JUNE ANZA AUZMENDI
ASKE NAIZ
- Asko sentitzen dut. Nire doluminak.
Ez dakit zer egiten dudan hemen. Hau ez da gertatzen ari. Etxera joan nahi dut. Nik ez nuke hemen egon behar. Ez dut sinesten jada ez dagoela. Etxera iristean bertan egongo da seguru nago. Agian amets batean nago, amets gaizto batean, eta esnatzean dena beti bezala egongo da.
- Bera ikusi nahi duzu? -aitak bizkarrean besoa jarri dit, begiak gorriak ditu- Ez da beharrezkoa, ez da oso atsegina ikusteko, baina agian agur esateak on egingo dizu.
Ohe gainean nago botata, goizeko zazpiak dira, iratzargailuak jo du. Ezin naiz ohetik altxa, zerbaitek ez dit uzten. Nire gelako atea jo dute eta norbait sartu da logelara. Ama da.
- Egun on maitea. -ez dut erantzun, ez zaizkit hitzak ateratzen- Gaur ez daukazu eskolara joan beharrik. Zuen aita eta ni ere etxean geratuko gara.
Zuen. Gure aita. Biona.
- Edozer behar baduzu etorri edo deitu lasai, ongi? Jateko zerbait ekarriko dizut? -ohean mugitzen naiz baina ez dut ezer erantzuten- Beno, egin lo lasai, geroago egongo gara.
Muxu eman dit kopetan eta atea itxiz logelatik atera da. Nekatuta dago. Triste. Seguruenik negarrez pasa du gaua. Nik ez. Negarrez egon beharko nintzateke, baina ez dut ezer sentitzen, hutsune handi bat bakarrik.
Denboraren nozioa galdu dut. Ez naiz ohetik mugitu egun hartan etxera itzuli ginenetik. Jende asko etorri da bisitan, lagunak, familiartekoak… denak tristuraz begiratu, besarkada bat eman eta beste zerbaitetaz hitz egiten saiatzen dira. Ez dut ia ezer jan. Ez naiz eskolara joan. Gure gurasoak ere etxean geratu dira lanera joan gabe. Nitaz arduratuta daude. Dena oso isilik dago. Ez dago inor niri molestatzen edo musika gorrotagarria topetara jartzen. Familiartekoak etorri dira bisitan, denak ume txiki bat izango banintz bezala hitz egiten didate, baita gurasoek ere. Amorrua ematen dit. Ez naiz ume txiki bat. Hori esan nien oihuka gurasoei atzo gauean, beste gauza askorekin batera. Ezin dut. Ezin dut tratatzen nauten moduarekin. Ezin dut gertatzen ari den guztiarekin. Ezin dut ezer sinetsi. Amets gaizto hau buka dadila. Amets gaiztoa inoiz bukatuko ez dela pentsatu dut. Agian ez da amets gaizto bat, agian amets gaizto hau errealitatea da, nire errealitatea. Nire bizia. Hau benetan gertatu bada ez dakit zer egingo dudan. Nire egunak pozten zituen pertsona jada ez badago zer egingo dut nik. Gaizki sentitzen naiz. Beti liskarrean egoten gara. Gutxitan esan diot zenbat maite dudan. Eta orain? Orain ez badago, ezin baldin badiot esan, zer?
Eskolara joaten hasi beharko nintzateke, baina ezin dut nire logelatik atera begirada tristeak eta besarkada oraindik ere tristeagoak jaso gabe. Negar egiteko gogoa sartzen zait norbait ikusten dudanero, begiratzen nauten moduagatik, bera gogorarazten dit. Amonarekin nago etxean. Aita eta amak zerbait egin behar zutela esan dute. Sukaldera joatea erabaki dut. Logelako atea ireki eta pasilloa hutsik dago. Sukalderantz bidea egiten hasi eta ate itxiaren aurrean geratu naiz. “Ez sartu” eskuz eginiko kartela du itsatsita.
Bere logelara noa, aspertuta nago eta ez dakit zer egin. “Ez sartu” kartel hori berria da. Atea jo gabe sartzen naiz.
- Ez sartzeko! Ez al dakizu irakurtzen? Egia da ahaztuta nuen, irakurtzen ikasteko klasea saltatu zenuen txikitan.
- Zu bai barregarria! Zirkuak alde egin al dizu?
- Tximua ere hemen ahaztu dute dirudienez -eskuartean zuen koadernoa maindireen azpian ezkutatzen du disimulu gutxirekin- Joan zaitezke?
- Ez. -irribarre faltsu bat egiten diot- Zer da hori?
- Ez zaizu inporta
- Ez duzu berorik jertse horrekin? Kendu ezazu
- Ez. Utzi nazazu bakean, joan zaitez eta kartela irakurri hurrengoan.
- Bihotza, ondo zaude? -salto txiki bat ematen dut izututa, amona da, azkeneko aldian ikusi nuenean baina aurpegi hobea du- Barkatu, ez zintudan izutu nahi.
