Guztiek dute helburu, enplegua sustatzea, pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea eta herri erosoagoa eta atseginagoa eraikitzea

Berrikuntzen artean esanguratsuenak,  Porteriako eremuari, Erauskin plazako guneari, Dolarea parkeari eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza berreskuratzeari lotutako hirigintza proiektuak dira

Era berean jarraipena izango dute enplegu planak, Goiz Alzheimer programak, Beasain Lagunkoiak, Beasain Kirol Sariak, Igartza Musika Programa eta Bekak, mantenu lanek eta kiroldegiko inbertsioek, besteak beste

Udal gobernuak 2018rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Kudeaketa onaren baitan, legealdiko konpromisoei helduz landutako aurrekontu proiektua da, pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta  enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten duena.  

Udal gobernuaren kudeaketa onari eta egindako lan eta ahaleginari esker,  datorren urtean, proiektu esanguratsuak martxan jarriko dira herritarren ongizateari begira. Aipatu proiektuek, herriko eremu ezberdinen eraldaketa ekarriko dute eta erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzea izango dute helburu. CAF lantegiaren sarrera nagusiko eraikinaren eraldaketa jarriko da martxan, Oria ibaiaren ur-emaria zabaldu eta uholdeen arriskuari konponbidea emateko. Erauskin plazaren eraberritzea ere martxan jarriko da oinezkoentzako gune bihurtzeko.

Era berean, Dolarea parkearen eraberritzerako prozesua gauzatuko da eremu honi balio berri bat emateko. Toki honi lotuta, aldameneko Igartza Oleta kalearen zatian trafikoaren bi norabideak berreskuratzeko lanketa burutuko da. Inbertsio berriekin jarraituz, Usurbe antzokian irisgarritasuna hobetzeko egokitzapen lanak egingo dira eta herri gunetik aparteko auzoetan baserri bideen egokitzapenaz gain, Garin auzoan ur zikinen arazoari konponbidea emateko proiektua exekutatuko da. Olaran eraikina berreskuratzeko pausoak ematen ere jarraituko da.

Orain arte hartutako konpromisoei eutsiz, enplegua eta tokiko jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute. Gauzak horrela, enplegu planaren bitartez langabetuei egokitutako formazio saio espezifikoak eskainiko dira; Ikolan enpresarekin elkarlanean ikasketarik gabeko pertsonentzako ikastaroak antolatuko dira eta berrikuntza gisa, ekintzailetasuna sustatzeko bide berri bat ireki nahi du gobernuak Coworking proiektuak aurrera eramateko diru laguntzak eskainiz.

Pertsonen ongizateari  lotuta, Goiz Alzheimer programak, Ondo ibili ondo izan egitasmoak, Kiroldegiko kontsultategiak eta Beasain Lagunkoia programak jarraipena izango dute 2018an.  Azkenik, prebentzio mailan, aurtengo berritasuna zahartze aktiboa bultzatzeko Anezka enpresen inkubategitik jasotako proiektu berritzailea jarriko da martxan adineko pertsonei zuzenduta.

Era berean, Kirola, kultura eta euskarari loturiko legealdiko egitasmoak ere mantenduko dira. Kultur arloan, dantzan.eus-ekin hitzarmena, Igartza Musika Programa eta Bekak jarraipena izango dute eta euskararen erabilera indartze aldera saskibaloi eta futbol taldeekin proiektu berritzailea jarriko da martxan. Kirolaren atalean Beasain Kirol Sariak eta kiroldegiko inbertsioak gauzatuko dira; hala nola, sarrera eta takilak irekitzeko sistema bateratua ezartzea, gimnasioa handitzea eta Crossfit areto berria sortzea.

Berdintasuna arloan kontziliazioa hobetzeko Herri Lab egitasmoa (Aldundiarekin elkarlanean) abian jarriko da eta izendatu gabeko kale eta guneak emakume izenez izendatzeko proposamenak bultzatzen jarraituko da. Bizikidetza hobetzeko martxan jarritako dinamika bultzatzen jarraituko da. Memoriaren plaza eta Beasaingo bizikidetzaren aldeko herritarren taldearen dinamizazioa sustatuz jarraituko du Udal gobernuak.   

Zerbitzu eta hirigintza arloekin lotutako akupuntura urbanoa deituriko ereduari eutsiko zaio. Honekin, herriko gune eta eremu degradatuak atzeman, berreskuratu eta berritzen jarraitzea da asmoa.  Irisgarritasuna hobetzeko zebrabideak altueran jarriko dira, espaloi eta kaleak berrituko dira eta mantenu lanetan jolastokiak pintatzeaz gain kale argiztapena ere hobetuko da, besteak beste.

Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikitzen jarraituz pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duen aurrekontu proposamena da Udal gobernuak aurkeztutakoa. Oposizioko taldeekin partekatu ondoren, orain arte bezala, euren ekarpenak jaso eta guztien artean aurrekontu proiektua osatzeko borondatea du gobernu taldeak;  2017ko aurrekontuekin gertatu bezala proposamen guztiak bete daitezen (Dolarea, Usurbe antzokia, Rokodromo berria, Murumendi eskola‚Ķ).