Tailerraren garaian, Arteka-ko arduradunek etxea dotoretzeko Eguberrietako apaingarriak egiten irakatsiko dute

Negu giroko azoka berezian sasoi honi dagozkion barazkiak izango ditugu bete-betean. Abenduaren 2an, larunbata, izango da garaiko produktuen azoka eta baserritarren postuetan besteak beste, brokolia, azalorea,  kale aza, pak-txoia, ziazerbak izango dira salgai. Nobedade gisa bruselaza, aza eta baratxuri freskoa nabarmenduko dira. 

Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta eta haziak.  Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da. Oparietarako aproposak diren artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak, eta abar saltzen dituen postuak ere ez du hutsik egingo.

Tailer didaktikoaren orduan, egun seinalatu hauetan Eguberri giroan etxea dotoretzeko apaingarriak egiten irakatsiko dute Arteka dendako arduradunek. Aukera paregabea izango da norberak sortu eta eskuz landutako edergarriak egiteko. 

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
  • 11:30  Eguberrietako etxerako apaingarriak egiten ikasteko tailerra Arteka dendaren eskutik.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta Pandero joleek kaleak  girotuko dituzte.       
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.      
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela sei urte udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.