Koronabirus gaitz kutsakorrak eragin duen konfinamenduak, Beasaingo azoka ohi bezala ezin burutzea ekarri du. Hori dela eta, Beasaingo Udalak baserritarrek eta lehen sektoreko ekoizleek jasaten ari diren egoera latzari ahal den neurrian konponbidea emateko, euren produktuak saldu ahal izateko etxez-etxeko salmenta sistema jarri du abian. 

Beasaingo azokara datozen saltzaile eta baserritarrekin harremanetan jarri ostean, etxez etxe salmenta egiteko borondatea agertu dutenen pdf zerrenda (4.73 MB) osatu du. Beasaindarrek eurekin harremanetan jartzeko moduak erabiliz, telefonoz edo posta elektronikoz, eskariak egingo dizkiete eta ondoren aukeratutako egunetan egingo dute banaketa. 

Antolaketa honen helburua garai zail honetan kaltetua suertatzen ari den herriko ekonomia sektore ahul eta hauskorraren egoera arintzea da. Jakina da asteartetako azoka eta hileko lehen larunbateko azoka berezia bertan behera geratu zirela ezarritako osasun alerta eta alarma egoeragatik. Udal gobernuaren lehentasunen artean egon da beti tokiko ekonomia eta merkataritza sustatu, babestu eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea. 

Beasaingo azoka taula