Beasain “30 hiria” bihurtu da eta gehienezko abiadura muga 30 Kilometro orduko ezarri da behin betiko

Patineteen abiadura mugari buruzko zaintza informatiboa ere burutuko du Udaltzaingoak  

Lege berriaren arabera, maiatzaren 11an sartu da indarrean ibilgailuen abiadurari dagokion murrizketa. Bide segurtasunari dagokion azken neurri honekin, pertsonak eta ibilgailuek partekatu behar dituzten espazioetan pertsonak lehenestea du helburu eta motordun ibilgailuen orain arte zuten protagonismoaren aurrean oinezkoei, bizikletei eta oro har mugikortasun pertsonalerako ibilgailuei garrantzi gehiago izango dute.   

30eko abiadura muga

Beasainen arau berrira moldatzeko lan gehienak eginak daude eta trafiko seinaleak herri sarreratan abiadura muga zein den ohartarazteko jarrita daude. Honela bada Zirkulaziorako Araudi Nagusiaren 50. artikuluak izan duen aldaketaren baitan, norabide bakarreko hiri-bideetako abiadura 50 kilometro orduko mugatik 30 kilometro orduko mugara jaitsi da.  Era berean, galtzadako eta espaloiko plataforma bakarreko bideetan gehienezko abiadura 20 kilometro orduko izango da. 

Pertsonen eta herritarren bizitzan eragin positiboa izango dute aldaketa hauek. Hauen helburua ez da soilik segurtasuna handitu eta hiri-bideetako ezbehar tasa murriztea, baizik eta oinezkoei eta garraiobide jasangarriei lehentasuna ematen dien hiri-eredu baterantz aurrerapausoak ematea. Horrezaz gain, kutsaduran ere eragin zuzena izango du aldaketa honek airearen kalitatea hobetuz. 

Udal gobernuaren helburua

Udal gobernuaren hautua, udalerri eroso, atsegin, iraunkorrago eta irisgarriagoa eraikitzearen alde egitea da eta langintza horren barne aurkitzen da nola ez lege berri honek ezarritakoa gauzatzea. Udal agintariak aspaldidanik dabiltza helburu horiek errealitate bihurtzen. Hain zuzen ere Beasain zeharkatzen duen ardatz nagusia oinezkoentzako lehentasunezko ibilbide bihurtu da; Jose Migel Iturriotz, Kale Nagusia, Nafarroa etorbidea eta azkena Erauskin plaza izan dira baldintza berri hortara egokitu direnak. Beasaingo Mugikortasun Planak jasotzen dituen helburuak betetzeko beste pauso bat suposatu du lege honen inplementazioa udalerrian.  

Patineteen abiadura muga

Urtarrilaren 2tik indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera, Udaltzaingoak motor elektrikoz bultzatutako gurpil bat edo gehiago eta plaza bakarra duten patineteetako gidariak araudiaz informatzeko kanpaina burutuko du. Izan ere ibilgailu hauek Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailutzat (MPI) hartzen dira ondorio guztietarako eta beraz, zirkulazio-arauak beteko dituzte, autoek eta motorrek bezala (alkohola, drogak, telefono-gailuak, aurikularrak, eta abar).

Aipatutako motor elektrikoz bultzatutako patineteak eta MPIak, ibilgailuak dira ondorio guztietarako, beraz ibilgailu guztien eskubide eta betebeharrak dituzte. Patineteek 6 eta 25 km/orduko abiadura bitartean zirkulatu behar dute, eta inoiz ezingo dute espaloietatik zirkulatu ezta oinezko guneetatik. Debekatuta izango dute, halaber, hiriarteko bideetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan edo hiri-tuneletan zirkulatzea. Bizikletek ezin dutela espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik zirkulatu ere jakinaraziko da