Langabezia, inor bazterrean ez uztea eta elkartegintza sarea mantendu eta indartzea ditu helburu nagusiak

Oposizioko bi alderdiak abstenitu egin dira, egindako ekarpen gehienak aurrekontuan jaso ondoren

Bizi dugun krisi-egoeran, inor atzean ez uzteko helburuarekin, behar diren laguntzak eman eta herria ez geratzeko balioko duten aurrekontuak onartu ditu Udalbatzaren osoko bilkurak. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenak 16.633.601,15 euroko kopurua aurreikusten du 2021 ekitaldirako.

Hori horrela, aurrekontu hauek nagusiki hiru helburu hauek betetzera datoz; langabezia gutxitzea, herriko bizitza eta gizarte dinamika mantentzea elkartegintza sarea hauspotuz eta herritarren ongizatea bermatzea inor atzean baztertuta utzi gabe. Oposizioan dauden EHBildu eta PSE-EE alderdiek, abstentziora jo dute, beraiek egindako ekarpen asko aurrekontuak aintzakotzat hartu dituela ikusi ondoren. 

Osasun krisiak eraginda bizi dugun egoera sozio-ekonomikoak baldintzatuta, aurten hainbat egitasmo pandemiaren eraginez moteldu badira ere hauek berraktibatzea izango da Udalaren lehentasunetako bat. 

Langabeziari aurre egin

Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea xede, enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenetsiko da. Horretarako Goierri eskola eta Goiekirekin elkarlanean enplegugarritasuna suspertzeko langabetuen perfilari erreparatuz formazioaz gain ikasleen kontratazioa bermatzeko konpromisoa hartu da datorren urterako.

Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko ikasketak dituzten beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko du Udalak lan duina eta egonkorra bermatzeko. 

Herriko enpresa txikiek bizi duten egoera ikusita eta laguntzeko asmoz, Goieki garapen ajentziarekin elkarlanean, banan-bana enpresen diagnosia egin eta besteak beste, bideragarritasun eta nazioartetzeko planak egiteko laguntzak bideratuko dira Udaletik. 

Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko ekimen berriei dagokionez, lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dira; eremu hutsak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa gertatzean laguntza izateko. Halaber, paisaia linguistikoa euskalduntzeko egitasmoa, merkataritzaren dijitalizazioa eta erosketa sustatzeko bonoak jarriko dira eskuragarri. 

Inor bazterrean utzi gabe

Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa izaten jarraitzen du, are gehiago pandemiak astindu gaituen garai honetan. Ongizate sailaren egitura egonkorra eta balekoa dela frogatuta geratu bada ere, udal gobernuak indartzen jarraituko du egoerak eskatutakoaren arabera. Horregatik udal gobernuak ez du inor atzean bazterturik utzi nahi eta egoera berrira egokitzeko laguntza eskainiko du.   

Gizarte ongizatean hainbat zerbitzuetan gastua igoko da; etxez etxeko laguntzarako %12, pertsona helduen konpainia zerbitzurako %32, eguneko zentrorako %5, mendekotasunari aurre egiteko tailerretarako %10. Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak eta gizarte larrialdietarako laguntzak beharren arabera egokituko dira, iñor atzean, baztertuta edo laguntzarik gabe geratu ez dadin.  

Zahartze aktibo atseginerako ekimenek pisu handia izaten jarraituko dute, honela helduentzako garapen fisiko eta kognitiboa lantzeko saioetarako baliabideak bideratuko dira. Udal gobernuak adineko beasaindarren ongizatearekin duen konpromisoari lotuta, 80 urtetik gorako herritarrei euren beharrei buruzko diagnosiak utzitako emaitzen arabera, hainbat egitasmo burutuko ditu. 

Igunea arratsaldez eta Udaltzaingoa 365 egunez

Aurrekontuek ere jaso dituzte herritarrei zuzenean eragiten dieten bi zerbitzuen eskaintzan hobekuntzak. Udaltzaingoak urtarriletik aurrera 365 egunez eskainiko dio arreta udalerriari eta bestetik herritarraren harrerarako bulegoak urtarrilaren 11tik aurrera, astearte, asteazken eta ostegunean arratsaldez ere irekiko ditu ateak. 

Hiri-mantenua eta hobekuntzak

Dagoena hobetu eta konpontzea lehentasuna da udal gobernuarentzat. Mantenu lanen garrantziaz jabetuta lorategiak, espaloiak, hiri-altzariak, argiteria, asfaltaketa kanpainak eta abar dira arlo honetako ekimenak. Era berean etengabeko hobekuntzaren bidean, herritarrek tokian tokiko kalteen berri eman ahala, eraginkortasunez konponbidea ematea da udalaren konpromisoa.  

Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko. 

Esku-hartze urbanistikoei dagokionez, Covid 19aren eraginez 2020ko aurrekontuak berregokitu ondoren, aurreikusitako erreforma-proiektu batzuk 2021ean gauzatuko dira. 

