Gobernantzaren alorreko bikaintasuneko Europako zigilua lortu ez bada, prozesu honek egungo egoerari buruzko argazkia edukitzeko balio izan du

Egindako lanak, hutsuneak aurreikusi diren puntuak indartzeko balioko du eta jada lehen neurriak hartu ditu Udalak

Beasaingo Udalak, EUDELek eta Europako kontseiluak sustatu duten proiektu pilotu batean parte hartu du. Bertan beste zortzi euskal Udalekin batera, kalitate eta eraginkortasun demokratikoaren maila neurtu du. Zigilua lortzeko neurketa hau, Gobernantza Onaren hamabi printzipioetan oinarrituta (gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna…) eta ebaluaziorako 97 adierazleren bitartez egin da.

Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren alorreko Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) Euskadiko beste bost Udalek lortu bazuten ere Beasaingo Udalak bere konpromisoa berritu du etengabeko hobekuntzarako eta praktika onak elkartrukatzeko. Horretarako oraingo esperientzia honek balio izan dio egungo egoeraren argazkia izateko eta hobetzeko indarrak non jarri jakiteko.

Proiektu honetan parte hartu duten bederatzi Udalek (Irun, Urnieta, Basauri, Ermua, Leioa zigilua lortu dutenak-, eta Elgoibar, Galdakao, Mungia eta Beasain) euren borondatez azken urtean 97 adierazleetan eta hiru galdeketetan oinarritutako auto-ebaluazio prozesu zorrotz  bat egiteko konpromiso politikoa hartu zuten. Galdeketak zinegotziei, herritarrei eta elkarteei egin zitzaien.

Lehenengo aldiz eman dute ELoGE Zigilua Euskadin, eta, sortu duen interesa ikusita, hemendik aurrera, aldizkako deialdiak egitea espero da. Horretarako, EUDELek lurralde plataforma bat sortu du Zigilua emateko eskumenarekin, eta, aurten, 2018an, udalen bigarren talde bat eratzea da asmoa, lanean has daitezen hurrengo deialdietan, urtero ahal baldin bada, banatuko den bereizgarria lortzeko