2020ko bigarren seihilabeteko zaborra eta terrazen tasak ordaintzetik salbuetsita geratuko dira ostalariak eta merkatariak

Osoko Bilkurako proposamen guztiak aho batez onartuak izan dira Udal euskaltegian euskaraz ikasteko dirulaguntzena ezik, EHBilduk aurka bozkatu du

Aitor Urdangarin Irastorzak zinegotzi kargua hartu du EHBilduren udal taldean 

Alarma egoera bertan geratu ostean, aurrez aurreko lehen udalbatzaren osoko bilkura burutu da. Covid 19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz negozioak itxi edo jarduera murriztua izan duten ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako titularrei zuzendutako laguntzak onartu ditu udalbatzak. Hain zuzen ere, jasandako galerei aurre egin ahal izateko, zabor eta terrazetako tasak ez dituzte ordaindu behar izango 6 hilabetez (2020ko bigarren seihilabetekoari dagokiona). Horretarako udalbatzak -antolakuntza batzordeak proposatuta- ordenantza fiskalen eranskinen aldaketa onartu du. Bozketan aho batez onartu dute udal talde guztiek proposamena.

Aldaketa honekin beraz, zaborren tasaren hobaria jaso ahal izateko, interesdunek eskaera bete beharko dute www.beasain.eus udal web orriaren bitartez eta terrazetako hobaria aldiz ofizioz aplikatuko zaie bide publikoa mahai eta aulkiekin okupatzeko lizentzien titular guztiei. 

Lokalaren IBIagatik ordaindutako zergaren %30a itzultzeko hobariak ere martxan jarriko dira jarraian. Honela bada, Udal gobernuak udalerriko ostalari, merkatari eta zerbitzu sektoreetako kaltetuekin adostutako laguntza hauek jaso dute udalbatza osoaren onespena. Laguntza hauek eman ahal izateko udal gobernuaren kudeaketa eta aurreikuspenari esker diruzaintzako gerakinetik bideratuko dira. Osasun-krisiak eragindako kalteei aurre egiteko Udalak erabakitako neurrien artean aurkitzen dira laguntza hauek eta besteak beste udalerrian erosketa sustatzeko bonoak eta uraren tasari ezarritako laguntzak ere batzen zaizkie aipatutakoei.  

Aitor Urdangarin zinegotzi berria 

Bestalde, maiatzeko osoko bilkuran EHBildu udal taldeko Maddi Imazek zinegotzi kargua utzi ondoren, bere lekua hartu du Aitor Urdangarin Irastorzak. 

Osoko bilkuran aztertutako beste gaien artean, alarma egoeraren ondorioz itxi zen Loinatz eguneko zentroaren irekiera eta etxez etxeko zerbitzua berriro martxan jartzeko proposamenak onartu dira. Eguneko zentroaren irekierarako baldintza berrien arabera, zerbitzua asteko zazpi egunetan eskainiko da, baimendutako erabiltzaileen gehieneko kopurua %70 izango da eta Aldundiak zentroaren kontingentzia- eta egokitzapen-plana onartu beharko du.

Euskara ikasteko dirulaguntzak onartuta EHBilduren aurkako botoekin

Ekaineko osoko bilkuraren gai zerrendako proposamen guztiak aho batez onartuak izan dira talde guztien aldeko botoekin kasu batean ezik, euskara ikasteko dirulaguntzei dagokiena. Udal Euskaltegian euskara ikasten ari direnentzako dirulaguntzak emateko baldintzak izan dira aztergai. 

Baldintza nagusien artean, dirulaguntzak jasotzeko Beasainen erroldatua eta 16 urte baino gehiago izan beharko dira. Langabetuei matrikularen %100 ordainduko zaie eta ikastaroaren arabera gainontzekoei %50 edo %75. Proposamena aurrera atera da udal gobernuaren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EHBilduren aurkako botoekin.