Eremu honetako garapen urbanistikoa aurkezteko bildu zen Aitor Aldasoro alkatea Isabel Pardo Adif-eko presidentearekin

Udal gobernuak aurkeztutako proiektuan, burdinbide gunea herriaren egituran txertatzea du helburu honela Beasainek dituen hirigintza beharrei erantzun ahal izateko

Geltokiko igogailu berriak konpontzeko eta Zaldizurretako bizilagunentzako zaraten aurkako pantailak jarri ahal izateko baimena emateko eskaera egin zuen alkateak

Adifen Madrileko egoitzan bildu da Aitor Aldasoro alkatea erakunde honetako presidentea den Isabel Pardorekin. Alkateak, Beasaingo geltokiko burdinbidearen gunea herriaren egituran txertatuta honek suposatuko lukeenaren proiektua erakutsi eta azaldu dio. Aipatutako eremua Adifena da, alegia estatuko burdinbide sarearen egitura administratzeaz arduratzen den erakundea. Sustapen ministerioaren ardurapean dago Adif eta Madrileko egoitza nagusiraino bidaia egin zuen alkateak. 

Bilera honetan aztertutako beste gaien artean, herritarren ongizatean eragina duten bi eskari izan dira nabarmentzekoak. Alde batetik Beasaingo tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko egin diren lanei dagokionez, igogailuen funtzionamendu egokia bermatzea eta bestetik Zaldizurreta kaleko bizilagunei kaltea eragiten dien zarata gutxitzeko, zaraten aurkako pantailak trenbidearen eremuan jartzeko baimena ematea eskatu zuen alkateak.  

Beasainen hazkunderako proiektu erabakigarria

Adifeko goi-arduradunekin izandako bileran alkateak Maria Eugenia Iparragirre senataria izan zuen lagun. Burdinbide gunea Beasaingo hiri-egituran txertatzeko beharra azaldu zien alkateak. Lehenbailehen egiteak, Beasainen etorkizuneko hazkundean duen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere udalerriaren berezitasun orografikoengatik zeharo zaila da garapena eta hedapen urbanistikoa handitzea. Ondorioz, eremu desegokiak, hazkundea eten eta sakabanaketa eragiten du.

Egungo udal gobernuak proiektu estrategiko hau legegintzaldi hau hasi baino lehen aurkeztu zuen. Madrilen ordezkaritza duen euskal talde politikoak egindako gestioen ondorioz, 2016an estatuko gobernuak 500.000 euro zuzendu zituen burdinbide gunea lekuz aldatzeko azterketaren proiekturako. Gai honi azken urtetan egin zaion jarraipenaren ondotik iritsi da Adifeko arduradunen eta udal ordezkari eta politikoen artean joan den ostegun arratsaldean egin zen bilera.

Beraz, Adifen eta ondorioz sustapen ministerioaren eskumena eta ardura da burdinbide gunea lekuz aldatzeko lanak egitea. Behin hau gauzatutakoan, gune horretan eremu berdeak, merkataritzarako guneak, aisialdirako eta kirolerako espazioak, etxebizitzak eta abar aurre ikusten dira. Honetaz gain garraio-eraz aldatzeko geltoki edo estazioa eta 1 nazional errepiderako sarbide eta irteera ere eraikiko dira.