Iaz egindako kanpainetan 200 establezimendutik gora parte hartu zuten eta 500.000 eurotik gorako eragina izan zuen sektorean

Osoko bilkurak Plazape tabernaren ustiaketaren esleipenerako baldintza pleguak onartu zituen

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko eta merkataritza, zerbitzu sektorea eta ostalaritza sustatzeko Beasaingo Udalak establezimenduetan saltzeko erosketa bonoen txanda berria aterako du. Udalbatzaren osoko bilkurak aho batez onartu zituen erosketa bono horien  oinarriak azken osoko bilkuran. Iaz bi kanpainetan izandako erantzun ona ikusirik hirugarrena egiteko udal gobernuaren proposamena berretsi da honela. Orotara, 200 establezimendutik gora parte hartu zuten iazko kanpainan eta 500.000 eurotik gorako eragina izan zuen tokiko merkataritzan. 

Aurreko kanpainetan bezala, bonuak 50 eurokoak izango dira. Erosleak 30€ ordainduko du eta Udalak 20€. Ekimen honetara atxikiko diren establezimenduetan salduko dira eta 20 bonu banatuko zaizkio merkatari bakoitzari. Kontsumoa eta erosketak Beasainen egitea bultzatuko duten bonoen txanda berrian aurrekoen funtzionamendu berbera izango dute; 7.500 bono izango dira. Guztira 150.000 euroko diru laguntza zuzenduko du bonoen kanpaina honetara Udalak egindako kudeaketa onari esker daukan gerakina baliatuz. 

Plazape tabernaren ustiaketa eta kultur dinamizazioa

Beasaingo Udalaren jabetzakoa den Plazape tabernaren lokalaren ustiaketa, alboko komun eta dutxa publikoena barne eta plazaren (plaza azpia nahiz Zubimuzu plaza) eta azokaren dinamizazioa gauzatzeko esleipenerako baldintza pleguen onespena erabaki zuen osoko bilkurak Alderdi Sozialistako bi zinegotzien abstentzioarekin. 

Udalaren helburua finean, ostalaritza zerbitzuaren ustiapenari lotuta, herritarrei  onuragarriak izango zaizkien zerbitzu publiko gehigarriak eskaintzea da. Horrela bada, baldintzen artean batetik komun eta dutxa zerbitzuaren eskaintza eta mantenua baldintza egokietan eskaintzeko bermeari lotuta, urtean gutxienez hiru kultur jarduera eta lau tailer azokaren inguruan antolatzeko konpromisoa daude.  

Jasangarritasun energetikoaren aldeko apustua

Jasangarritasun energetikoaren hautuaren alde eginez, energia aurreztu, eraginkortasun energetikoa hobetu eta energia berriztagarriak sustatzeko pausoak ematen ari da Udala. Hori posible egingo duten neurriak aurrera eraman eta horien jarraipena egiteko, udal mailako Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea eratu behar da. 

Udal gobernuaren ekimenez eta 4/2019 legeak ezarritako araudiari jarraituz, Udalak Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea sortzeko araudiari onespena eman zion osoko bilkuran EHBilduren abstentzioarekin. Honela bada araudiarekin Batzorde honen osaketa arautzen da, eginkizunak zehazten dira eta funtzionamenduaren araubidea ere ezartzen da.

Araudi honen helburua gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek Jasangarritasun Energetiko Batzordearen politika diseinuan eta erabakietan benetan parte hartzen dutela ziurtatzea da eta hala izanik onartua izan zen. 

Gai zerrendako beste gaiak 

Apirilerako deituta (grebaren ondorioz atzeratua) zegoen osoko bilkurak onartu zituen beste gai aipagarrien artean honako hauek aurkitzen dira; CAFek, eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergan “Q” eraikina birgaitzeko eskatutako hobariaren ezetzari aurkeztutako errekurtsoa ukatu egin zuen osoko bilkurak aho batez.

Udalerrian antolatutako ekitaldietarako agertokiak, karpak, aulkiak, mahai tolesgarriak eta tarimak alokatzeko zerbitzua, eta udal jabetzako antzeko elementuen muntaia eta desmuntaia egiteko zerbitzua, Montai enpresari esleitzea onartua izan zen EHBilduren aurkako botuarekin. 

Bestalde, eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua eta Covid 19 pandemia egoerarekin lotutako errefortzu-garbiketen zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak eta deialdi publikoa onartu ziren alderdi sozialistako aurkako botuekin (2) eta gainontzeko alderdien aldekoekin (15). 

Azkenik, EHBilduren udal taldeak Energia Iraunkortasun Legea betetzeko udalek behar duten finantzazioaren inguruan pdf mozioa (40 KB) aurkeztu zuen. EAJren udal taldeak bere aldetik pdf kontramozioa (64 KB) aurkeztu zuen. Biak irakurrita, azkenik kontramozioa onartu zen EAJren aldeko 10 botuekin eta PSE (2) eta EHBilduren (5) aurkako botuekin.