Neurri berezirik ez da hartuko behinik behin baina dauden arauak zorrotz betearaztea da mezu nagusia

Batez ere azken astean Covid 19az kutsatutakoen kopuruetan eman den gorakada dela eta gaur goizean Osasun sailak deitutako bilera telematikoan izan dira Goierri eskualdeko alkateak eta Osakidetzako arduradunak tartean, Gotzone Sagardui osasun sailburua. 

Bileran egungo egoeraren azterketa eta herrietako alkateen iritziak mahaigaineratu dira. Beasaingo alkatea den Aitor Aldasorok azpimarratu du, kutsatze iturri nagusienak no ematen diren identifikatu eta hauek murrizteko neurriak zorrotz bete behar direla gogoraraztea izan dela bilerak utzi duen ondorio nagusiena.

Izan ere, lagunarteko eta familiarteko elkartzeak dira egun kutsatze iturri nagusienak, bereziki gune itxietan ematen ari dira kasu gehienak. Lan munduan ez da antzeman aparteko kasurik. Baheketak ustez broteak dauden lekuetan egiten ari dira, eskualdeko Txindoki institutua kasu. Emaitzarik eta daturik ez da aipatu bileran oraindik PCR azterketak burutzen ari direlako. Kasu asko eman dira zentru honetan eta horregatik burutzen ari dira baheketak adin horietako ikasleen artean (DBH 3-4 eta batxilergoan) aisia ohiturak eta elkartzeak ematen direlako lagunartean.

Neurri berezirik oraingoz ez

Neurri berezirik ezartzeko erabakirik ez da hartu oraingoz. Emaitzek ematen dutenaren arabera datozen egunotan aztertu beharko da egoera. Kutsatze tasak bere horretan jarraituko balu neurriak zorroztu egingo lirateke. 

Honi buruz, dauden arauak eta neurriak zorrotz betearazteko eskaera egin da. Maskararen erabilera, higienea eta urruntzea bete behar dira kutsatzerik eman ez dadin. Ostalaritzan ordutegiak mantenduko dira oraingoz eta gehienez hamar pertsonako taldeak elkartu ahal daitezke.