Legealdi hasieran zehaztutako ardatzak eta lehentasunak mantentzen dira herritarren kezka nagusiak enplegua, ekonomia eta ongizatea direlako

Langabeziari aurre egiteko enplegu planaren baitan diruz lagundutako formazio saioak eta ekonomia sustatzeko egitasmoek lehentasuna izango dute

Herritarren eta adineko pertsonen ongizatean eragiten duten zerbitzuetako inbertsioak igoko dira eta beren beharrak atzemateko diagnosia egingo da

Udal gobernuak 2019rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Kudeaketa onaren baitan, legealdi hasierako konpromiso nagusiei helduz landutako aurrekontu proiektua da, pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten duena.

Orain arte hartutako konpromisoei eutsiz, herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiei aurre egin nahi die Udal gobernuak. Enplegua eta tokiko jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute. Enplegu planari lotuta, ekintzailetasuna sustatzeko aukera berrien azterketari eutsiko zaio, coworking-erako espazio eta aukera berriak aztertuko dira eta langabeziari aurre egiteko formazio espezifikorako diru- lerroak mantenduko dira.  

Ekonomiaren sustapenari dagokionez, Beasain indarberritzeko egindako ikerketaren emaitzak kontutan hartu eta zenbait egitasmo martxan jarriko dira, esaterako Ezkiaga auzoan azoka ezartzeko azterketa egingo da tokiko baserritarrekin eta merkataritza babestu eta sustatzeko telefono mugikorretarako aplikazioa sortu eta erosketak gordetzeko kontsigna digitalak jartzeko aukera landuko da. Bertako produktuen hileko azoka indartu eta dinamizatzeko ekimenek jarraipena izango dute.

Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako ildo estrategiko garrantzitsua da. Zahartze aktiboak pisu handia izaten jarraituko du eta ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak handituko dira. Gizartearen zahartzea etorkizunera begirako desafio handienetakoa da. Horri aurrea hartzeko eta adineko beasaindarren ongizatea bermatu eta zahartze aktiboa sustatzeko legegintzaldiko lehen urtetik martxan jarritako ekimenak mantendu eta berriak abiaraziko dira. Ongizate arloan adineko pertsonei eta bakarrik bizi direnei etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ordu kopurua handituko da, horretarako aurrekontua %15 igoz. Esku-hartze familiarreko programara zuzendutako aurrekontua ere %20 igoko da adin txikiko eta nerabeak dituzten familiei beharrezkoa duten laguntza emateko. Babespeko laugarren etxebizitza irekiko da adineko pertsonen beharren eskaintza hobetzeko, horretarako inbertsioa %10 igota.  Bestalde jarraipena izango dute Beasain Lagunkoia, Ondo ibili ondo izan, Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu, adineko pertsonentzako herriko kirol espazioak, kirol kontsultategia, prebentzio kanpainak (botiltzarra, lonja laket).

Egitasmo berrien artean, adineko pertsonei buruzko diagnosia egingo da A Tiempo izeneko programa baliatuz, beren beharrak atzemateko. 80 urtetik gorako herritarren etxeetan ke detektagailuak jarriko ditu Udalak. Herriko zenbait kaleetan desfibriladoreak jarriko dira.  Herrigintzan, Itsuentzako lehen semaforoa jarriko da baita ere Juan XXIII kalean ONCErekin elkarlanean. Haurren parte hartzea sustatuko duen proiektua martxan jarriko da hirigintza ikuspegitik euren ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Arana kaleko bizilagunekin Arana Elkar-Ekin egitasmoaren bidez lanketa berezia egingo da bertako egoera aztertu eta elkarbizitza hobetze aldera bizilagunen beharrei erantzuna emateko. Herritarren segurtasunari begira, udaltzaingotik eskaintzen den zerbitzua hobetzeko, urteko 365 egunetan lanean egoteko baliabide gehiago jarriko dira.

Hirigintza alorrean herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko. Mantenu lanei garrantzi berezia ematen jarraituko zaie, lorategiak, errekaren garbiketa, espaloien berregokitzea, asfaltatze lanak eta abar. Hezkuntza zentroetan legealdi hasieran egindako Eraikuntzen Azterketa Teknikoek ezarritako lehentasunekin jarraitu eta birgaitze lanak egiten jarraituko da. Parkeei dagokionez eraberritze lanekin jarraituko da beharren lehentasunari kasu eginez.

