Igartza Musika Programaren baitan, Udalak kontzertuen emankizuei eutsiz, musikari oiartzuarraren emanaldia irailaren 25erako (22:00etan) antolatu du

Babes eta segurtasun neurriak direla eta, Igartzako jauregiko aforoaren muga errespetatuz, gonbidapenen eskaera udal webaren bitartez egin behar da

Bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta bada ere, Beasaingo Udalak kultur ekimenak programatzen jarraitzen du. Igartza Musika Programaren barruan, oraingo honetan Maider Zabalegi musikariaren kontzertua aurkezten du irailaren 25ean 22:00etan Igartzako jauregian. 

Kultura eta musikaren aldeko apustu sendoa eginez beasaindarrak musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko musika ardatz duten emanaldiak biltzeko helburuz, duela lau urte udal gobernuak sortu zuen egitasmoa da Igartza Musika Programa.

Maider Zabalegi “Bidean” 

Maider Zabalegi oiartzuarrak ibilbide luzea du musikaren munduan: 14 urterekin, Alaitz Telletxearekin batera, Alaitz eta Maider trikiti-bikotea osatu zuen eta arrakasta handia lortu zuten 90eko hamarkadaren bukaeran.

Hiru disko kaleratu zituzten: Alaitz eta Maider (1997), Inshala (1999), Auskalo (2002). 2004an desegin zen Alaitz eta Maider bikotea eta Maider Zabalegik, urte batzuetako geldialdiaren ondoren, bakarrik kantatzeari ekin zion 2017an. Urte hartan bertan bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen, “Zuei” izenekoa, eta 2019, berriz, atera zuen bigarrena, Bidean izenekoa. Hain zuzen ere Igartzako jauregian eskainiko duen kontzertuan aurkeztuko du beste hainbat kantuekin batera. 

Gonbidapenak eta baldintzak

Igartza jauregiko aforoa mugatua dagoela eta aurreko emankizunetan egin bezala, 36 sarrera-gonbidapen jarriko dira eskuragarri eta erreserba egin beharko da. Izenematearen ordena izango da gonbidapena lortzeko irizpidea. Horretarako, sarrerak lortzeko esteka.

jarraituz galdetegia bete eta esandako lehen 36ak izango dira onartuak. Behin kopuru hori betetzen denean galdetegia itxita geldituko da.

Emanaldira sartzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Kontzertua Goierri Telebistak grabatua izango da eta kontzertuaren hurrengo astean Beasaingo Udalaren YouTube kanalean ikusgai izango da.