NAGORE AGIRRE ALVARADO
ERTZAK
Ertzak hariz josi nahi izan nizkizun behin
hauspoak hustu
ahoa itxi
eta, badaezpada ere
galdera ikurrei erpinak kamustu
hain da eta mingotsa
marrutik marrura darizun zalantza
hasperena hordirik, balantzan
kateatuta estu
antzak nagiz
hatzak haragiz
inoiz ametsetan
prestu
eta halere
kateak kate
zurea ote
giltzaz itxi ezin litekeen sarraila
ezin naitekeenaz babestu
gotorra topatu samur besaurrean,
eta ez naiz oraindik ohartu
hazka behin, bitan hazka
pixkana-pixkana
zenbat harramazka
ilargia erditu zitzaigun behin, eta
bertatik irten
bostehun gau larru
hamaika ezbai
eta egun hotza, zu
ea
noiz iritsiko zain
herenegun hasiko dira
bihotza zabalik
eztarriak beltz
eta esan gabekoak arantza,
oroimena labain
mira laiotz
eta bi guda lantza
orduantxe hasiko natzaizu
uxatzen gutxinaka
oinetan dantzari darabilzkidan orratzak
ertzak hariz josi nahi izan nizkizun behin
eta harriz josi gabe utzi ninduzun