Udalak Euskaraldia ekimena sustatzeko eratu zuen herritar taldearen ekimenez sortu da eta Beasainen euskararen erabilera areagotzea du helburu

Herritar guztiak daude deituak taldean parte hartzera eta 2020ko udazkenean Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko talde sendoa osatzeko helburuarekin ere sortu da

Taldearen sorreraren hastapenak Beasaingo Udalak hizkuntza politika arloan Euskaraldia proiektua abian jartzeko ekimenean du oinarri. Bi urtez (2017 eta 2018an) pertsona bat kontratatu zuen herriko hainbat pertsona eta hainbat eragilerekin harremanetan jarri eta euskararen erabilera areagotzeko sustatze lan horretan talde eragile edo batzorde bat eratzeko. Bertan Udal teknikariak parte hartu dute eta baita ere Udal Euskaltegiko irakasleak.

Euskara taldearen jaiotza eta aurkezpenean, otsailaren 21ean, 30 beasaindar elkartu ziren Beasaingo Udaletxeko batzar aretoan aitaponteko eta amaponteko lanetan. Aittu euskara taldearen jaiotza ekitaldira 30 lagun azaldu baziren ere, guztira, Beasaingo arlo eta adin guztietako 64 beasaindarren babesa du euskara talde sortu berriak. Ondorengo egunetan herritar gehiagoren atxikimendua eta auzolanerako engaiamendua jasotzea espero da. Jaiotza ekitaldian adierazi zen bezala, taldeak ateak zabal-zabalik ditu beasaindar guztientzat.

Euskaraldiaren eraginez sortutako taldea

Joan den azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herriko 400 herrietan egin zen Euskaraldiaren harira sortu da Aittu euskara taldea. Euskaraldia euskara ulertzen duten herritarren arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena da. Beasainen 2.500 herriatarrek parte hartu zuten eta Euskal Herri osoan 225.000 lagun izan ziren. 

Beasainen Euskaraldia antolatzen aritu zen taldeak 11 egun haietan sortu zen dinamikarekin aurrera egin nahi du Beasainen eta horretarako, elkarlanerako eta auzolanerako, egitura bat sortzeko beharra ikusi du: euskara talde bat. Gainera, 2020ko udazkenean Euskaraldiaren bigarren edizioa izango da, eta berau prestatzeko talde sendoagoa behar dela ikusi dute. Hortik etorri da Aittu euskara taldearen sorrera.

Aittu talde sortu berria Beasaingo herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskararen erabilera areagotzeko sortu da. Aittu euskara taldeak 2020ko udazkenean izango den Euskaraldia antolatzea ere izango du helburu. Bigarren Euskaraldiak norbanakoez gain, entitateak (elkarteak, enpresak, eragileak…) izango ditu ardatz. Bigarren Euskaraldia 2020ko udazkenean izango bada ere, antolakuntza lanak aurtengo udaberrian hasiko dira eta Aittu euskara taldeak lan horiei heltzeko ardura hartuko du.

Aittu 1