Irailaren 14an Beasainen ospatuko den uda ikastaroan, Euskadi eta nazioarte mailan mugikortasunean erreferentzia diren ikerketa zentro, unibertsitate eta arloko profesionalek hartuko dute parte.

Goizeko Uda Ikastaro saioan, mugikortasun adimentsu eta konektatuaren azken garapenen berri emango dute puntako erakundeetako adituek. Izen ematea zabalik dago Uda Ikastaroen webgunean

Arratsaldean pertsona orori irekitako “15 minutuko hiria” izeneko jarduera-saioa izango da,  espazio publikoaren eta azpiegituren ezinbesteko transformazioaz hausnartu eta mugikortasun ohitura berriak sustatzea helburu duen tailerra.

Beasaingo Udalak eta UPV/EHUKO Uda Ikastaroak Fundazioak, euren indarrak elkartu dituzte Uda Ikastaroen 42. edizioaren esparruan jarduera bat burutzeko. Iaz bezala, gaurkotasun itzela duen gaiari jarraipena emanez antolatu dute bi erakundeek ikastaroa; mugikortasun adimentsu eta jasangarria.

2019an Beasaingo Udalak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, pandemia tarteko, hirugarrenez antolatu dute Uda Ikastaroa Beasaingo Igartza jauregian. 2019. urtean Alzheimerraren prebentzioari buruzko ikastaroa antolatu zen eta iaz, 2022an eta aurtengo edizioan, 2023an, mugikortasuna izango da hizpide.

Irailaren 14an Igartzako Jauregian burutuko den “Biharko mugikortasunaren gakoak” uda ikastaroa eta "15 minutuko hiria" jarduera irekiaren aurkezpena egin dute Beasaingo alkate Leire Artolak, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoa den Itziar Alkortak eta bi saioen zuzendari eta Beasaingo Lurraldea saileko buru den Adur Ugartemendiak Igartzako jauregian.   

Beasain eta Igartza ezagutzaren erreferente

Leire Artola alkatearen esanetan, Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune baitira. Arreta pizten dute eta Beasaingo Udalaren asmoa da Beasain eta kasu honetan Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzaren erreferentzia bihurtzea. Ikastaroak landuko duen gaiaren aukeraketa ez da kasualitate hutsa, gaineratu du alkateak. Udal gobernu honek tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan. 

Azken honen aurrean, ezinbestekoa suertatzen da herritarren eskutik pedagogia egin eta gizarte bezala ditugun mugikortasun ohiturak aldatzea aukera jasangarriagoen alde egiteko. Uda ikastaro honek eta batez ere, arratsaldeko jarduera irekiak  bide horretan urrats bat gehiago eman nahi du, herritarrak gai honek duen garrantziaz jabetzeko eta gizarte bezala kontzientziazioa sortzeko. Era berean Leire Artolak eskertu egin du Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntza eta elkarlana, baita bertan parte hartuko duten erakunde eta enpresen parte hartzea.

Ezagutzaren alde pentsamendu kritikoa eragin

Itziar Alkorta Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoak adierazi duenez, ezagutzaren alde, jakin-mina piztea da UPV/EHUko Uda Ikastaroen helburu nagusia. “Uda Ikastaroetatik, garaiko desafioen aurrean, pentsamendu kritikoa eragin nahi dugu etorkizuna argituko duen mugimendu hori topatzeko. Aldi berean ezagutzaren plaza diren Uda Ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea ere bada helburu. Uda Ikastaro Ibiltarien programa bitartez, udalerriek esku artean dituzten erronken azalpen eta debateari leku ematen zaio.

Alkortaren iritziz, hiri-mugikortasun jasangarria lehen mailako gizarte erronka da. Beasaingo Udalaren eskutik landu ahal izatea aukera ezin hobea da Uda Ikastaroentzat, Beasainek mugikortasun eredu berritzaileen ekosistema puntakoa batzen baitu. Horrez gain, Uda Ikastaroek edizio berri honetan ere Igartzako jauregian lur hartzeaz, pozarren agertu da. “Ezagutzaren alde pentsamendu kritikoa eragiteko galderak ezinbestekoak dira eta mugikortasunari dagokionez, ikastaro honen baitan luzatuko diren galderak ezinbestekoak dira aurrera egiteko” gaineratu du. Beasaingo Udalari eskerra luzatu dizkio, eskuz esku ezagutzaren alde egiten ari den apustuagatik. 

Teknologia berriei zuzenduriko Uda Ikastaroa 

Ikastaroaren zuzendariak, Adur Ugartemendiak, jardunaldiaren xehetasunak eta egitarauari buruzko azalpenak eman ditu. Ingurumenarekin eta etorkizunarekin zerikusi estua duen gaia da mugikortasun adimentsuarena, konplexutasun handiko terminoez jantzi ohi dena. 

Mugikortasun adimentsu, elektriko, partekatu eta autonomoak iraultza bat suposatuko du gaur egungo ereduarekin alderatuta, garraiobide seguruago eta jasangarriagoak eskainiz. Digitalizazio, Big Data eta 5G bezalako teknologiei esker, gure errepideetan desplazatuko diren ibilgailuak eta errepideak adimentsuak bilakatuko dira, elkarren artean belaunaldi berriko sentsoreen bitartez segundoko milioika datu partekatuz. Horrela istripu arriskuak nabarmen egingo du behera, eta besteak beste, herritarrek denbora errealean planifikatu ahal izango dituzte beraien ibilbideak, ibilgailu pribatua edo garraio publikoko aukera desberdinak konbinatuz eta tresna bakarrarekin ordaintzeko aukera edukiz, besteak beste.

Baina klima aldaketaren aurkako borrokan, hiri diseinuak ere paper garrantzitsu bat dauka, horregatik mugikortasunarekiko dependentzia murriztu eta oinez edo bizikletaz desplazatzeko erosoak diren hiri eta azpiegiturak eskaini beharko dira.

Beasainen ospatuko den uda ikastaro honetan, mugikortasun sektoreko Renfe, CEIT, GERTEK  eta BasqueCCAM-eko adituak izango dira, baita hiri diseinuan erreferente diren Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) ikerlari eta CityFocus enpresako adituak ere. Ikastaroan parte hartzeko izen ematea zabalik dago UIKren webgunean

Mugikortasun ohituren hausnarketarako jardunaldi irekia

Baina teknologia ez da guztia, ezinbestekoa izango da herritarren sentsibilizazioa eta ohitura aldaketa bat ekuazioan sartzea klima aldaketari aurre egin eta benetako iraultza bat osatu nahi badugu. Zentzu honetan, arratsaldean herritar guztiei zabaltzen den jardunaldi irekia ospatuko da, “15 minutuko hiria” izeneko saioa. Doakoa den saio honetan parte hartzeko izena eman beharko da hemen.

UPM eta CityFocus-eko ordezkariek tailer teoriko-praktiko bat zuzenduko dute herritarren eskutik, non mugikortasuna ardatz hartuta, gure herri eta hiri diseinuaren talde diagnosi bat egingo den. Ondorio horietatik abiatuta, dinamika desberdinak egingo dira helburu argi batekin: kutsagarriak ez diren garraiobideen aldeko sentsibilizazio eta kultura aldaketa bat sustatzea, beste hitz batzuetan esanda, gure egunerokoan oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunaren alde egitea.

 UIK aurkezpena 20230705

UIK aurkezpena 20230705jpg