. Aspaldi elkar ikusi gabeak zirenez, baita lagunak haien artean ere, kontu-kontari aritu dira, bakoitza zertan dabilen jakiteko. Maddi triste sentitu da, beste laurek lan finkoa baitute jada, eta berak, iaz ikastetxe batean ordezko irakasle gisa jardun ondoren, ez baitu lanik.

Sarak, elkar ikusi dutela ospatzeko, festa egitea proposatu du, batxilergoan egiten zituztenetakoa. Maddi oso nekatuta dago, baina salbuespen gisa, onartu egin du. Beraz, festa batean behar diren elementu guztiak bildu dituzte: janaria, kaseta musika ipintzeko eta lekua egin dute egongelan dantza egiteko. Peiok, lagun-taldeko arduratsuenak, pentsatu du ea ez ote duten eraikineko norbait gogaituko zaratekin, baina pentsatu dute udako arratsalde batean zilegi dela etxebizitzan festa antolatzea, azken finean, gazteak baitira.

Behin festa hasita, ordea, kezka horiek guztiak alde batera utzi dituzte. Bostak, Maddi barne, gozatzen ari da: bapo jan dute, eta musikaren erritmora dantza egiten ari dira, aske, nahi duten moduan. Hala ere, festak beste norabide bat hartu du, Anek Maddiren etxean ezkutatuta zeuden alkohol botila mordoa atera dituenetik. Maddik, disimulatzen saiatu arren, ezin izan du etsipen aurpegia kendu bere aurpegitik. Betidanik gorroto izan du alkohola, eta berarekin datorren guztia, eta askoz nahiago ditu tartean alkoholik ez duten festak. Hala ere, gizartearen parte dela onartuz, nerabea zenetik inoiz ez dio ezezkorik eman alkohola edateari, eta alderdi horretan ez da izan ardi beltza. Gustatuko litzaioke hori egiteko adorerik balu, baina beti etsi izan ohi du.

Beraz, musikak, eta lagunek bultzatuta, gazteak alkohola edaten hasi dira, neurririk gabe, eta mozkortuta bukatu dute, konortea galtzeraino ia. Arratsaldeko zortzietarako jada denak lurrean botata daude, lur jota eta hainbeste edan izanarekin damutuz. Une honetan akituta egon arren, Maddik poztasun sentimendua du aspaldiko partez, lagunekin baitago. Itxaropena ere nabari da mozkorraren aurpegian. Maddi, osasunez ahulen dagoela-eta, besteak baino are okerrago dago, eta zeozer hartu beharra du duen buruko mina arintzeko. Halako batean, esperantzarako tunela balitz bezala, begiek bidea ireki diote sukaldeko mahai gainean dagoen plastikozko bildukin urdin batera. Normalean egiten duenaren aurka, eta bi aldiz pentsatu gabe, ahal duen bezala joan da pilula zuri batzuk dituen kaxa txiki horretara, eta ur pixka batekin batera, gelditzen ziren bi pilulak irentsi ditu zurrutada batez. Irentsi ondoren, lagunen ondora iristeko burua itzuli du, baina ez ditu ikusi. Momentu horretan, piezak sakabanatuta dituen puzzlea osatu balu bezala, Maddi jaiki denetik pilula hartu duenera arte gertatu diren gauza guztiak lotzen hasi da, eta ozen esan du:

-Egia! Pilula!

Pilula hartu eta bi minutura, Maddik inoiz sentitu duen buruko minik handiena jasan du, eta une batean bere amaren ahotsa entzun duela iruditu zaio, agiraka egiten: “Hartu zan pilula goizero, tuntuna!”. Nekeak eta buruko minak jota lo seko gelditu aurretik, duela hilabete eta erdi, ekainaren 6an, medikuarenean izan zuen bisita etorri zaio burura.

-Eta, zer da azken hilabeteetan gertatu zaizuna?

-Batzuetan logelan nagoela zaratak entzuten ditut beste gela batzuetan, eta bakarrik bizi naiz. Behin nire amaren ahotsa ere entzun nuen, eta hilda dago. Gainera, oroimen-arazoak ditut, eta baita aldarte aldaketak ere maiz.

-Hori oso larria da, beharbada nahasmenduren bat duzu. Pilula hauek aginduko dizkizut, erosi farmazian. Egunero bat, esnatzen zarenean. Oso garrantzitsua da egunero hartzea, memoria-arazoak badituzu, egon ziur norbaitek gogoraraziko dizula pilulak hartzea.

Maddi, ordea, duela urtebetetik bakarrik bizi da, eta ez du inor etxean laguntzeko. Medikuak arrazoi zuen, goiz batean pilula ez hartzea nahikoa izan da kalean ero moduan korrika hasteko eta bere txikitako lagunak bere etxera doazela imajinatzeko. Maddi, bederatzi orduko loalditik esnatu ondoren, pilularen efektuarekin eta pentsatzeko moduan, gauza batekin konturatu da: ez daki zer gertatzen zaion, baina oso larria da, uste zuena baino larriagoa. Aldi berean, beste hainbat aldiz ere buruan izan duen buruhaustea etorri zaio berriro burura: Nahiago al du errealitate krudela eta monotonoa, asperduraz betea, berak imajinatutako mundua baino? Merezi al du ondo pasatzen duzun mundu batek nahiz benetakoa ez izan?

Izan ere, bere lagunekin egon den denboran, nahiz eta mozkortuta egon, ederki pasa du, eta pentsatzen du beharbada pilula hartzeari utzi beharko liokeela, “nire munduan nahi dudana egin dezaket, pikutara dena” pentsatu du. Azken finean, errealitatean ez du bisitatzera etorriko zaion lagunik, ezta familiakorik ere, ia. Hala ere, esaten dute itxaropena dela galtzen den azken gauza, eta etsipenaren mugan egonda ere, itxaropena aurkitu du Maddik. Erdi-negarrez ari zela, errealitatea krudela dela pentsatuz, amaren argazkiari begira, burura etorri zaizkio amak esango lizkiokeen hitzak, beti esaten zituenak. Kasu honetan ez dizkio gaixotasunak oihukatu, amaren argazkia begiratzearekin batera etorri zaizkio:

-Errealitatea dena da, eta bizitza haren aurkako borroka da.

Irribarre egin du Maddik, aspaldiko partez. Amak arrazoi du, errealitatea bat eta bakarra da, eta etsitzea edo bertatik ihes egiten saiatzea borroka galtzea litzateke. Hobe da errealitatea bide onetik eramaten saiatzea eta bizitza berreraikitzea norberaren munduan ibiltzea baino, bakoitzaren sentimendu gorabeheratsuen menpe. Egunkarian uztailaren 22an “0.eguna, hasiera berria” jarri ondoren, bere burua, bere arazo eta egoerarekin onartuko duela zin egin du, eta begiradan aspaldi izan ez duen bizitasuna nabari zaiola, bizikleta hartuta joan da kalera.