Udaleko Gobernu batzordean, Erauskin plazako birmoldaketa lanen proiektua eta baldintza pleguak eta 2018ko Kale asfaltatze kanpainako lanak lizitatzeko baldintza pleguak onartu dira

Udalbatza osoko bilkuran aldiz, Igartza monumentu multzoaren kudeaketa eta ustiapena kontratatzeko baldintza pleguak onartu dira

EHBilduko Garbiñe Zurutuzak uko egin dio bere zinegotzi karguari

Udalbatzaren osoko bilkuraren aurretik burututako Udaleko gobernu batzordean, Erauskin plazaren birmoldaketa lanak kontratatzeko proiektuari eta lanak esleitzeko baldintza pleguei onespena eman zaie. Honela, lanak esleitu ahal izateko prozesuari hasiera emango zaio. Baldintzen artean, lanen exekuzioari dagokionez 5 hilabeteko epea izango dute eta aurrekontua 739.301,94 eurokoa izango da. Kontratazio lege berriaren arabera, aurkezteko asmoa duten enpresek Eusko Jaurlaritzaren kontratazio sistemara jo beharko dute. Bertan argitaratuko dira kontrataziorako baldintza pleguak. Argitara ematen diren momentutik aurrera irekiko da aurkeztu ahal izateko epea Erauskin plaza birmoldatzeko lanak uda honetan hasiko dira.

Erauskin plazaren birmoldatzeko proiektuaren gauzatzea, Udalak bultzatutako herritarren arteko hausnarketa prozesu baten ondotik eratorria da. Helburua, oinezkoentzako egokituta dauden Kale Nagusia eta Nafarroa etorbidea lotzen dituen Erauskin plazako eremuari, hirigintza eta mugikortasun arloko aukerak aztertu eta konponbideak ematea izan zen.

Bestalde, Gobernu batzordeak 2018ko kale asfaltatzearen kanpainari dagokionez, lan hauek esleitzeko baldintza pleguak onartu ditu. Aurten asfaltatuko diren kaleak hauek izango dira:

Igartza Oleta 4-6 atzean eta Igartza Oleta 8tik 12ra, Nafarroa Etorbidea 27-45 zenbakien artean, Loinaz auzoan 167 metroko bidea, Oriamendi kaleko 34 zenbakian (Zelatarekin bidegurutzean), Erauskin kalean 125 metro (Aranealdetik gora). Garajeen sarrerei dagokionez, Igartza plaza 5, Nafarroa Etorbidea 51 (Niza tabernan parekoa) eta Peategi kalea 3. Aurrekontua 140.000 eurokoa da eta uztailaren azkeneko astean hasi eta abuztuaren 10 bitartean burutu beharko da lana.

Igartza monumentu multzoa kudeatzeko esleipena

Apirileko Udalbatza osoko bilkuran erabakitakoen artean, Igartza Monumentu Multzoa kudeatzeko baldintza pleguen onespena izan da. Uztailean amaitzen da orain arte eginkizun hau zuen enpresaren kontratua eta baldintza plegu berriak onartu dira EHBildu taldearen aurkako botuekin. Honela, Beasaingo Udalaren jabetzako Igartza Monumentu Multzoa osatzen duten eraikinak kudeatzeko eta ustiatzeko baldintzak ezarri dira. Kontratua bi urterako izango da beste hiru urtera, urtez-urte, luzatu ahal izango da. Udalak urtero emango duen kopurua 75.000 eurokoa izango da BEZa kanpo.

Era berean, udalbatza osoko bilkurak aho batez onartu dituen gaien artean honakoak aurkitzen dira; Beasaingo Udalaren eta bere erakunde autonomoen aseguru ezberdinak kontratatzeko lizitazio publikorako baldintzak, Igartza Monumentu Multzoko gelen erabilpenagatik eta sarrerengatiko prezioen aldaketa, Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko hitzarmena etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko eta Garabide elkartearekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz diruz lagunduko diren proiektuak.

Azkenik, EHBildu taldeko Garbiñe Zurutuzak bere zinegotzi karguari uko egin dio eta onartua izan da bilkura honetan.

Kontratazio baldintzen berri jakiteko

Gobernu Batzordean eta Udalbatza osoaren bilkuran guztira lanen kontratazioetarako bost baldintza plegu ezberdinen onespena eman da. Hori dela eta, azken hilabetetan eman den lege aldaketaren ondorioz, otsailaren 21az geroztik, Beasaingo Udalaren kontratatzailearen profila Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio sisteman integratua dago. Beraz kontrataziorako baldintza guztien berri jakiteko Eusko Jaurlaritzaren kontratazio sistemara jo beharko dute interesdun guztiek.