Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MAIALEN ZUNZUNEGUI TAPIA

A Maila Prosa 2. saria
Maialen Zunzunegi naiz, 16 urteko legorretarra. Nire zaletasunen artean saskibaloia, musika eta literatura daude, lagunekin denbora pasatzea gustUko dudan arren. Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea, kultura berriak ezagutzeko. Bost kidez osatutako familia bateko gazteena naiz, nire ahizpak, Iratik, 21 urte ditu, eta zaharrenak, Aitorrek, 23.
MAIALEN ZUNZUNEGUI TAPIA

ZER DA ZORIONTASUNA?

 

Astelehena da. Beste astelehen luze eta aspergarri bat. Eguraldi kaxkarra ari du, ez du euri askorik egiten, zirimiria besterik ez. Zirimiria, etengabeko euri xume hori. Kaleak ilun daude. Jendea lanera doa eta izango gara bizpahiru kale beretik goazenak, baina ez da hotsik ere aditzen inguruan. Bakoitza bere baitan murgilduta doa. Nire aurreko gizona trajez jantzita doa, karpeta batekin ezkerreko eskuan eta kafe batekin eskuinekoan. Bospasei aldiz begiratu du erlojua dagoeneko eta geroz eta pauso bizkorragoan dabilela dirudi. Ziur nago lo hartu eta berandutu egin zaiola. Nire eskuinean aldiz, beste aldeko espaloian, emakume gazte bat dago. Ez guztiz gaztea, hogeita hamar urte ingurukoa agian, ez dakit. Pauso geldoan dabil, ez dirudi egiteko gauza gehiegi duenik. Agian goizean goiz esnatzea gustuko du eguna hobe aprobetxatzeko, edota agian ezin zuen berriz lorik hartu. Dena den, ni naiz kale honetan institutura bidean dagoen pertsona bakarra. Denak oso helduak dirudite, bizitzan gauza garrantzitsuak izango balituzte bezala. Nik ordea ez.

Eskolara iritsi eta nire gelan sartu naiz. Bakarrik nago, ez du inork nirekin egon nahi. Ez dut oso lagungarri izateko famarik. Ez gaizki ulertu, baditut lagunak, baina geroz eta zailagoa egiten zait haiekin tontakeriei buruz hitz egitea edo beste edozein plan egitea. Nekaturik nago. Oso nekaturik. Beraz, gelan sartu eta nire lekuan eserita itxaron dut irakaslea etorri arte. Bakarrik. Filosofia eduki dugu lehenengo orduan eta matematika bigarrengoan. Denbora inoiz baino astiroago zioala iruditu zait. Klaseak amaitu ondoren bi lagun ea asteburuan zer egin dudan galdezka etorri zaizkit, nik “ezer ere ez” erantzun eta konbertsazioa amaitutzat geratu da. Baina egia da, asteburu guztia nagikerian igaron dut ohetik atera ezinik. Amak zerbait egiten hasi behar dudala errepikatzen dit behin eta berriz, baina ez du ulertzen. Egunero ohetik jaikitzea geroz eta zailagoa da. Baina ez diet hori guztia kontatzen asperrarazi nahi, zer pentsatuko dute bestela nitaz? Nekeak gainditu egiten nau eta ez dut inorekin hitz egiteko gogorik. Amak egunero ea zer moduz nagoen galdetzen dit, eta nik, eztarrian korapilo batekin “ondo” erantzuten diot.

Afaldu eta logelara igo naiz, ohean sartu eta mugikorra hartu dut. Denbora bat igaro ondoren, hau itzali eta begiak itxi ditut loak harrapatuko nauen esperoan. Bat-batean negargura sartu zait. Ez dakit zergatik. Malkoak nire masailetik erortzen utzi ditut eta nire buruari galdezka hasi naiz “zer gertatzen zait?”, “zergatik ari naiz negarrez?”, “zergatik sentitzen naiz hain gaizki?”. Galdera ugari baina erantzunik ez. Orduak igaro dira, bata bestearen atzetik. Hamabiak, ordu bata, ordu biak, hirurak. Ohartu naizenerako goizeko laurak ziren.

Hurrengo goizean esnatu eta komunera joan naiz aurpegia garbitzera, begiak gorriturik eta puzturik ikusi ditut, badirudi ez dudala lorik egin azken bi hilabeteetan. Egia esan, hala da. Behera jaitsi eta amak mahai gainean utzi dit prest gosaria, behin eta berriz errepikatu diodan arren ez dudala goserik. Badakit nitaz kezkatzen hasi dela, edo agian nazkatzen, ez dakit. Baina ez dut indarrik ez kemenik ezer ere ez egiteko, ezta jateko ere.  Hala ere, bere kexak ez entzuteagatik, jaten hasi naiz. Eskolara bidean, atzoko emakume bera ikusi dut. Atzoko jertse berde eta  irribarre berarekin, gizona aldiz ez. Ikasgelara sartu, nire lekuan eseri eta beti bezala irakaslea etorri arte itxaron dut. Bakarrik. Gelako iskin batean. Inor ondoan izan gabe. Begiak ixten  nabaritu ditut, eta besterik gabe, utzi egin ditut. Lo ez hartzen saiatu naiz baina alferrik izan da.

