Ikertalde enpresak izango du proiektua garatzeko ardura eta prozesua aurrera nola eramango den aurkeztu zaie ikastetxe, elkarte eta enpresetako arduradunei

Lehen fasean egoeraren diagnostikoa egingo da eta banan-banan eragile bakoitzarekin elkartuko dira ekarpenak eta informazioa biltzeko

Herrilab izeneko ekimenak hasi du bere ibilbidea Beasainen. Ikertalde enpresa izango da prozesua aurrera eramateaz arduratuko dena eta udaletxean herriko eragile sozial eta ekonomikoei ekimen aitzindari honen xehetasunak aurkeztu zaizkie.

Beasaingo arlo ekonomiko eta sozialean eragin garrantzitsua duten elkarte eta enpresei aurkeztu zaie Herrilab proiektua, besteak beste herriko ikastetxeei, CAF, Indar eta Gerra Hermanos enpresei, Aizkorri Mendizale Elkarteari eta baita Asmube, Aurtzaka, Beasain KE, Goierri Gorri, Goieki eta Bareak elkarteei ere.

Ikertalde enpresako arduradunek bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazio erantzunkidea sustatzeko proiektu pilotua nola gauzatuko den azaldu dute. Lehenik, egungo egoeraren diagnostikoa egingo da. Beasain nola dagoen aztertu. Eragileen identifikazioa eta datu bilketa egingo da kontziliazioa enpresa eta elkarte bakoitzean nola eta noraino barneratu dagoen jakiteko eta proposamenak jasotzeko.

Herrilabek arlo sozialaz eta ekonomikoaz gain, arlo instituzionalean ere eragingo du, politikariekin eta Udaleko teknikariekin ere lanketa egingo da. Hiru arlo horiekin batera herritarrei ere zabalduko zaie parte hartzeko aukera. Egoeraren diagnostikorako erabiliko diren tresnak edo bitartekoak, inkestak, eztabaida taldeak, aurrez-aurreko elkarrizketak eta on-line galdetegiak izango dira. Finean, ekimen aitzindari honek eragileak eta herritarrak inplikatuko ditu, esperimentazioaren bidez, eraldaketa soziala sustatzeko eta proiektu pilotu honi esker, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dira proiektu pilotu honi esker.

Foru Aldundiarekin elkarlanean sortutako esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.