Herriaren hobekuntzan aurreikusitako inbertsioak Oriamendi kalearen konponketa, Nafarroa etorbidea eta Oriamendiren arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, erakusketa areto berriaren erosketa, edo Urbi-etxean egingo den Aranealde erretiratu elkartearen egoitza berria izango dira. Hauez gain beste egitasmo hauek burutuko dira: 

. Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak.

. Espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak irisgarritasuna hobetzeko.

. San Inazio kaleko eraberritzearen azterketa.

. Bonberia eraikinaren proiektua dantza tradizionalari lotuta.

. Porteria eremuko berurbanizazioak bere bidea egiten jarraituko du. Uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanen hurrengo urratsak emango dira URA agentziarekin lankidetzan 900.000 euro bideratuz hortara. 

. Landa ingurunean mantenu eta inbertsio lanekin jarraituko da. 

. Tokiko elkarte eta eragileekin egindako Mugikortasunaren mahaiaren proposamenak gauzatzeko Mugikortasun plana egin eta gauzatzea.

. Ingurumenari lotuta, Oria ibaia balioan jartzeko helburuz ertzetik igarotzen den natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da, baita Loinatz eta Erauskin auzoak lotuko dituena ere. 

Euskara eta parekidetasuna

Sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira gobernu taldearentzat hizkuntza politika eta berdintasuna. Hizkuntza politikaren alorrean Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlanean jarraituz eta Topagunearekin, sentsibilizazio ekimenak landuko dira euskararen erabileraren sustapenerako. Abian diren proiektuak indartuz jarraituko da (hizkuntza errefortzurako zerbitzua euskararen erabilera indartzeko, Euskara Oinarritik Kirolean ezagutza eta erabilera sustatzeko … ).

Gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez jarraituko du udal gobernuak. Berdintasun arloan, Herrilab proiektuaren hurrengo fasean ekintza plana gauzatuko da Foru Aldundiarekin elkarlanean Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan. Horretaz gain, zaintzarako diru laguntzen lanketa, jabetza eskola, berdintasun foro edo kontseilua eta sentsibilizazio kanpainak abian jarriko dira. 

Herritar dinamika suspertzea

Elkartegintza eta herritar zein eragileek herria bizirik mantentzeko egiten duten lana berraktibatzea eginkizun hartuta, tokiko elkarteekin sinatutako hitzarmenei esker diru laguntza kopuruak mantendu egingo dira. Ikuskizunak eta ekitaldiak egungo osasun egoerak eskatzen dituen neurri eta baldintzei egokituta burutuko dira. Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantza tradizionalari dagokionez, dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da hitzarmena berrituta. Antzerkia indarrean jarriko da programa bereziei leku eginez nahiz eta egoeraren baitan kale antzerkia ezin izango den eskaini. 

Kirolean ere elkarteei zuzendutako diru laguntzak mantenduko dira. Kasu batzuetan igoko dira, igeriketa taldea edo arku tiroketa elkarteei dagokionean adibidez. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten. Aireztapen instalazioa eta taberna berriaren proiektua gauzatuko dira. 

Finantza egoera orekatua

Orotara, 2021 ekitaldirako aurrekontua 16.633.601,15 eurokoa izango da, iazkoaren parekoa. Gobernu onaren kudeaketa eredua jarraituz, Beasaingo Udalak gastu orokorretarako duen gerakina 8,5 milioi eurokoa da, gastuaren aurrezkian egindako kontrol zuhurrari esker. Kopuru horrek aukera ematen du gobernu-taldeak aurreikusitako egitasmoei aurre egiteko. Hori horrela, Udalak Kutxabankekin formalizatuta duen 1.917.326,47 euroko mailegua aldez aurretik amortizatzea erabaki du.

Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duten ongi egituratutako aurrekontuak dira. 

Ostalaritzaritzari neguan zerbitzua emateko dirulaguntzak

Azaroko bilkuran aztertutako gaien artean, ostalaritzaritzari neguan terrazak babesteko eta zerbitzua estabezimendutik kanpo emateko dirulaguntzak eskaintzeko oinarriak onartu ziren. Udalak terrazetako elementu babeslea erosteko gastuaren %50 ordainduko du gehienez ere 1.000€. Proposamena aurrera atera zen PSE eta EAJren aldeko botoekin eta EHBilduren kontrako bozekin. Bestalde, udal instalazio elektrikoen mantenua, konponketa, aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko zerbitzua esleitzeko baldintza pleguak aho batez onartu ziren. Loinatz Udal Musika Eskolako araudiari hasierako onespena eman zitzaion eta EHBilduk aurkeztutako Sahararen aldeko pdf mozioa (23 KB) ere onartu zen PSEren abstentzioarekin eta EHBildu eta EAJren aldeko botoekin .