Eskola Agenda 2030eko Udal audientzian ikasleen proposamenak entzun eta erantzun dituzte udal agintariek

Beasaingo ikastetxeetako haur eta gazteek Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak landuta, aurkitu dituzten arazoak eta alternatibak aurkezten izan dira Udaletxean. Horiek entzuten eta erantzuten, Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburua izan dira, ikasleek egindako proposamenei Udalak abiarazi dituen ekimenak eta hartu dituen neurriak azalduz.  

Honela bada, urteroko udal audientzian, udal agintariak eta herriko bost ikastetxeek ingurugiroaren alde egiteko, helburuak eta ekimenak jarri dituzte mahaigainean. Eskola Agenda 2030ean Beasaingo 5 ikastetxek parte hartu dute eta aurtengo COVID19 egoeragatik ikastetxeko partaide kopurua mugatu egin beharra izan denez, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 14 ikasle gerturatu dira udaletxera.

Herriko basoak babestea jomuga

Berrikuntza moduan, aurtengo ikasturtean Eskola Agenda proiektuan Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuen artean martxan jarri duten ekimena “Basoa Ernatzen” proiektua izan da, eta proiektu honekin 15. Garapen Jasangarriko Helburua “Lehorreko Bizitza” landu dute.

Basoa ernatzen proiektuarekin udalerriaren egoera zein den aztertu eta udalerriaren diagnostikoa egin dute arazoak eta alternatibak zein diren ondorioztatzeko. Covid 19ak utzi dizkieten irteerak egin dituzte herriko basoetara (Sagastigutira), Murumendi eta Aralarrera eta Beasaingo eta inguruko basoen datuak eta informazio ezberdinak bildu dituzte.

Kezka eta konpromisoa

Ikasleek atera dituzten ondorio esanguratsuenak jasotako kezka eta hartu dituzten konpromisoetan bildu dituzte. Hala nola, gizakiaren eragina ingurune natural honetan nabarmena dela atzeman dute; autoen eraginez sortutako errepideak kutsadura areagotu dute. Honekin batera zaborra eta hondakinak botata aurkitu dituzte. Era berean ohartu dira naturgune hauek ez direla gaztetxoen ohiko aisialdi lekua eta hargatik irteerak oso positibotzat baloratu dituzte ez baitira jabetzen inguruan duten altxor naturalaz eta bertan dauden zuhaitz eta landare espezie ezberdinez eta biodibertsitateaz. Basoek eta zuhaitzek gure ekosisteman duten garrantzia gutxiesten dela azaldu dute berotegi efektua murrizten laguntzen dutelako karbono dioxido emisioa  gutxituz, planetako tenperatura handiagotzeari oztopoak jarriz.

Ondorioz, ikasleek gaiaren inguruan hartu dituzten konpromisoak zerrendatu dituzte. Basoa  eta bertako bizidunak zaindu eta errespetatuko dituzte zaborrik bota gabe eta lurrean dagoena bilduz. Horretarako natura ikasgela bezala erabiltzen hasiko dira, naturarekiko begirada aldatzen saiatuz, gehiago baloratuz eta landuz eta zuhaitz espezie ezberdinak identifikatzen ahalegina eginez. Hartara, aste bukaeratan natura irteera gehiago egingo dituzte herrian gelditu beharrean, tabernetan.

Zaborrak kudeatzea ezinbestekoa

Udalerriko natur ingurunea babesteko ikasleek egindako proposamenei erantzuteko txanda iritsi zaie, Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburuari. Udalak hartu dituen neurriak eta ekimenak azaldu dituzte. Sagastiguti parkera autoei sarrera eragozteko eskaeraren aurrean Bista Alai kaletik bidea eragozteko itxitura berritzeko ardura hartuko duela adierazi du. 

Beste gai bat zuhaitzen kudeaketa izan da. Ez mozteko eskaeraren aurrean, lorazainek adituen aginduz ebakitzen dituzte kasu hauetan: gaixorik daudenean, erortzear daudenean edo udalerriko azpiegituren instalazioetan arazoak sortzen dituztenean. Zaborrontzien inguruan kopurua handitu eta hondakinak ez botatzeko oharrak jartzeari buruz, beste aukera bat mahaigaineratu dute udal arduradunek; kontzientziazioaren bidez bakoitza bere zaborra etxera eraman eta bertan kudeatzea.

Hala ere, Covid 19aren eraginez basoetan herritar gehiago ibiltzen dira eta ondorioz zaborraren eragina areagotu da. Zakarrontzien hustuketa eta garbiketa indartu da eta astean hirutan husten dira Sagastigutin esaterako. Udal arduradunek gaztetxoei zuzendu dira bestalde, gai honi lotuta herriko kaleetako egoeraren inguruan ere aipamen bat eginez; kaleak hondakinez zikinduta topatzen dira egunero (goxokien poltsak, bildukinak, zigarro puntak,….). Kaleak ere garbi mantendu behar direla eta kaleko zakarrontziak erabiltzeko beharraz ohartarazi dituzte ikasleak.

agenda2030 audientzia 9