Legegintzaldi amaierako azken gobernu batzordean hainbat obren esleipenak onartu ziren, Usurbe antzokia birgaitzeko lanak, pumptrack pista berria egiteko lanak, Trenbide kalea berritzeko obrak eta Manufacturas Olaran eraikina partzialki birgatzeko lanak

Hainbat obren esleipenak onartu ondoren, udalerriko hainbat eraikin eta eremutan lanak hasiko dituzte datozen hilabeteetan. Lehenak Usurbe antzokiari eragingo diotenak izango dira eta Loinatz jaiak amaitzen direnean hasiko dira.

Bere egunean jakinarazi zen bezala, erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna, ikusgaitasuna eta erosotasuna bermatzea dira Usurbe antzokia birgaitzeko lanen helburu eta lehentasun nagusia udalarentzat. Honela bada, besaulkien toki aldaketa burutuko da, egun erabilgarri ez daudenak kendu eta beste batzuk aldatuz. Erdiko pasilloa desagertuko da eta alde banatan jarriko dira bi. Erdiko besaulki-patioan batuko dira eserleku guztiak ikusgaitasuna hobetzeko. Palkoetan azkeneko ilara kenduko da eta hutsuneak uniformizatuko dira. Emergentziazko irteerak hobetuko dira eta oro har egungo plaza kopurua mantendu egingo da. Obrek hiru hilabeteko iraupena izango dute eta jaien ondoren hasi eta irailaren amaierarako bukatuta egotea espero da. Esleipen prezioa 228.446,22 eurokoa izan da eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak burutuko ditu.

Onartua izan den beste esleipena pumptrack pista edo eremua berria egiteko lana izan da. Horretarako egun Igartzan dagoen skate pisten eremua berrituko da. Lanak egingo dituen enpresa Pumptrack Park S.L.U.  izan da eta 97.936,92 eurotan burutuko ditu lanak. Prezioaren barruan proiektua eta lanen egikaritzea daude. Behin proiektua aurkezten denean, onartu ondoren hasiko dira lanak. 14 asteko iraupena izango dute.

Manufacturas Olaran eraikuntza partzialki birgaitzeko lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresari esleitzea ere onartu zuen gobernu batzordeak. Eraikuntzaren egoera dela eta lehentasuna eman zaie urak bildu eta dorrea babesteko lanei. 77.000 euroko kostua izango dute birgaitze lan partzial hauek eta bi hilabeteko iraupena izango dute. Usurbe antzokian egingo diren lanek baldintzatuko dute lan hauek hasiera.

Azkenik, tamaina eta garrantzi handiko beste obra baten esleipena ere onartu zen gobernu batzordean. Trenbide kaleko errepidearen egoerak hala eskatuta berritze lanak burutuko dira Barrendain plazatik Iturralde kalea bitarteko errepide zatian. Lanek, asfaltoa aldatzea, gidarien segurtasuna hobetzea eta aparkalekuen kopurua handitzea ekarriko dute. Udalak helburu hauek lehenetsita Otegi GaztaƱaga enpresari lanak esleitzea onartu du 500.587,07 euroko prezioan. Horretarako trenbidea dagoen aldeko aparkalekuak errepidearen beste aldera pasako dira. Honela gidariek ez dute orain bezala errepidea zeharkatu behar izango segurtasuna hobetuz. Gernika pasealekuaren alboan lerroan dauden aparkalekuak baterian jarriko dira espaloiari zati bat irabazita. Guztira 39 aparkaleku plaza gehiago sortuko dira eremu honetan. Birgaitzeko lanak uztailaren 1ean hasiko dira eta sei hilabete iraungo dute.

Udalbatza osoak hartutako erabakiak

Maiatzaren 23an burututako udalbatza osoko bilkurak hartutako erabaki azpimarragarrienen artean Igartzako Monumentu Multzoko jauregia, errota, burdinola eta ermita kudeatzeko zerbitzua Aldabe Kooperatiba Elkarteari esleitzea izan zen. Kontratua bi urtekoa izango da urtez urte beste hiru gehiago luzatzeko aukerarekin eta urteko kostua  74.749 euro (+ BEZ) izango da. Osoko bilkurak ere Euskaltegia, Musika Eskola eta Kiroldegiko organismo autonomoak disolbatzeko behin betiko onespena eman zuen Udalaren eskuetan geratzeko hauen kudeaketa.