Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

LAIDA RAZQUIN SALAZAR

A Maila Prosa aipamen saria
Kaixo! Laida Razquin Salazar nauzue, 18 urteko lazkaotarra. Une honetan batxilergo bigarren maila burutzen ari naiz Lazkaoko San Benito Ikastolan. Betidanik gustuko izan dut dantzatzea baita kirola egitea ere. Bereziki mendia dut laket eta naturak eskaintzen dizkigun inguruko txoko politak bisitatzea atsegin dut. Idazlan honetan egungo gazteek izan ditzaketen gorabeherak azaleratu nahi izan ditut, nahiko azaletik badira ere. Espero dut irakurketaz gozatzea!

ITSASLABAR MADARIKATUA

 

Igandea, 2014ko abuztuaren 11, 3:00.

Mikel

Mikel ertzainen kuartelean gaueko lanaldian zegoelarik laneko telefonoa dardaraka hasi zitzaion. Deia erantzun zuen:

—Mundakako ertzaintza, bai esan?

 

Telefonoaren bestaldean urduritasun eta beldur hasperenak soilik entzuten ziren. 

—Bai nor da? Zertan lagun zaitzaket? —esan zuen Mikelek isilune baten ondoren. 

—Ka, kaix, kaixo, itsaslabarrean nago eta ai ama..., ez dakit nola hasi… lagun bat amildegian behera erori da eta… haitz artean dago, hilda dagoela dirudi… —erantzun zuen bat-batean telefonoaren bestaldean zegoen neska gazteak, oso aztoratuta eta urduri. 

 

Larunbata, 2014ko abuztuaren 10a, 11:00.

Xuban

Esnatu eta paretan zuen erlojura begiratu zuen, goizeko hamaikak. Begiak irekitzea ere kosta egiten zitzaion, pertsianetako zirrikituetatik sartzen ziren eguzki izpiengatik. “Gaurkoa egun zirraragarria izango da; herriko festen hasiera, eguraldi ona, gaueko parranda…”. Herriko festak hasteko irrikan zeuden lagun guztiak. Berak zuen gogoa, berriz, ez zion inork ere gainditzen. Alferkeria apur batekin baina gogotsu hasi zuen eguna. Egin beharreko guztiak egin ondoren, lokalerantz abiatu zen. Bidean Mattin eta Aratz topatu zituen eta festei buruz hitz egiten hasi ziren. Ez dakit zer eta badakit zer, non lokaleko hileko kuotaren kontuarekin amaitu zuten. Kontu-kontari zihoazela batzuk oraindik zorretan zeudela jabetu ziren. Beraz, kontuaz jarduteko bileratxo moduko bat antolatu zuten lokalean, eguerdiko hamabiak laurden gutxietan. Denak jakinaren gainean egon zintezen  Xubanek mezua bidali zuen. Haiek iristerako Unai, Maider eta Sara jada bertan zeuden. 

 

—Apa lagunok! —esan zuen Xubanek—. Bileratxoaren berri izan duzue, ezta?

—Bai, bai! —erantzun zuen Maiderrek ziurtasunarekin—. Ondo hitz egin beharreko gaia da kuotarena. Gehienok zintzo ordaintzen dugun heinean, gutxi batzuk, ordaintzeaz ezkutatzen baitira. 

—Ondotxo dakigu guztiok zein den ezkutatzen dena, baita berak ere! Esatekoak esan behar dizkiogu Josuri eta garbi utzi azkeneko aukera bat emango diogula edo bestela kalera doala zuzenean! —aipatu zuen Sarak haserre puntu batekin.

 

Pixkanaka-pixkanaka gainerakoak iristen hasi ziren. Hamabiak laurden gutxi zirenerako, jada denak zeuden, Josu izan ezik. Hortaz, Mattinek deitzea erabaki zuen. Behin eta berriz saiatu zen. Josuk, ordea, ez zituen deiak erantzuten. 





Larunbata, 2014ko abuztuaren 10a, 10:00. 