- Lasai, ez da ezer gertatzen.
- Zerbait jan beharko zenuke, esan didate ez zarela batere jaten ari.
Bere atzetik sukalderantz abiatu naiz. Telebista piztuta dago, amonari gustatzen zaion kotileozko programa bat botatzen ari dira. Mahaian lekua hartzen dut eta bera esertzen zen tokira begira geratzen naiz. Amonak janez betetako plater bat jartzen dit parean eta esertzen den bitartean nire begirada jarraitzen du. Segituan ohartzen da zerri begira nagoen.
- Zer moduz zaude? Hitz egin nahi duzu? -arretaz begira geratzen naiz, pentsatzen-
- Ez dakit
- Ni beti egongo naiz zu entzuteko prest eta ahal dudan moduan aholkuak emateko ere bai, badakizu hori ezta? Eta beste guztiak ere zuri laguntzeko daude -nire eskua hartu eta laztantzen du-.
- Ez, besteek ez dute hitz egin nahi. Ez gertatu denaz. Gertatu izan ez balitz bezala portatzen dira.
- Ez da erraza inorentzako, bihotza.
- Zailagoa egiten dute gertatu ez balitz bezala portatzean, baina begirada tristeak botatzen dizkidate hala ere.
- Ulertzen zaitut, baina zutaz arduratzen dira, ez dugu zu gaizki egoterik nahi.
- Eligatik egin ez zutena ez dute nirekin konponduko.
- Badakite, sinetsidazu.
- Inork ez du konponduko. -isilik geratzen gara eta malkoak bion begietatik ateratzeko borrokan daude- Ni… gehiago arduratu banintz, agian… orain… Eli -ezin diot negarrari eutsi-.
- Ez Luka, ezin diozu zure buruari hori egin, denok egin genezaken zerbait agian baina orain horretan pentsatzeak kalte besterik ez dizu egingo.
- Bakarrik arrazoia jakingo banu edo etxetik atera aurretik besarkatu izan banu edo
- Luka ez iezaiozu zure buruari hori egin bihotza -eskua geroz eta gehiago estutzen du- Elik ez zuen hori nahiko, bere anaiak bizian aurrera egitea nahiko zuen.
- Eliri berdin nion, ez zuen hori egingo nigan edo besteongan pentsatu izan balu amona.
- Batzuetan ez da horren erraza. Zure arreba ez da berekoia, berarentzat hoberena zena iruditzen zitzaiona egitea erabaki zuen baina seguru nago berarentzat erabakia zein arrazoia ez zirela batere errazak.
- Nirekin hitz egin zezakeen. Zurekin. Edozeinekin.
- Badakit orain zaila dela Luka, baina ulertuko duzu.
Ez dakit zer esan. Isilik geratzen naiz eta platereko jana mugitzen dut tenedorearekin. Amonaren begirada gainean sentitzen dut baina ez diot begirada itzuli. Eskuak helduta gaude eta hori nahikoa da, berak esan nahi didan guztia esateko.
Gaua da, lo egitea ezinezkoa egiten zait. Amonarekin izandako elkarrizketa buruan bueltaka daramat aspalditik. Ulertuko duzu nola uler dezaket. Ulertu nire arreba jada ez dagoela. Bere biziaz beste egin duela eta nik hori ekiditeko ezer ez dut egin. Berriro negar malkoak nire masailean behera egin nahi dute. Ohetik altxatzen nahiz eta pasillora atera. Ilun dago dena baina badakit nire aurrean dagoen gela zein den. Gau askotan etorri naiz barrura sartzeko asmoz baina eskua heldulekuan jartzen dudanean indarrik gabe geratzen naiz. Ezin dut, ez dakit prest nagoen barrukoa ikusteko. Baina badakit noizbait egin beharko dudala. Eskua heldulekura inguratzen dut eta oraingoan irekitzea erabakitzen dut. Parean dagoen leihotik nahiko argi sartzen da logelaren desordena ikusteko. Eli horrelakoa zen, bere gela ordenatuta ikustea ia ezinezkoa zen, berak bere ordena zuela zihoen. Irribarre txiki bat egin dut gurasoek horri buruz izaten zituen liskar guztiak gogoratzean, beti lortzen zuen berak nahi zuena, Eli txikiak dohain bat zuen nahi zuena lortzeko.
Gelan Eliren gauzak begiratzen hasi naiz, paretetan itsatsita dauden milika argazki eta poster, abeslari eta aktore askoren irudiak ditu hormetan, gehienak ez ditut ezagutu ere egiten. Familiako eta gu bion argazkiak ere badaude, gau-mahaira inguratu naiz eta bertan gauza dezente daude, baina eskuetan gure gabonetako argazki bat hartu dut, biok irribarrez gaude ni Eliri kilimak egiten ari naiz, oraindik ere bere barre algara gogoan dut. Argazkia zegoen tokian utzi eta gau-mahaiko tiradera irekitzen saiatzen naiz. Itxita dago. Baina giltza non ezkutatu zuen aspaldi aurkitu nuen, behin diru bila nenbilela, baina inoiz ez nuen tiradera ireki. Tiraderan zer dagoen jakin-mina dut baina ez dakit ideia ona den bere pribazitatea haustea.
