Euskaraz, hurbileko gaiei buruzko ezagutzaren aitzakian, euskal hiztunak eta euskara hobetu nahi dutenen artean solasaldiak eragitea da helburua

Beasaingo Udalak eta Aittu Euskara Elkarteak elkarlanean mintza tertulia saioak antolatu dituzte. Euskaraz aritzeko, honen erabilera sustatu eta normalizatzeko helburuari jarraiki, Udalak eta Aittu euskara elkarteak, euskaraz aritu eta trebatu nahi dutenak euskal hiztunekin harremandu nahi ditu gertuko gaiei buruzko hitzaldien bidezko solasaldiak aitzakia hartuta.

Saio hauen helburua  hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko gune bat sortzea da. Gune horretan euskal hiztunak  euskara praktikatu nahi dutenekin  elkartuko dira. Euskal hiztunek hizkuntzaren normalizazioari bere aletxoa eskainiko diote hurbileko gai baten inguruan hitz eginez euskara praktikatzeko, hobetzeko edota erabiltzeko ohitura hartzeko gunea sortuz tertulietan.

Lehen saioa Beasaingo urari buruz

Tertulia hauek hilabetean behin  egingo dira (hilaren azkeneko asteazkenean). Lehenengo saioa maiatzaren 26an egingo da Igartzako jauregian 19:00etatik 20:00etara. Lehenengo saioaren gaia ura Beasainen izango da. Gai horretaz hitz egiteko Josetxo Zufiaurreren laguntza izango dute. Josetxok berak idatzita utzi zuen “Beasaingo Paperak” bildumaren 17garren alean gai honi buruzko ezagutza. 

Tertulietan jarraituko den dinamika hauxe izango da: solaskide bat gai jakin bati buruz arituko da eta saioari hizpidea jarriko dio. Beste solaskideek proposatutako gaiaren inguruko  galderak, bizipenak eta iritziak partekatuko dituzte.

KARTELA URA