Ia 17 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak 2020rako eta herritarren behar nagusiei erantzuna eman asmoz ongizatea, berdintasuna, enplegua eta ekonomia bezalako arloetan eman dira igoera aipagarrienak

Udalerri atsegin, eroso eta herritarren beharretara egokitzeko, hirigintza eta hiri-mantenuak garrantzi berezia izango dute eta horretarako hiru milioi euro baino gehiagoko kopurua aurre ikusi da

Udalaren egoera ekonomikoa ezin hobea izaten jarraitzen du kudeaketa eraginkor eta zorrotzari esker  eta ia 10 milioi euroko diruzaintza gerakina du etorkizunean sor litezken beharrei erantzuteko

2020 ekitaldi ekonomikorako proposamena onartua izan da azaroko ohiko udalbatza osoko bilkuran. Aurrekontuak onartuak izan ziren gobernu taldearen (EAJ-PNV) aldeko botoekin (10), EHBilduren abstentzioarekin (5) eta PSOE-PSEren aurkako botoekin (2). Onartutako proposamenaren arabera, legegintzaldi honetarako bost helburu estrategiko nagusietan oinarritzen diren aurrekontuak izango dira. Gobernu onaren kudeaketa eredua, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri nortasuna eta jasangarritasunaren baitan ingurune zaindua duen udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat eraikitzea.

Guztira, Beasaingo Udalak datorren urtean 16.686.911,24 euroko  aurrekontua izango du. Ia erdia Herritarrak arloari eskeinia (%47,43), lehentasunak non izango direnaren adierazle, herritarrei begira. Herena berriz (%32,61) Lurraldea sailean, herri atsegin, eroso eta herritarren beharretara egokitzeko. Hemen aipatu udalerriaren mantenurako  3.126.754,00 euro zuzenduko direla (sail honetako %57). Hondakin bilketaren kasuan tasetatik biltzen denarekin kostuaren %96a estaltzen da (gastua 1.078.107, sarrerak 1.035,000).

Onartutako aurrekontuen arabera, Udalaren ekonomi egoerari dagokionez, Udalak, aurreikusitako dirusarreren azpitik mugatu ditu gastuak, horrekin aurrera begirako herri bat eraikitzen jarraitzeko. Zorpetze maila %2,69koa da (%2,9 da Beasainen antzeko giuzkoar herriak duten zorra) eta Gipuzkoan bataz bestekoa %4,2 denean. Azpimarratzekoa, Udalak une honetan, ia 10 milioi euroko diruzaintzako gerakina duela (9.812.439,87€).

Jarduera ekonomikoa eta enplegua

Tokiko enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute. Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko da, lan duina eta egonkorrari begira. Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko eta proposamen berriei dagokionez, lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dira lehenengo hiru urteetarako; eremu degradatuak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa ematen denerako.

Ongizatea

Herritarren ongizateak, ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa izaten jarraituko du. Gizarte ongizate saileko gastua %5.9 igotzea aurre ikusi da.

  • Pertsona helduen laguntza zerbitzuari protagonismo berezia emango zaio.
  • Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak gehituko dira, etxez-etxeko laguntza zerbitzurako aurrekontua %10 igoaz eta onuradun gehiagora iritsiaz.
  • Babespeko bosgarren etxebizitzarako ekipamendurako inbertsioa handituko da.
  • Zahartze aktibo atseginerako ekimenek pisu handia izaten jarraituko dute, honela helduentzako dantza saioetarako baliabideak bideratu dira.
  • 80 urtetik gorako herritarrei su detektagailuak jartzeak, lehentasuneko beharrak zeintzuk dituzten gertutik ezagutzeko aukera emango du.

Nortasuna eta kirola

Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da. Kultur jardueretarako inbertsioa igoko da. Igartzan EHUko Uda ikastaroekin jarraitzea eta kaleko aisian, naturaltasunez irakurketa sustatzeko etxolak jarriko dira. Bonberia eraikina aktibatze lanekin jarraituko da, dantza eta kulturaren erreferentzi bilakatze asmoz eta inguruan bertako nortasunarekin zerikusia duen mugimendua sortuz. 

Txirrindularitza udalerrian sustatzeko Euskadi Fundazioarekin lankidetza eta babesa mantenduko da. Modu berean,  entrenatzaileen teknifikazio eta euskalduntzerako ikastaroei ematen zaien babesarekin jarraituko da. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten, saskibaloi kantxaren berritzea kasu.

Hirigintza eta hiri-mantenua

Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, herritarrentzat gune, eroso, irisgarri eta atseginagoak eraikiz. 

