Udalerria eremu gorrian egon den garaian ostalarientzako laguntza zuzenak eta merkataritza sektorea biziberritzeko laguntzak onartu ditu otsaileko osoko bilkurak

Udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako sektoreak suspertzeko udal-laguntzen inguruko proposamena onartu du otsaileko udalbatzaren osoko bilkurak. Honela eta Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz, Beasain eremu gorrian egoteagatik establezimenduak ixtera behartu dituzten ostalarientzat dirulaguntza zuzenak emateko oinarriak onartu ditu Beasaingo Udalak. 

Onartutako proposamenak, pandemiaren eraginez udalerriko ostalaritzako aktibitatea itxita egon den hilabete bakoitzeko (osoa ez dena proportzioan) langileen arabera dirulaguntza hauek ematea onartu da: 1.000 euro langile bat, bi edo hiru dituzten aktibitateentzat. 1.200 euro lau, bost edo sei langile dituzten aktibitateentzat eta 1.400 euro 7 langile edo gehiago dituzten aktibitateentzat. 

Udalak  150.000 euroko kreditua aurreikusi du laguntza hauetarako. Dirulaguntza honetarako emango den gehienezko kopurua establezimendu bakoitzeko 3.000 eurokoa izango da. Proposamena onartua izan zen EHBilduren abstentzioarekin (5) eta gainontzeko alderdien aldeko botoarekin (12). 

Merkatal sektorea biziberritzeko laguntzak

Udalak merkataritza sustatzeko duen interesaren baitan (batez ere Jose Migel Iturriotz kaleko merkataritza), merkatariei edo saltokia ireki nahi dutenei zuzendatuko laguntzak arautzeko proposamena aurkeztu zen. Helburua merkataritza sektorea biziberritzea da, hutsik dauden lokalak martxan jartzeko laguntzak emanez eta eskualdatzen denean negozioen jarraipena bultzatuz. 

Lokal huts batean merkataritza-jarduera bat abian jarri den edo martxan dagoen negozioa transmititu nahi duen pertsonak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak zehazten dituzte oinarriek. Laguntza hauek iaz jarri ziren martxan eta lau eskaera jaso ziren guztira 9.500 euroko kopurua banatuz. 

Lehentasuna Jose Migel Iturriotz kalean hutsik dauden lokalek eta negozioek badute ere udalerrira osora irekita daude laguntzak. Proposamena aurrera atera zen EHBilduren abstentzioarekin (5) eta Udal gobernu taldearen (EAJ -10-) eta Alderdi Sozialistaren (2) aldeko botoekin. 

lokal hutsak 2

Otsaileko osoko bilkuraren gai zerrendan aztertu eta onartutako proposamen azpimarragarrienak hauek izan ziren; merkataritzan, euskararen erabilera indartu eta nabarmentzeko saltokietako eta jardueretako errotuluetan, irudi koporatiboetan eta web-orrietan euskara erabiltzeko laguntzak; garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzak 2021 urtean; udal ondasunen inbentarioa eta pertsonalaren ordainsarien soldata igoera 2021rako. Bestetik, 2020ko ekitaldi ekonomikoaren aurrekontuaren likidazioari buruz berri ere eman zen.