            Etxera iritsi eta ama eta aita kezkaturik ikusi ditut. Seinale txarra. Egongelara eraman naute eta sofan eseri gara hirurok. Amak bere mugikorra piztu eta nire tutorearen mezu bat erakutsi dit. Irakurtzen hasi naiz.

“Egunon, mezu hau zuen alabaren jarreraz ohartarazteko idazten dizuet. Irakasle asko etorri zaizkit zuen alabarengatik kezkatuta ea ondo dagoen galdezka. Badirudi, gaizki nabari zaiola, ez du hitz egiten, ez da besteekin harremantzen, itxura tristea du, begiak gorri eta aurpegi itzalia. Ez zaio ondo ikusten. Zuen alabarekin hitz egitea gomendatzen dizuet eta nahi izanez gero, ondo egongo litzateke bilera bat egingo bagenu.

Besterik gabe, Marian Etxabe.”

Begiak mugikorretik altxa eta amak zera galdetu dit:

  • Ondo al zaude?

Nik beti bezala “bai” erantzun nahi izan dut. Baina ezinezkoa izan zait. Ezin izan diet malkoei eutsi. Negarrez hasi naiz. Aitak, gerturatu eta besarkada luze bat eman dit. Gustatuko litzaidake zer gertatzen zaidan kontatzea. Baina egia esan, ez dakit. Nekatuta nago eta inoiz aterako ez naizen zulo beltz batean harrapatuta geratuko banintz bezala sentitzen naiz. Harrapaturik. Etsirik. Nekaturik.  Gurasoek psikologora joatea ondo etorriko litzaidakeela esan didate. Psikologoa. Eroen eta txoratuen istorioetan bakarrik entzun dudan hitza, beraien hitzetan “oso lagungarri egingo zaizu”, eta etsiturik baietz esan diet.

           

Lehen saioa. Urduritasuna. Ezjakintasuna. Gela txiki bat da, ni sofa urdin argi batean nago eserita, eta bera aldiz, parean dagoen besaulki batean. Gelan landare eta liburu batzuk besterik ez daude. Leku lasaia da. Lasaiegia agian. Hizketan hasi da, niri galderak egiten, baina erantzuteko kemen handirik ez nuela ikusi eta berak jarraitu du hizketan. Saio interesgarria izan da eta arazo mentalei buruz hitz egin dit. Babesturik sentitu naiz. Esaten zuen guztia mundu berri bat zen niretzat berak zioen arren gazte askok esperientzia bera bizitzen dutela. Apurka askatzen joan naiz eta pare bat hitz segidan esateko gai izan naiz. Pixkanaka. Esan diot azken aldian nahi dudan bakarra ondo sentitzea dela eta saioa amaitzean zera galdetu dit:

  • Baina, zer uste duzu dela ondo sentitzea? Zer da zoriontasuna?

            Etxera bidean nindoala behin eta berriz errepikatzen nuen galdera bera neure buruan “Zer da zoriontasuna?”. Ez dakit. Galdera zaila. Maitasuna agian? Batzuentzat dirua? Laguntasuna? Ez dakit. Etxera iritsi eta ez zegoen inor. Eskerrak. Ez nuen inorekin hitz egiteko gogorik. Etxetik bueltak ematen aritu naiz asper-asper eginda. Azkenean, gauzak hartu eta aitonari bisita egitea erabaki dut. Bi autobus hartu ondoren ospitalera iritsi naiz behingoz. Aitonarengatik galdetu dut lehen solairuan eta emakume batek bere gelara eraman nau. Telebista ikusten zegoen. Ezer berezirik egin gabe. Denbora bat hitz egiten igaro ondoren, bi aldiz pentsatu gabe, zera galdetu diot:

  • Aizu aitona, zer da zoriontasuna?

Hasieran isilik geratu da. Zer erantzun jakin gabe. Baina gero hitz egiten hasi da:

  • Bada maitia, urtez urte, ahoz aho joan den kontakizun interesgarri bat. Badirudi, duela urte asko, bi deabru elkartu zirela. Bi gaizkin. Biak ados zeuden gizakiei zerbait kendu behar zitzaiela, zerbait oso preziatua, eta azkenean zoriontasuna kentzea zela hoberena erabaki zuten. Zoriontasuna. Baina non ezkutatu hau? Agian mendian? Ez ezta? Itsas azpian? Lur azpian? Egunak eta egunak igaro zituzten zoriontasuna non izkutatu asmatu nahian. Badirudi, geuk uste baina abilezia eta trebetasun gehiago ditugula. Inori ez zitzaion leku egokirik bururatzen. Zeruan? Munduko baso ezkutuenean? Ez zen nahikoa. Halako batean, bi deabruetako bati zerbait bururatu zitzaion, “eta haien barruan ezkutatzen badugu? Hain kezkaturik daude besteek zer pentsatu eta zer esango duten haietaz, nola jantzi, zer egin, nola jokatu besteen aurrean ondo geratzeko, pentsatuz hala zoriontsu izango direla, ez zaiela inoiz beraien barruan bilatzen hastea bururatuko”.

Inoiz ez nuen halakorik entzun. Badirudi oso kontakizun famatua dela, baina ni harriturik geratu naiz. Txundituta. Agian apur bat beldurtuta. Une hartan ohartu nintzen eta, gauzak aldatzea nahi banuen, neure esku bakarrik zegoela.