Beasaingo Udalak gizon eta emakumeen* arteko berdintasunerantz urratsak ematen jarraitzeko konpromisoari tinko eusten dio.

Martxoaren 8aren inguruan antolatu den egitaraua herriko elkarte desberdinen eta talde feministen elkarlana izan du oinarri beste urte batez. Beasaingo Udalak konpromiso horri hertsiki lotuta jarraitzen du eta bere baliabide eta bitartekoak jarri ditu horri begira berdintasun sailetik. Berriki Jaione Fraile teknikariak hartu du besteak beste sail honetako lanen ardura.

Igande honetako ospakizunetara etorriz, Emakumeen Nazioarteko Egunean badago zer ospatu eta zer aldarrikatu. Ugariak dira emakumeak* pairatzen dituzten eskubide urraketak: arrazakeria, prekarietatea, sexualitate eredu hegemonikoa …. besteak beste. Emakumeen* lanak gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek* egiten dituzte. Emakumeen* ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke. Emakumeen* lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira. Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek* jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.

Botere harremanak sortzen dituen genero rol ezberdintasun hauek traba handia dira berdintasuna lortzeko, gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo bilakatzen baitira. Honen aurrean eragitea funtsezkoa da hezkidetzan eraginez gizarte parekideago bat lortzeko. Hori horrela izanik, Beasaingo udalak hau lantzeko konpromisoa hartzen du.

Bestetik, emakumeek* emakume* izate hutsagatik pairatzen duten indarkeriak, gizartean bizirik dirau tamalez. Indarkeria matxistak emakumeen* askatasuna murrizten du eta beldurrez bizitzera behartzen ditu; indarkeria sistemikoa da eta erakundeen eta gizarte eragileen aldetik gero eta modu sendoagoan erantzun beharrekoa.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak honen guztiaren aurrean erantzun bat ematea, emakumeek* pairatzen dituzten zapalkuntza ororen aurrean eskubideak aldarrikatzea. Antolakuntza berri baten beharra nabarmena da, horren alde feminismoa erdigunean kokatuko duena, gizonen erantzunkidetasuna sustatuko duena, genero-identitate askeak bermatuko dituena, arrazakeriarekin amaituko duena. Zeregin hau denon konpromisoa da, eta horretan jardun behar da, egunerokotasunean berdintasuna abiapuntu izango duten jarduera zein jarrerekin.

Udalaren konpromisoa eta deialdia martxoaren 8rako

Egoera honetaz ohartzen denez, Beasaingo Udalak sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzeko konpromisoari eusten dio, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko. Sexuaren araberako lan-banaketarekin bukatzeko, bizitza duinak bizi ahal izateko agintaldi honetan udalean parekidetasuna lantzeko egindako lanean sakontzeko konpromiso irmoa adierazi nahi du Beasaingo Udalak.

Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin. Udaleko politikak sexu eta genero aniztasunaren ikuspegiarekin garatuko dituela. Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

Gizarteak planteatzen dituen eskaerak erantzukizunez entzuteko eta erantzuteko lan espazio bat sortzeko prozesuak abiatzea non udaleko eta herriko eragile ezberdinek parte hartuko duten, mugimendu feministaren eta zailtasun bereziak dituzten emakume* kolektiboen parte hartzean arreta berezia jarriz.  

Azkenik, herritarrei dei egiten die martxoaren 8a Emakumeen* Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu diren ekitaldi eta ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.

Martxoak 8 egitaraua