Diputazioarekin hitzartu dira plaza berriak eta psikogeriatriako unitaterako izango dira, guztira honenbestez 92 egoiliarrentzako tokia egongo da Beasaingo Arangoiti egoitzan

Honela bada Beasain eta eskualdean adineko mendekoek aukera gehiago izango dute bere ingurunetik gertu dagoen plaza bat lortzeko

Legegintzaldi honen hasieratik egindako lan onaren emaitzei esker lortu dira 15 plaza hitzartu berri horiek. "Hamaika" bilera eta negoziazio izan dira tarteko Beasaingo Udaleko agintari eta Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako arduradunekin eta Osakidetzako profesionalekin. Honi lotuta egoitzan egin diren berrikuntza eta egokitzapenetarako egindako inbertsioek ahalbidetu dute Beasain eta bertako Arangoiti egoitza plaza berri hauek emateko aukeratuak izana. Halaxe adierazi du Aitor Aldasoro alkateak gaurko aurkezpenean, izan ere lorpen hau egungo udal gobernuak pertsonen ongizatean eta hirugarren adinarekin zerikusia duten helburu estratejikoen baitan aurkitzen zen asmoetako bat zen. Besteak beste, zahartze aktiboa eta osasunaren prebentziorako egitasmoak bezala.  

Hitz hauek esanda alkateak Foru Aldundiko Markel Olano ahaldun nagusiarekin, Maite Peña gizarte politikarako diputatuarekin, Amaia Arri zentroko zuzendariarekin eta egoitza kudeatzen duten arduradunekin, egoiliar berriak hartuko dituzten instalakuntzak bisitatu ditu. 15 plaza hitzartu berri hauei esker, Biharko enpresak kudeatzen duen Arangoiti egoitzak 92 plaza izango ditu egoiliarrentzat, horietatik 15 psikogeriatriako unitaterako.

Diputatu nagusiak egin dituen adierazpenetan azpimarratu nahi izan du epe labur eta ertainera Gipuzkoako biztanleria zenbateraino zahartuko den; “datu horiek kontuan hartuta, Foru Aldundiak ibilbide-orri bat prestatu du zahartzearen erronkari aurre egiteko, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan. “Horrek eskatzen du prebentzio ikuspegia duten neurriak bultzatzea, zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balio izateko autonomia pertsonala sustatzeko”. Olanok azpimarratu du beharrezkoa dela adinekoentzako egoitza plazen kopurua handitzea. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaiera bitartean 300 plaza berri sortuko dira adinekoen egoitzetan, modu progresiboan. Horrela, egoitza plaza bat eskatu dutenen itxaron zerrenda murriztuko baitugu”, nabarmendu du diputatu nagusiak.