Udalbatza osoak, Beasaingo Hiri Antolamendu Orokorreko Plana gauzatzeko burutuko den programa aho batez onartu du

Hiru hilabete iraungo ditu partekatze prozesu honek eta herriko eragile eta herritarren iritzia bilduko du

Urriko osoko bilkuran udalbatzak onartu du azaroan hasi eta urtarrila bitartean, herriko eragile , elkarte eta oro har herritarrekin Beasaingo Hiri Antolamendu Orokorra zer den informatu eta iritziak jasotzeko programa.

Etorkizuneko Beasain nola egitaratuko den Hiri Antolamendu Orokorreko Planaren lehen urratsa izango da. Pasa den ilbeltzean, SABAI arkitektoak enpresari esleitu zitzaion plan nagusi hau gauzatzeko ardura eta honela aho batez onartu da kontratistak Udalari proposatutako programa.

Aurkeztutako programaren arabera, herriko eragile eta elkarte nagusiekin parte hartze prozesua burutuko da. Honen aurretik Hiri Antolakuntzarako Plan Nagusia zertan datzan informatzeko panelak herriko toki esanguratsuenetan jarriko dira (Euskaltegia, Kiroldegia, Liburutegia, San Martin plaza azpia, KZ gunea, Erretiratuen Etxea, Urbieta …) eta informazioa zabalduko da oro har.

Partaidetza prozesuan bost tailer burutuko dira, guztiak astearteetan arratsaldeko 19:00etan udaletxeko batzar aretoan; azaroaren 20an, abenduaren 4an eta 18an eta urtarrilaren 8an eta 22an. Deialdi orokorra egingo du Udalak ohiko dituen euskarrien bidez eta gonbidapenak ere bidaliko dira edozein herritarrak parte hartzeko duen eskubidearen kalterik gabe.

Sasietako estatutuak eta Taxien tarifen igoera

Udalbatzaren osoko bilkuran onartu diren beste gaien artean Sasieta Mankomunitateko estatutuen proposamena egon da. 1992garren urtean onartuta zeuden estatutuak eguneratu egin dira. Aldaketa nagusiak antolaketa modu edo sistemari dagozkionak izan dira eta baita gardentasun, gobernu ona eta parte-hartzearekin erlazionatutako printzipioen aurre ikuspenari buruzkoak.

Bestetik Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak (AGITAX), Goierriko erregimen bereziko eremuan aplikatzeko, 2019 urterako tarifen onespena eman da. Honela bada, datorren urtean %2,3ko igoera ezarriko da.

Beste gaien artean, Musika Eskola eta Euskaltegiko Batzorde Errektorerako izendapen berriak onartu dira eta Aitor Aldasoro, Leire Artola, Arantxa Zufiaurre eta Mikel Olano izan dira  Udalbatzako pertsona aukeratuak.

Mozioen atalean ENBA nekazal sindikatuak, Aralarren pistak eraikitzearen alde bozkatu zuten ordezkari politikoei epaitegietara eraman izanaren aurrean, hauei babesa adierazteko urgentziazko idatzia aurkeztu zen bozkatzeko. Mozioa onartu egin zen EHBilduren aurkako botoekin (6) eta gainontzeko alderdietako aldeko botoekin (10). Bigarren mozioa EHBilduk  presoen jaiotze herrietatik urruntzeari buruz aurkeztutakoa izan zen eta alderdi guztiek onartu zuten aho batez.