Udal gobernuak herritarren arazoei irtenbideak ematen jarraitzeko konpromisoari eutsiz, N-1 errepideak Zaldizurreta eta Trenbide kaleko bizilagunei sortzen dizkien zaraten arazoen berri eman zien Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuko arduradunei eta egindako azterketen berri emateko bilera egin zuten joan den astelehenean bizilagunekin

Trenbide kaleko bizilagunek N-1etik jasaten duten zaratari aurre egiteko, zarata gutxitzeko pantailak jartzeko lanak hasiko dituzte urtea amaitu aurretik

Zaldizurreta eta Trenbide kaleko bizilagunek N-1 errepidea eta trenbidearen zaratekin dituzten arazoak direla eta,  udal gobernu taldea bizilagunekin bildu da hainbatetan. Gaia Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuaren eskumenekoa denez, udal ordezkariak departamentuko diputatuarekin, Aintzane Oiarbiderekin, jarri ziren harremanetan arazoaren berri emateko, Aldundiak irtenbideak azter zitzan.

Ordurako, bai Udalak eta bai Bide Azpiegitura departamentuak egindako zaraten maparen diagnostikoan atzeman zituzten Beasainen zaratek kalte gehien eragiten zituzten lekuak.

Ekainean Aintzane Oiarbide diputatuak Beasainen egindako agerraldi publikoan jakinarazi zuen dagoeneko bere departamentua irtenbide tekniko ezberdinak aztertzen ari zela.

Azterketa posible guztiak egin ostean, Trenbide kaleko bizilagunek jasaten duten zaratari aurre egiteko, Gruas Usabiagatik  Zumadi Industrigunera joateko irteera bitartean dauden 288 metrotan zarata gutxitzeko pantailak jartzeko lanak hasiko dituzte urte amaitu aurretik.

Zaldizurreta kalearen kasuan, asteleheneko bileran Mikel Uribetxeberria departamenduko zuzendariak eta saileko teknikariak zarata murrizteko pantailak jartzeko zailtasun teknikoen berri eman zieten bizilagunei. Trenbidetik hain gertu egonda ez baitago lekurik pantailak behar bezala ezartzeko. Dena den, irtenbide eraginkorrak aztertzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

Bileran, Beasaingo alkatea, Aitor Aldasoro eta hirigintza zinegotzia, Leire Artola, egon ziren Udalaren bitartekaritza lana balioan jarriz. Horretaz gain, beharrezkoa izanez gero Udalak diru-laguntza lerroa martxan jartzeko aukera aztertuko du etxebizitzak zaratatik babesteko. Honela, herritarren bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak aurrera eramateko helburuari eutsiko dio orain arte bezala Udal gobernuak.