Josu

Gurasoak hil zitzaizkionetik, duela 7 bat urte, amona Maria Luixarekin bizi zen Josu. Maria Luixak, etxekoandrea izan zenez gero, ez zuen pentsio duin bat irabazten. Etxe horretan diruz oso urri zebiltzan, amonaren pentsioarekin ez baitzuten nahikoa diru bizi ahal izateko. Hori dela eta, Josuk udan zehar gauetan herriko taberna batean lan egiten zuen. Hori gutxi balitz, Maria Luixa lagundu beharra izaten zuen. 80 urte inguru zituen jada amonak eta zahartzen ari zen; hainbat gauza egiteko laguntza behar zuen. 18 urteko gazte batentzat egoera hori guztia oso astuna zen, ez zituelako etxeko kontuak bakarrik, lagunak ere hor baitzeuden. 

 

Goiz hartan, lo seko zegoen Josu. Halako batean, iratzargailua jotzen hasi zen. “Pi-pi, pi-pi, pi-pi…” “Hots nazkagarri hau!” Hartu eta lurrera bota zuen. Ezin zuen gehiago bere biziarekin. “Bart gauean, ordu txikiak arte tabernan lanean egon ondoren, gaur zer eta amonari azokako erosketak egiten lagundu behar.” Ez zuen beste erremediorik. Ahal bezain laster jantzi, zertxobait gosaldu zuen eta amona prest zegoenez, azokarantz abiatu ziren. Inoiz baino denbora gehiago behar izan zuten enkarguak egiteko. Ia 2 ordu baino gehiago igaro zituzten batera eta bestera. Hamabi eta erdietarako jada etxera iritsi ziren. Josuk mugikorra hartu zuenean, mezu eta dei ugari zituela ohartu zen. Kuadrillako taldekoak ziren denak.  Ireki eta lehenengoa honako hau irakurri zuen: 

 

“Xuban: Lagunok, lokaleko kuotaren kontuaz argi hitz egin beharrean gaude lehenbailehen, neurrigabekeria baita batzuena. Hori dela eta, hamabiak laurden gutxietarako bileratxo bat antolatu dugu lokalean. Denak etortzea beharrezkoa da. Laster arte.” 

 

Hori irakurtzearekin ia bihotzeko batek eman zion. Mezu horren jarraian askoz gehiago zeuden.  Mattinek egindako 8 deiak ere ikusi zituen. “A zer nolako eguna daramadan!” Hasieran amonari laguntzea jasangaitza egin zitzaion arren, gerora bileratxoaz libratzeko irtenbide ezin hobea izan zela ohartu zen. 

 

Igandea, 2014ko abuztuaren 11, 02:20.

Herriko festak jada hasiak ziren. Kuadrillako denak festa giroaz izugarri ari ziren gozatzen Ttonttorpe tabernan. Batzuk ligatzen. Beste batzuk lagunartean barre eta algara bizian. Gehienak lasai-lasai zeuden euren kontuetan.  Gutxi batzuk, berriz, zeharo joanda, mozkor-mozkor eginda, zeuden.  Horien artean, bat Xuban. Lotsa guztiak kendu zitzaizkion eta zera esan zuen haserre bizian:  

 

—Josu! Zer nolako aurpegia duzun zuk ala? Kontu guztiekin egiten al duzu berdina? 

—Zer aurpegi eta kristo? Zer uste duzu zuk, e?  —erantzun zion Josuk erreminduta.

 

Izugarrizko iskanbila sortu zen tabernan bien artean. 

 

—Beno, beno, beno! Hara gure mutila. Orain ikusiko duzu zuk bai! Zer, lotsatuta herri guztiak honen berri izango duelako? aipatu zuen harroputz Xubanek.

—Isil adi kaikua! 

—Aizue, lasai zaitezte. Taberna barruan horrelakorik ez mesedez. Oihuka ibili behar bazarete alde hemendik! —esan zuen Mirenek, tabernako jabeak. 

 

Gazteek ez zioten kasu zipitzik ere egin eta eztabaidarekin jarraitu zuten. Azkenean, tabernakoak pikutara bidali zituen. Hori horrela izanik, gainerako lagunak ere euren atzetik atera ziren, tentsioa lasaitzeko asmoz. Ttonttorpe itsaslabar zoragarri baten parean zegoenez, kanpoan ez zen ia inor aurkitzen, eurak bakarrik zeuden. Beraz, ez zioten inori ere kalterik sortuko.

 

Kalean zeudelarik, istiluak bere horretan jarraitu zuen. 