Eginkizun berriekin jarraituz, Igartzako monumentu multzoan aldaparoa eta urmaelak txukunduko dira lorategiekin batera eta burdinolan hobekuntzak egingo dira. Udalerrian toki adierazgarrienen argiztapenaren proiektuarekin jarraituko da. Erauskin plazako eraberritzeari lotuta komun publiko berriak jarriko dira. Gernika pasealekuan aparkalekuen kopurua handitzeaz gain, zorua berrituko da eta segurtasuna hobetuko da.

Olaran eraikineko egokitzapen lanekin jarraituko da eta honek izan ditzaken erabilerak aztertuko dira. Horien artean, gazteei zuzendutako alokairuko etxebizitzak, enpleguari eta industriari lotutako ekimenak eta beste hainbat beharren inguruko gaiei buruzko azterketa egingo da. Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak ere bere bidea jarraituko dute. Porteria eremuan errekaren uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanei ekingo zaie. Gune horretako berurbanizazioarekin espaloiak zabalduko dira eta espazio berritua sortuko da eta San Inazio kaleari buruzko azterlana burutuko da hobekuntza posibleak definitzeko eta Usurbe antzokian erakusketa aretora jaisteko igogailua konponduko da irisgarritasuna hobetzeko.

Herriaren nortasunaren adierazle diren hizkuntza, kultura eta kirol jarduerekin lotuta, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak mantenduko dira eta dantzan.eus elkartearekin hitzartutako ikerketa lana aurkezteko konpromisoa mantenduko dira. Berdin kirol arloan Beasain Kirol Sarien edizio berri bat eta hizkuntza politikan Garabide elkartearekin dagoen konpromisoa, Euskaraldia, udaleku itxiak eta Euskara Kirolean abian jarritako proiektua kirol elkarte eta eskola kirolarekin.

Berrien artean datorren urtean kultur arloan Bonberia eraikina dantzarekin lotutako gunea izateko aktibatuko da. Lazkaoko beneditarrekin elkarlana sustatzeko hitzarmena bultzatuko da, memoria historikoa lantzen jarraitzeko egitasmoarekin jarraituko da, kultur elkarteekin hitzarmenak indartuko dira eta Udalarentzako aplikazio berria sortuko da zerbitzu guztien berri herritarrek eskura izan dezaten.

Kirolari lotuta kiroldegian kalitatezko espazioak eta aukera berriak eskaintzeko inbertsioak egiten jarraituko da. Sarrerako atarian egokitzapenak egingo dira eta futbol zelaien erabilera areagotu eta aprobetxamendua hobetzeko inbertsioetarako elkarlana landuko da kirol elkarte eta federazioekin.

Pertsonen ongizateaz eta bizi kalitateaz hitz egitean, ezinbestean berdintasuna ere du jomuga udal gobernuak. Gizarte parekideagoa eraikitzeko zenbait urrats eman badira ere azken urteotan, bide berari jarraitzeko hainbat proiektu aurreikusi ditu, baita datorren urtera begira ere. Iraitz Agirre antropologoak Beasaingo emakumeari buruz egindako azterketak argia ikusiko du. Herrilab proiektuaren hurrengo faseak ezarriko dira, emakumeen presentzia kirolean sustatzeko eta beren jarduna indartzeko Goierri Gorri taldearekin hitzartutako elkar lanarekin jarraituko da eta genero indarkeriari aurre egiteko kanpainak urte osora zabalduko dira.

Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duen aurrekontu proposamena da Udal gobernuak aurkeztutakoa, hain zuzen ere 2015-2019 legealdirako kudeaketa planean jasota dagoenari jarraituz garatzen ari dena. Oposizioko taldeekin partekatu ondoren, orain arte bezala, euren ekarpenak jaso eta guztien artean aurrekontu proiektua osatzeko borondatea du gobernu taldeak;  2018ko aurrekontuekin gertatu bezala proposamen guztiak bete daitezen. Azaroaren 29eko Udalbatza osoaren bilkuran aurkeztuko da 2018 aurrekontu proposamena onartua izan dadin.