Urbi etxen kokatuko den egoitza berriaren proiektuari azken zertzeladak eman ondoren hasiko da lanak esleitzeko prozesua

Gazte lokalen arautegia aldatzeko proposamena aho batez onartu zuen martxoko udalbatzaren osoko bilkurak 

Beasaingo erretiratuen egoitza berriaren lanak hasteko lehen urratsa eman du Udalak. Udal gobernuak egindako proposamenaren arabera obrak suposatuko duen gastua finantzatzeko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatza osoak. Lanei aurre egiteko 770.000 euroko diru-atala zuzenduko da Urbi etxe eraikineko solairu-artekoan egingo diren eraberritze lanetarako. 

Egungo egoitzak funtsezko baldintza egokiak betetzen ez dituela aspaldidanik zen jakina. Garai bateko mediku-etxeak bere egituran eta zimenduan hainbat gabezi dituela eta orain arte egin diren konponketek ez diete arazoei irtenbiderik eman. Etxeak berak ere ez du irisgarritasuna bermatzen eta Udal gobernuak egoitza lekuz aldatzea erabaki zuen Aranealde erretiratuen elkartearekin adostuta. 

Honela bada eta osoko bilkurak alderdi guztien adostasunarekin egoitza berriak izango dituen gastuak finantzatzeko kreditu aldaketa onartu zen. Lanen proiektua eskuartean du Udalak eta zuzenketa batzuk egin ondoren onartua izateko aurkeztuko da hurrengo bilkuran. Honek lanak esleitzeko prozesuari emango dio bidea. Proiektuak, zentrua orain arte elkartekideei eskaintzen ari zitzaien zerbitzuak emateko azpiegitura egokia izatea bermatuko du. Abantaila nagusia irisgarritasunarekin lotuta dagoena izango da; orain arte eskaintzen diren zerbitzu guztiak emateko aretoak solairu berean egongo dira, egoitza herriaren erdian kokatuko da eta bertara iristeko igogailu berria eraikiko da.      

Gazte lokalen araudiaren aldaketa

Beasaingo gazteen aisialdi lokalen arautegiaren aldaketari hasierako onespena ematea onartu zuen osoko bilkurak aho batez.  Izan ere gaur egun dagoena zorrotzegia izateagatik ez du hauen erabilera baimentzen eta honen errebisioak zenbait aldaketa ekarri ditu. Honela bada arau nagusien gutxieneko baldintzak osasun eta segurtasun arloekin zerikusia dute: kalera irteera zuzena izatea, instalazio elektrikoa ondo egotea, komuna eta konketa izatea eta su-itzalgailuak edukitzea. Lokal horien edukiera pertsona batekoa izango da 2 metro koadroko; nolanahi ere gehieneko edukiera20 pertsonakoa izango da. Bizilagunekin elkarbizitza errespetuzkoa izate aldera, erabilera ordutegia goizeko 10etatik gaueko 22:00etara izango da; gauerdirarte asteburu, jaiegun eta jaiegun bezperatan. 

Lokal berriak irekitzeko eskabidea Udalean aurkeztu beharko da horretarako eskatuko diren dokumentuekin (jabearen datuak, aseguru poliza, su itzalgailuen mantenu ziurtagiria, argiteri instalazioaren ziurtagiria).

Martxoko udalbatzaren osoko bilkurak aztertutako gaien artean honako hauek aurkitzen dira. Aurtengo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko udal irizpideak onartu ziren eta udaleku itxietako tasei hasierako onespena eman zitzaien aho batez. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakinari aurkeztutako iradokizunak, irizpideak eta helburuak ezartzeko proposamenaren bozketan alderdi sozialistak aurka bozkatu zuen (2), EHBildu abstenitu egin zen (4) eta EAJk alde bozkatu zuen (9). Ondorioz proposamena onartu zen. Argiteria publikoaren mantenu eta hornidurarako zerbitzua Tecuni S.A. enpresari esleitzeko proposamena onartua izan zen aho batez. Era berean bertako produktuen merkaturatzea eta kontsumoa sustatzeko azoka bereziko ekoizleei aurten dirulaguntzak emateko oinarriak onartuak izan ziren aho batez. Azkenik ENBA eta EHNE elkarteen Mendiko abelzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa aurrera atera zen EAJren aldeko (9), alderdi sozialistaren aurkako (2), eta EHBilduaren abstentzioaren (5) botuekin.