—Ea, azal iezaguzu zer dela eta ez duzun kuota ziztrin hori ordaintzen, e!?

 

Josu isilik geratu zen segundo gutxi batzuez. 

—Tira! Ez zaitez kakatia izan gizon! Kar, kar, kar —barre egin zuen Xubanek maltzurkeriaz.

—Utzi behar al duzu bakean gaixoa, e? —esan zuen Agurtzanek egoera baretzeko asmoz. 

—Hara bestea! Falta zena! Puf… —hasperen egin zuen Xubanek.

—Ez dut uste orain une egokia denik azalpenak ematen hasteko! Herriko festetan parrandan eta hileko kuota ez dudala ordaintzen esatea ere! Gainera, nire arazoak nireak dira eta zuk ez duzu zertan sartu, e! Kuota ordaintzen ez badut zerbaitegatik izango da. Beraz, isil zaitez! —esan zuen Josuk oso aztoratuta. 

—Zertarako erabiltzen duzu bada dirua? Ezkutuko salerosketaren baterako edo? —iseka egin zion Xubanek. 

—Hago isilik babo halakoa! Utz nazazu bakean behingoagatik! —erantzun zuen negar-zotinka eta era berean, oso amorratuta Josuk. 

 

Hori esatearekin batera Xubanengana hurbildu eta kamisetatik tiraka hasi zitzaion. 

—Zer, zer? Orain zer? —esan zion Josuk aupari. 

 

Xubanek orduan zartakoa eman zion. Izugarrizko astinaldia ematen hasi ziren elkarri, jo eta ke irainak esaten zituztelarik. Egoera geroz eta larriagoa bihurtzen hasi zen. Gainera, itsaslabar kantoira hurbilduz zihoazen. Halako batean, Josuk sekulako bultzada eman zion Xubani eta amildegian behera erori zen. Une batez arnasik gabe geratu zen Josu. “Zer egin dut! Ai ama! Ez da posible, nireak egin du!” Lagunak ere aho zabalik eta tinko geratu ziren. Gertatutakoa sinesgaitza egin zitzaien. Hasiera batean, ez zuen inork erreakzionatu. Denbora bat pasa ostean, Maider kantoira hurbildu eta amildegian behera begiratu zuen. Xuban haitzen gainean ikusi orduko mugikorra hartu eta 112 zenbakira deitu zuen. 

 

—Mundakako ertzaintza, bai esan? —esan zuen telefonoaren bestaldean zegoen ertzainak.

 

Maider bere aita Mikel zela ohartzean urduritu egin zen eta ez zuen erantzun.

—Bai nor da? Zertan lagun zaitzaket? —galdetu zuen Mikelek. 

—Ka, kaix, kaixo, itsaslabarrean nago eta ai ama..., ez dakit nola hasi… lagun bat amildegian behera erori da eta… haitz artean dago, hilda dagoela dirudi… 

—Lasai egon zaitezte. Segituan izango gara bertan. Bitartean saiatu elkar lasaitzen eta ez mugitu bertatik. Non zaudete zehazki?

—Tton, Ttonttor, Ttonttorpe taberna parean ga, gaud, gaude. —erantzun zion Maiderrek totelka. 

—Ondo da. Laster izango gara bertan. 

 

Maiderrek, abisua pasa zuela eta ertzainak laster iritsiko zirela aipatu zien gainerakoei. Bitartean lasai egoteko aholkatu zien. 

—Ertzainak!? —esan zuen Josuk—. Nireak egin du!

 

Oso aztoratuta eta egonezin jarri zen Josu. Alde batera eta bestera mugituz, eskua tarteka burutik pasaz eta hasperenka. Bere bizia pikutara zihoala pentsatzen hasi zen. 18 urte zituenez kartzelatua izango zela ohartu zen. Bere burua eztanda egitear zegoen. Mila gauza etorri zitzaizkion burura une horretan. Gurasoen hutsunea, egin berri zuena, kartzela zigorra, kuotarena, amona… Amildegirantz hurbiltzen hasi zen pixkana-pixkanaka, ahal zuen ertzeraino iritsi arte. Birritan pentsatu gabe, bere buruaz beste egin zuen. Hori gertatu eta handik gutxira, ertzainak eta anbulantzia iritsi ziren.