Gune horien mantentzeari ere geroz eta indar gehiagorekin begiratzen zaio eta azken lau urteetan saiatu bezala, dagoena txukun mantendu eta hobetzen hartuko dira lanak, lorategi, espaloi, asfaltaketa eta abar luze bati jarraipena emanaz. Esku-hartze urbanistikoei dagokionez honako proiektuak nabarmenduko dira:

  • Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza ahalbidetzeko lanak.
  • Irisgarritasuna dela eta haurreskolako sarrera hobetu nahi da, Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalearen arteko loturan igogailua jartzea eta espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak leuntzean begiak jarriko dira.
  • San Inazio kaleko eraberritzea eta Oriamendi kalea konpontzeko azterlanak.
  • Erakusketa areto berri bat herriaren erdigunean.
  • Bonberia eraikinaren proiektuak aktibatuta jarraituko du dantza tradizionalari lotuta.
  • Porteria eremuko uholdegarritasunari irtenbidea emango dien lanekin jarraituko da eta horretarako CAF eta Ur agentziarekin dagoen hitzarmenak bere aurrekontua izango du.
  • Bernedoko aparkalekuan argiteria hobetuko da eta udalerrian toki adierazgarrienen argiztapenaren proiektuarekin jarraituko da.
  • Landa ingurunean ere inbertsioa igoko da (%11,4) bereziki, baserri bideen mantenurako.
  • Mugikortasun mahaia sustatzeko ere inbertsioa egingo da.
  • Txakur parkeetan iturriak jarri eta argiteria hobetuko da. Honekin batera jabeentzako sentsibilizazio kanpainak antolatuko dira Albaitarien elkartearekin lankidetzan.
  • Oria ibaia balioan jartzeko, natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da.
  • Haurren begietatik egindako herria eraikitzeko “Haurren Hiria” proiektua gauzatuko da.

Hizkuntza eta berdintasuna zehar lerro garrantzitsuak

Sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira hizkuntza politika eta berdintasuna.

Hizkuntza Politikari dagokionez eta erabilera sustatzeko, abian diren proiektuekin jarraituko da, hizkuntza errefortzu zerbitzua, Euskara Oinarritik Kirolean edo Udaleku Itxiekin adibidez eta berrikuntza gisa begirale titulua eskuratzeko ikastaroa antolatuko da. Aittu Beasaingo euskara taldeak ere izango du bere lekua aurrekontu proiektuan. Euskaraz ikasi nahi dutenen aldeko diru laguntzek jarraipena izango dute.

Gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez jarraituko da. Horretarako (gastu aurre ikuspena %4,54 igo da), Herrilab proiektuarekin jarraituaz, ekintza plana abian jarriko da Foru Aldundiarekin batera, kontziliazio erantzunkidean aurrerapausoak ematearren. Horrezaz gain, sentsibilizazio lanekin jarraituko da.

Oposizioaren proposamenak 

Joan den urtean bezalaxe, aurten ere, oposizioak aurkeztutako proposamenekin osatu eta aberastu nahi izan du gobernu taldeak hurrengo ekitaldiko aurrekontua. 

Alderdi sozialistak proposatu eta onartutakoak hauek izan dira:

  • Mateo Mujika, Lorategi kalea kaleetako irisgarritasuna hobetzea
  • Insitutoko eskilarak hobetzea
  • Nekolaldetik Urbialderako bidea txukuntzea. Bizilagunekin hitzarmena.
  • Erauskin kaleko aparkalekuan egokitzapenak.
  • Sagastigutia parkeko mantenua.
  • Txakur jabeentzako sensibilizazio kanpaina.
  • Edukiontzietatik kanpo zaborrak uzten dituztenentzako sensibilizazio kanpaina.
  • Mugikortasun plana.
  • Udaltzaingoak abiadura handian doazenentzako sensibilizazioa.
  • Zebrabideen ikusgarritasuna hobetzeko espaloia zabaldu.
  • Markesinak konpontzea
  • Doako wiffi puntuak gehitzea.

EHBildu taldeak aurkeztutakoak: 

  • Isabel Olano parkea berregituratu, azterlanerako proiektoa egin.
  • Irisgarritasuna hobetzeko Mateo Mujika, Aranzazu kaleetako proiektuak egin.
  • Bista Alai kaleari txukundu bat eman ze gabezi, muga… dituen aztertzeko proiektua
  • Plangintza enerjetikoa.
  • Mugikortasun mahaia.
  • Berdintasun arlorako plana aurrera eramateko teknikari bat.
  • Gaztedi sailerako teknikari bat.
  • Adineko pertsonen dinamizatzailearen zerbitzua handitu.

Aurrekontuen esteka

Bilkuran onartutako beste gaiak

Onartu diren beste gai aipagarrienak azaroari dagokion udalbatza osoko bilkuran hauek izan dira: Ezkiaga auzoan uholdeen arriskuak saihesteko egin beharreko lanen lankidetza hitzarmenaren hasierako onespena Euskal Ur Agentzia, CAF eta Beasaingo Udalaren artean. Bozketan, EHBildu eta alderdi sozialista taldeak abstenitu egin ziren (7) eta gobernu taldeak alde bozkatu zuen (9). Beste alde batetik Palestinako Herriarekiko Elkartasun Egunaren harira, “Bakea eta duintasuna elkarteak” aurkeztutako pdf mozioa (719 KB) aho batez onartu zuten alderdi guztiek.