- Ezin duzu lorik egin? -salto egiten dut, eskua tiraderako heldu-lekutik azkar kenduz- Barkatu.
- Faltan botatzen dut.
- Badakit, denok botatzen dugu faltan, oso garrantzitsua zen denon bizitzan.
- Uste duzu noizbait faltan botatzez utziko dugula, aita?
- Ez dut uste, horrekin bizitzen ikasiko dugu baina beti botako dugu faltan eta hori ez da gauza txar bat. -isilik geratzen gara biok- Berandu da, ohera joango naiz.
- Ni hemen geratuko naiz pixka bat.
- Ongi da, zerbait behar baduzu etorri lasai.
Burua goitik behera mugituz baiezkoa esan diot eta kopetan muxu bat emanez logelatik atera da eta pasilloan zehar galdu da. Tiraderara begira geratu naiz. Zerbait ezkutatzen zuela argi dago. Giltza aspaldi aurkitu nuen tokian egotea espero dut. Bere apalategian dagoen libururik lodiena hartu dut, bere libururik gustukoenetako bat zen, inoiz ez dut ulertu nola izan daitekeen dibertigarria bostehun orritako liburu bat irakurtzea baina agian irakurri egin beharko nuke. Hori beste momentu baterako utziz liburua astindu dut eta giltza segituan erori da lurrera. Segituan lurretik jaso eta tiraderan sartu dut. Irekitzean paper asko daude bertan, bat hartu dut “Zure buruaz beste egin beharko zenuke, lagunik ere ez duzu, inork etzaitu maite eta inork etzaitu maiteko” ez da Eliren letra, nola egon daiteke norbait beste bati horrelako gauzak esaten? Beste bat ireki dut “Nazkagarria zara” eta beste bat “Zerri bat dirudizu” Eli iraintzen zuten milaka ohar zeuden, ez dakit nork idatziak diren, ematen duenez pertsona bat baino gehiagok iraintzen zuten Eli. Ez nekien ezer. Hau idazten bazuten, zer esango zioten Eliri aurpegira? Papertxo pilaren azpian koadernotxo bat aurkitu dut. Lehenengo orrialdean ireki eta maiuskulaz idatzita Eliren egunerokoa agertzen da, marrazkitxo askoz inguratuta. Asko pentsatu gabe Elik idatzi zuen azkeneko egunetara joan naiz.
“Jendeak urteak eta urteak pasatzen ditu askatasunaren bila, itsututa, bizitzen, gizarteak askatasuna bezala ikusten duen hori lortu arte. Baina nik iada, badakit zer den benetako nire askatasuna, badakit nola lortu, eta urte gutxi behar izan ditut ikusteko. Baina benetan nahi dut askatasun hori? Merezi dute gertukoek ni aske izaten ikustea?
Nire askatasunari hasiera emateko prest nagoela ziur dakit.
Iluntasun honetan argia piztuko duen printzipe salbatzailerik ez dago. Ezta nire malkoetan itotzen naizen bitartean uretara jauzi egin eta bertatik aterako nauen inor. Agian norbait egongo litzateke, nire iluntasuna eta itsasoa erakutsiko banie, baina zertarako? Jada ez dut nahi inork salbatzerik, inork ezin nau salbatu ez badiet uzten. Ez diet utziko.
Hemendik urte batzuetara, inork ez nau gogoratuko, ezta ezagutuko, historiako liburuetan ere agertuko ez den izen arrunt bat izango da nirea, denona. Munduan noizbait estra bezala agertu zen norbait izango naiz. Eta ez dut gehiago izaterik behar. Nire oihuak eta malkoak noizbait denboran galdu diren bezala galduko da nire izena, eta hau bizirik zegoen bitartean jada galduta zegoen.
Aske naiz.”
Negar malkotan, ulertu dut. Uste nuen Eli berekoi bat izan zela, baina ez da hala. Elik bere askatasuna aurkitu zuen. Inork minik egingo ez zion leku bat, eta gainerakoentzat mingarria izan arren, berarentzat irtenbide bakarra izan zen. Bakoitzak bere askatasuna aurkitu behar duela esaten zuen askotan Elik. Nik beti pentsatu nuen Elik bizitzaz gutxiegi zekiela horrelako gauzak esateko baina ni nintzen gutxiegi nekiena. Ez nekien Elik zer bizimodu zuen. Eta orain ulertzen dut, hori zela bere bidea baina, horrek ez du esan nahi nirea izango denik. Ni ere aske izango naiz noizbait baina agian beste modu bat aurkituko dut.